Galdera luzatu die Udalak herritarrei: 'Zer egingo zenuke Zumaian 500.000 eurorekin?'

2022/03/01

Zumaiako Udalak 2023ko eta 2024ko udal aurrekontua herritarren artean eztabaidatu eta erabakitzeko partaidetza prozesua abiatu du. Martxoaren 1etik 31ra bitartean jasoko dituzte zumaiarren proiektu proposamenak, postontzietan, online eta aurrez aurreko saioetan.

Partaidetzazko aurrekontuen prozesua aurkezteko elkartu dira gaur goizean Alondegian Iñaki Ostolaza alkatea, Maider Alberdi berdintasun eta partaidetza zinegotzia, Ainhoa Illarramendi opozioko ordezkari eta batzordekidea, Karmele Gomez udaleko berdintasun eta partaidetza teknikaria eta Nerea Aramendia Aztiker Soziologia Ikerguneko teknikaria.

Udal aurrekontuek udalak urte bakoitzean zenbat diru duen eta zertarako erabiliko duen jasotzen dute. Zati handi bat jada martxan dauden zerbitzu eta ekimenetara bideratzen da: kultur etxea, kiroldegia, kale mantenimendua, langileen soldatak,dirulaguntzak, etab. Baina beste zati bat urtero erabakitzen diren proiektu eta beharretarako gordetzen da. Kopuru horren zati bat da datozen bi urtetan zumaiarren esku jarri nahi dutena. 500.000 euro, hain zuzen ere. Kopuru hori bi urtetan banatuko dute, eta proiektu bakoitzak ezingo du 125.000 euroko kopurua gainditu.

Horrela, prozesuari ekiteko galdera luzatu die Udalak zumaiar guztiei: “Zer egingo zenuke Zumaian 500.000 eurorekin?”. Iñaki Ostolaza alkateak azaldu duenez, 2022an zehar, galderari “guztion artean” erantzuteko bidea zabaltzeko prozesua diseinatu du Udalak, partaidetzazko aurrekontuen bidez. 

Proposamenak egiteko epea zabalik, martxoaren 31ra arte

Horrenbestez, martxoaren 1etik 31ra bitartean herritarren ideiak jaso nahi ditu Zumaiako Udalak. Lau aukera daude horretarako:

  • Orria bete eta postontzietako batean uztea. Udaletxean, kiroldegian, Alondegian, Gizarte Zerbitzuetan eta Oikiako eskolan jarri dituzte positontziak.

  • Kalean egongo diren standetara hurbiltzea. Martxoaren 11n eta 25ean Saregile plazan egongo da horretarako aukera, 11:00etatik 13:00era eta 18:00etatik 20:00etara.

  • Saio irekietan parte hartzea. Martxoaren 15ean, 24an eta 29an saio irekiak egingo dituzte Alondegiko Oxford aretoan, arratsaldeko 18:00etan.

  • Proposamenak online egitea, partaidetza.zumaia.eus webgunean.

Karmele Gomez teknikariak azaldu duenez, proiektu bakoitzak ezingo du 125.000 euroko kopurua gainditu. Edonola ere, proposamen eta ideia guztiak jaso nahi dituztela nabarmendu dute. "Hurrengo fasean finduko ditugu ideia horiek", esan du.

Maider Alberdi zinegotziak azaldu du haurrak eta gazteak ere entzungo dituztela, eta, horretarako, Gaztegunearekin eta Haurren Kontseiluarekin lanketa egingo dute. Gainera, proposamenak banaka zein taldeka aurkez daitezkela nabarmendu du.

Proposamenak jaso eta gero, zer?

Lehenengo fasean, martxoan, herritarren proposamen eta ideiak jasoko dituzte, aurrez azaldutako moduan. Apirilean ekingo diote bigarren faseari. Herritarrak, ordezkari politikoak eta udal teknikariak elkarrekin arituko dira lanean, pertsona zehatz baten proposamena izatetik Zumaia hobetzeko proiektu izatera igo daitezen. Bilera irekiak egingo dituzte, eta, "guztien artean, hainbat irizpide kontutan hartuta, jasotako proposamenak lehenetsiko dira", azaldu du Alberdik. Lan saio horiek bukatzean, jasotako proposamenak aztertu eta balorazioak egingo dituzte udal langileek.

Irailean helduko diote berriro ere prozesuari. Orduan, lehetsitako proiektu horien arteko aukeraketa egiteko momentua izango da. Zumaian erroldatutako 16 urtetik gorako herritar guztiek proiektuak bozkatzeko aukera izango dute.

Azkenik, proiektu bozkatuenak 2023 eta 2024ko aurrekontuetan txertatuko ditu Zumaiako Udalak, 250.00 euro urte bakoitzean.

Herritarrekin batera

Prozesu osoan zehar Aztiker Soziologia Elkarguneko teknikariak ere izango ditu lagun Zumaiako Udalak. Gainera, berme batzorde bat sortu dute. Nerea Aramendia Aztikerreko teknikariaren arabera, berme batzordea izango da prozesuaren etengabeko balorazioa eta erabakiak hartuko dituen gunea. Ausaz hautatutako zazpi herritarrek, udalean ordezkaritza politikoa duten hiru alderdi politikoetako ordezkari banak eta teknikari batek osatzen dute batzordea, eta honakoa izango da prozesuaren erabakigune nagusia.

Maider Alberdiren esanetan, prozesu honen erronka handi bat ahalik eta zumaiar gehienengana eta anitzengana heltzea da. "Ahalik eta auzo, elkarte eta herritar gehienengana eta anitzengana heldu nahi dugu. Horregatik, ahalegin berezi bat egin nahi izan dugu proiektuaren zabalpenari begira. Eskuorriak banatuko ditugu etxe guztietara, postontziak jarriko ditugu udal eraikin desberdinetan, eta herritarrekin aurrez aurre egoteko espazioak sortuko ditugu", azaldu du. Bestalde, balioan jarri du udal talde politiko guztien artean egondako adostasuna.

Iñaki Ostolaza alkateak esan du Zumaiako herritarrak direla herriko kaleak, zerbitzuak, baliabideak etab. erabiltzen dituztenak, eta horiek direla Zumaiaren eta zumaiarren beharrak gertutik ezagutzen dituztenak. "Prozesu honekin, Udalaren helburua da, Zumaiako herritarren zein eragileen proposamenak jasotzea, ondoren, herritarren edo eragileen ikuspegi zehatzetik abiatuta, zumaiar guztien bizitzak hobetzeko balioko duten proiektuak gauzatzeko", adierazi du.