Haurrei zuzendutako ekitaldi ugari izango dira abenduan
Gabonetako apaingarriak egiteko tailerra egingo dute Ludotekan abenduaren 18an, eta, Txuri Urdinera irteerak urte amaieran. Haurrei zuzendutako bi ipuin kontaketa ere izango dira haurren liburutegian
Neguko oporren atarian, haurrei zuzendutako hainbat ekintzaren berri eman du Zumaiako Udalak. Ludotekak hiru jarduera antolatu ditu Gabonen bueltan: familia giroan gabonetako apaingarriak egiteko tailerra, eta Txuri Urdinera bi irteera. Gainera, haurren liburutegian ipuin kontaketak izango dira hilaren 20an eta 29an.
Ludotekan, familia giroan
Abenduaren 18an (igandean), 17:00etatik 19:00etara, gabonetako apaingarriak egiteko tailerra izango da. "Familia giroan" dinamikaren baitan antolatutako ikasturteko lehenengo saioa izango da, eta LH1-6 bitarteko haurrei eta horien familiei zuzendutako jarduera da (gurasoek zein anai-arreba txikiek parte hartu ahal izango dute saioan).
Saioan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena, abenduaren 15a baino lehen (plaza baino izen-emate gehiago badaude, zozketa egingo da).
Txuri Urdinera irteerak
Ohi bezala, aurten ere Zumaiako haurrek Txuri Urdin izotz-parkera joateko aukera izango dute. Bi irteera egingo dituzte:
- Abenduak 26 (astelehena) | 09:30-17:30 | LH1-3 bitarteko haurren irteera
- Abenduak 28 (asteazkena) | 09:30-17:30 | LH4-6 bitarteko haurren irteera
Bi kasuetan beharrezkoa izango da Ludotekan izena ematea, abenduaren 16a (ostirala) baino lehen, eta partaide bakoitzak 9 euro ordaindu beharko ditu. Plaza kopurua mugatua izanik, Ludotekako haurrek lehentasuna izango dute.
Ipuin kontaketak
Azkenik, haurren liburutegian bi ipuin kontaketa izango dira abenduan zehar:
- Abenduak 20 (asteartea), 17:30ean. Ipuinak jo eta musikak kantatu ipuin kontaketa musikatua, Badut taldearen eskutik. Ipuin kontaketa 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
- Abenduak 29 (osteguna), 17:30ean. Argi ibili ipuin kontaketa, Ixabel Agirresaroberen eskutik. Ipuin kontaketa 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
Albiste erlazionatuak
Haurrak
Herri hezitzailea
Zumaia bizitzeko da
- Banatu dituzte Julene Azpeitia ipuin lehiaketako 36. edizioko sariak 2023/12/01
- GAITU proiektua bultzatzeko deia egin du Zumaiako Udalak ere 2023/11/28
- Euskararen Egunaren harira, ekitaldiak izango dira Zumaian datorren astean 2023/11/24
- Hamaika indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2023an 2023/11/24