Irailaren 7an zabalduko da neguko kirol ikastaroetan izena emateko epea

2020/08/20
Neguko kirol ikastaroetan izena emateko epea irailaren 7an zabalduko da. Urtarrila eta martxoa bitarteko ikastaroetan parte hartu zutenek aurre izen ematea egiteko aukera dute jada, irailaren 3ra bitartean.

COVID-19ak sortutako osasun krisiak kirol ikastaroetan ere aldaketak sortu ditu. Kirol Patronatuko arduradunek azaldu dutenez urte zaila izan da aurtengoa, baina eskaintza zabala antolatzea lortu dute.

Helduen ikastaroen artean jada ohikoak diren Zumba, cycling, pilates edo GAP jarduerak daude, baita total training eta lehengo urtean arrakasta handia izan zuen TRXa ere. Gazteei zuzendutako jarduerei dagokienez, zumba eta cycling-az gain, 13 eta 16 urteko herritarren parte hartzea sustatzeko multifitness gaztea eskainiko da. 6 urtetik 12 urtera bitarteko haurrek zumba ikastaroan parte hartu ahal izango dute.

Igeriketa ikastaroak ere eskaini dituzte, baina igerilekuan aforoa modu zorrotzean neurtu beharko denez, egoeraren arabera antolatuko dituzte taldeak. Aurreratu dutenez, antolaketan zozketa sistema erabiltzeko aukera aurreikusi dute.

Ikusi eskaintza osoa hemen

Ikastaro horiek guztietan prebentzio eta higiene neurriak bete beharko dituzte ikasle zein irakasleek. Gainera, ikastaroetan ohikoa baino aforo murritzagoa izango da eta posible da plazak azkar betetzea. Ondobidean, irailaren 28tik abenduaren 18ra bitartean egingo dituzte ikastaroak. Dena den, osasun egoeragatik 20 saio baino gutxiago eginez gero, zati proportzionala itzuliko dutela argitu dute.

Kirol Patronatuko arduradunek azaldu dutenez egoera berrira egokitzeko eta jarduera segurtasunez egiteko “guztion laguntza” beharrezkoa izango da. Edozein kasutan, zumaiarrak ikastaroetan parte hartzera animatu dituzte.

Aurre izen ematea irekita

Martxoan jarduerak bapatean eten zirenez momentu horretan jarduerak egiten ari zirenei beraien jardueran aurrez izena emateko aukera izango dute. Dagoeneko zabalik dago aurre izen ematea, irailaren 3ra arte.

Gainontzeko erabiltzaileek irailak 7tik aurrera izango dute izena emateko aukera.

Kiroldegian, aurrez hitzordua hartuta

Osasun egoerak bere horretan jarraitzen duenez, Kiroldegiko zerbitzuak erabiltzeko aurrez hitzordua hartzea ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere. Horretarako, bazkideek eta kiroldegia erabiltzeko bonuak gehienez hiru eguneko aurrerapenarekin hartu dezakete zita, 943 86 20 21 telefono zenbakira kiroldegira ohiko deituta (6:30-21:00). Bazkideak ez direnek egunean bertan deitu ahal izango dute.