Literatur dosia, negu-giroa epeltzeko
Datorren astelehenean (abenduak 19) Sauna on! liburua aurkeztuko du Joseba Ossak, eta abenduaren 21an Anari Alberdi Santestebanen Gari eta goroldiozko nobelaren inguruko solasaldia izango da. Haurrentzako bi ipuin kontaketa ere izango dira abenduan.
Durangoko Azoka pasa berritan, eta Gabonetako oporren atarian, Zumaiako Udalak irakurtzearen onurak nabarmendu eta zumaiarren artean irakurzaletasuna bultzatzeko ekitaldiak antolatu ditu abendurako. Lau ekitaldi izango dira zehazki: bi liburu aurkezpen, eta haurrei zuzendutako bi ipuin kontaketa. Ekitaldi horiek aurkezteaz gain, Irakurri matte irakurle taldean parte hartzera gonbidatu dituzte zumaiarrak.
Abenduaren 19an (astelehena) Sauna on! liburua aurkeztuko du Joseba Ossak, 19:00etan Oxford aretoan. Urte asko igaro dira Joseba Ossak sauna finlandiarraren kultura ezagutu zuenetik. Artaza Urederra kanpinean jarri zuten sauna publikoak hamar urte bete dituela baliatuz, Sauna on! liburua argitaratu du.
Abenduaren 20an (asteartea) Ipuinak jo eta musikak kantatu ipuin kontaketa musikatua eskainiko du Badut taldeak. Ekitaldia 17:30ean izango da, haurren liburutegian, eta 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
Abenduaren 21ean (asteazkena) Anari Alberdi Santestebanen Gari eta goroldiozko nobelaren inguruko solasaldia izango da. Ekitaldia 18:30ean izango da, liburutegiko ganbaran, eta Alex Gurrutxagak gidatuko du elkarrizketa.
Abenduaren 29an (osteguna) izango da azken ekitaldia: Argi ibili ipuin kontaketa, Ixabel Agirresaroberen eskutik. Ipuin kontaketa 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta 17:30ean izango da, haurren liburutegian.
Ekitaldiak aurkezteaz gain, Udalak liburutegia erabiltzera gonbidatu nahi ditu zumaiarrak. Halaber, gogorarazi dute nobedade eta gomendioen zerrendak argitaratzen dituztela sare sozialetan. Zumaiako udal liburutegia astelehenetik ostiralera 09:30etik 20:00etara, eta larunbatetan 09:30etik 13:00era bitartean egoten da zabalik.
“Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira” leloari eutsi dio Zumaiako Udalak —Liburuaren Nazioarteko Egunean erabili zuen lehen aldiz—. Women who read are dangerous (ed. Stefan Bollmann) liburuaren azalari egiten dio erreferentzia, eta margolana Vittorio Matteo Corcosek 1896an egindakoa da. Irakurtzen duten herritarrak pentsatzen duten herritarrak izanik, irakurzaletasuna sustatzearen garrantzia nabarmendu nahi du Udalak.
Irakurri matte irakurle taldea
Hilabetero liburu baten bueltan aritzeko elkartzen dira Zumaiako irakurzaleak, Uxue Alberdik gidatuta. Hurrengo saioa urtarrilaren 10ean izango da: Sylvia Plath-en Beirazko kanpaia (Txalaparta, 2022, itzultzailea: Garazi Arrula Ruiz) landuko dute. Beste bi saio ere iragarri dituzte: otsailaren 14an Nerea Ibarzabalen Bar Gloria (Susa, 2022) liburuaz ariko dira, idazlearekin batera; martxoaren 7an, berriz, Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea (Pamiela, 2022) izango dute hizpide.
Albiste erlazionatuak
Literatura
- Jon Benitoren 'Lagun minak' liburuarekin hasiko du udaberriko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/04/02
- 'Zirriborroak eta gero' ipuin bildumarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/01/08
- Gaël Fayeren 'Ene herri txikia' eleberriarekin hasiko du ikasturtea Irakurri Matte irakurle taldeak 2023/09/07
- Abian da Julene Azpeitia literatur lehiaketa 2023/07/11
Kultura
- [BIDEOA] 20 sortzailetik gora aritu dira Migel Gutierrezen 'basoa.wav' proiektuan 2024/11/11
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16
- Udazkena bero dator Aita Mari antzokira 2024/09/20
Haurrak
- Udalekuetan parte hartuko duten haurren gurasoekin bilerak egingo dituzte ekainaren 20an 2024/06/11
- Zabalik dago Musi-K udalekuetan izena emateko epea 2024/06/07
- Datorren ikasturteko haurren igeriketa ikastaroetan izena emateko epea zabalik, uztailaren 12ra arte 2024/06/03
- Bizikleta eguna izango dugu Zumaian larunbat honetan 2024/05/29