Ludoteka eta Gaztegunea prest daude ikasturte berriari ekiteko

2024/09/04

Gaztegunea irailaren 14an zabalduko dute, eta, Ludoteka irailaren 30ean. Ohiko martxan hasi aurretik, ordea, zerbitzuok hobeto ezagutzeko aukera izango da.

2024/25 ikasturtea hastear dela, Zumaiako Ludoteka eta Gaztegunea haurrei zein nerabeei jolas librea eta aisialdi hezitzailea eskaintzeko prest daude. Gaztegunea irailaren erdialdean zabalduko dute, eta, hilaren amaieran Ludoteka. Lehenago, ordea, zerbitzuok gertutik ezagutzeko aukera izango dute haur, nerabe zein familiartekoek.

Gaztegunea:

Gaztegunea irailaren 14an hasiko da betiko martxan, baina, lehenago, zerbitzua, espazioa eta hezitzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.

  • Irailak 10 (asteartea): guraso eta tutoreek Gaztegunea bisitatzeko aukera izango dute, 17:00etatik 20:00etara bitartean.
  • Irailak 11, 12 eta 13: DBH1eko ikasleentzako ate irekiak egingo dituzte.

Gaztegunean izena eman nahi duten nerabeek bi aukera izango dituzte: izen-emate orria e-mail bidez eskatu eta bidaltzea (gaztegunezumaia@gmail.com), edota Gaztegunean bertan jasotzea eta betetzea.

Gaztegunea 12 eta 17 urte bitarteko herritarrei zuzendutako zerbitzu hezitzailea da, eta, asteartetik igandera arratsaldez egoten da martxan. Nerabeentzako erreferentziazko tokia izatea du xede, eta askotariko jarduerak egiten dituzte. Gainera, lauhilero gai orokor bat lantzen dute, ezagutzak helarazteaz gain, euren iritzi kritikoa aktibatzeko: sexu heziketa, hezkidetza, kontsumoak, harremanak, emozioak…

Ludoteka:

Ludotekak beranduxeago zabalduko ditu ateak: irailaren 30ean. Izen-ematea zabaldu aurretuik, ordea, irailaren amaieran guraso eta tutoreei zuzendutako bilera egingo dute, Ludotekaren funtzionamendua eta izen-emate prozesua azaltzeko.

Ludoteka 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua da. Hezkuntza ez formalaren eremuan esparru hezitzailea eskaintzen zaie haurrei, jostailuen eta jolasaren bidez. Ekintza gidatuak eskaintzen dira, jostailu mailegua, ekintza bereziak haurrentzat eta familientzat... Zerbitzua astelehenetik ostiralera egongo da martxan, arratsaldeko 17:00etatik 19:30era.