Mojaxarren Komentua eraberritzeko 2.8 milioi euroko dirulaguntza jasoko du Zumaiako Udalak
Komentua Zumaiako kultur munduko elkarte eta norbanakoen topaleku izango da denbora gutxi barru. Azaroan zehar hasiko dira obrak. Xehetasun guztiak emateko, bizilagunekin elkartuko dira laster.
Urriko ohiko osoko bilkuran Iñaki Ostolaza alkateak jakinarazi duenez, Zumaiako Udalak 2.778.070 euro jasoko ditu Espainiako Hiri Agenda eta Arkitektura Zuzendaritzatik, PIREP programaren baitan (ikusi ebazpena). Komentua eraberritzeko obrak hasteko aste gutxiren faltan izan dute albistearen berri.
Espainiako Ministerioak hautatutako 405 jarduerek Leheneratze Planean ezarritako helburuak betetzen dituztela zehazten da ebazpenean, honakoak zehazki: klima aldaketaren aurkako lanketa, eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea. Aukeratutako proiektu guztiek, hobekuntza energetikoez gain, eraikin publikoak bizigarritasun-gaietan dituen gabezia handiak konpontzen edo hobetzen laguntzen dutela ere zehazten da, hala nola, konfort akustikoa, eraikinaren barruko airearen kalitatea, irisgarritasun-arazoak, barne-distribuzioa hobetzea, etab. Aukeratutako proiektu guztietatik (405) 151 izan dira erabilera kulturalera bideratutakoak, eta horiei emandako laguntzaren bataz bestekoa 735.709 eurokoa izan da.
Komentua eraberritzeko 5.085.094 euro erabiliko ditu Udalak. Dirulaguntza honekin, obraren erdia baino gehiago ordaindu ahal izango da. Alkatearen esanetan, Gobernura iritsi zirenetik "burubelarri" aritu dira proiektu honekin: "herriko elkarteekin proiektua diseinatzeko elkarlanean alde batetik, eta eraikinaren eraberritzearen inguruko prozedura guztietan bestetik". Haren esanetan, proiektua lehen ere bideragarria zen, eta ahalegin handiak egin dituzte horretarako, baina "dirulaguntza honen ekarpena oso garrantzitsua da, bestelako proiektuak ere indartzeko aukera emango duelako".
Komentua eraberritzeko obrak azaroan zehar hasiko direla aurreikusten dute. Obra zuzendaritzako azken kontuak ixten dabiltza, eta laster deituko dituzte bizilagun guztiak obraren nondik norako guztiak azaltzeko.
Iñaki Ostolazak eskerrak adierazi dizkie proiektua egiteko eta dirulaguntzak lortzeko lanean aritu diren teknikari guztiei, baita Marina Bidasoro kultur zinegotziari ere: "lana gogoz eta txukun egiten denean emaitzak etortzen dira handik edo hemendik, eta ezin dugu ukatu: oso pozik gaude albistearekin".
Komentuaren berezitasuna abagune
Komentua eraikin berezia izanik, eraberritzeko proiektuan berezitasun horiek mantentzeko ahalegin berezia egin du Udalak. Ondarea babestu beharra abagune moduan ikusi da, eta ez oztopo gisa. Hala, proiektua garatzeko, bi elementu garrantzitsu hartu dira kontuan: eragileekin osatutako programa eraikinean txertatzea, eta eragileen behar horiek proiektuan sartzean eraikinarekiko errespetua izatea.
Eraikinaren barruko gune berezienak eta adierazgarrenak bere horretan mantenduko dira: mojen gelak zeuden korridore zirkularra berdin-berdin utziko da, eta bere horretan utziko dira bai eskailerak eta jantokia, bai tornua eta bai bisitak bisean bis jasotzeko gunea, besteak beste. Horietan egin bhearreko moldaketan eta errefortzu lan guztiak ikusten ez iren aldeetatik egingo dira. Ginera, kapeta auditorium bihurtuko da, baina gaur egun dituen ezaugarri guztiak mantenduta.
Klausurako komentua izanik, herriarekiko harresi baten barruan egon den irla modukoa izan da Mojaxarren Komentua azken 400 urteetan. Proiektua osatzeko laneatn, lanketa berezia egin da herriaren eta komentuko lorategiaren arteko elkarrizketa sortzeko. Hala, gaur egun San Jose kalearen eta lorategiaren artean dagoen gune horretan, Kultur Topagunearen sarrera berria sortuko da. Sarrera eta kale berri bat izango da, kale guztiz publikoa, eta lorategia ere publiko bihurtzeaz gain, eraikinaren irakurketa erraztuko du.
Bestalde, Komentuak Alde Zaharrari bizitza handia emago diola uste du Udalak. Herriaren erdi-erdiak kokatutako espazio hori, orain arte itxia, herritar guztientzat zabal-zabalik egongo da kultur topagunea martxan jarritakoan, eta bizitza emango dio bai auzoari bai herriari.
Kultur munduaren topaleku
Komentua Kultur Topagunea musika, dantza eta antzerki munduko Zumaiako elkarte eta norbanakoek beteko dute. Zerrenda zabalik dago, baina gaur-gaurkoz elkarte hauek guztiak bilduko dira Komentuan: Musika Banda, San Pedro Abesbatza, Zumai txaranga, Sapere Aude Sinfonietta, Astindu Dantza Elkartea, Zumaiako Txistulari Banda, Zutrik Trikitilari Elkartea, Zumaiako Musika eta Dantza Eskola, eta antzerkiaren munduko kideak.
Eragile horiek elkarlanerako joera handia dute gaur egun, eta Komentuko espazio berriak harreman zuzenagoak izateko aukera emango diela uste dute hainbat idek. Proiektu honek bertan elkartuko diren elkarte eta norbanakoen beharrei erantzuteaz gain, sinergia berriak sortzeko aukera ematea espero du Udalak.
Albiste erlazionatuak
Kultura
Hirigintza
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12