Musikak hartuko du Zumaia uztailaren 30etik abuztuaren 11ra
Zumaiako 35. Musika Jaialdia datorren asteartean, uztailaren 30ean, abiatuko da. Urtero bezala, egitarau oparoa osatu dute.
Jaialdian parte hartuko duten musika taldeetako kideek, kultura zinegotzia eta kultura teknikariarekin batera aurkeztu zuten atzo Zumaiako 35. Musika Jaialdiko egitaraua. Musika klasikoa du ardatz jaialdiak, baina beste estilo eta espresio batzuk ere bere lekua izango dute.
Bi ekitaldi berezi
Egitarau zabala antolatu da aurtengoan ere, eta horretan herriko talde eta musikariek presentzia handia izango dute.
Abuztuaren 1ean, ostegunean, San Pedro Abesbatzak Doinu zahar, kantu berri ikuskizuna eskainiko du Aitzuri frontoian. Trio Zukan hirukotea eta Amets Arzallus bertsolariarekin batera hartuko dute oholtza. Bertsoa eta euskara oinarrian dituen ekitaldia izango da.
Abuztuaren 4ean, Sapere Aude Sinfoniettak hartuko du Zumaiena ikastetxeko areto nagusia. Aurtengoan ere, Fernando Velázquezen zuzendaritzapean Mendelssohnen 1. biolin kontzertua eta Mozarten 35. sinfonia 'Haffner' joko du orkestrak. Georgy Vasilenko biolin jotzailea izango dute lagun ekitaldian. 22.00etan izango da kontzertua.
San Pedro abesbatzaren kontzertua eta Sapere Aude Sinfoniettarena ikusteko sarrerak salgai daude turismo bulegoan, 10 euroan. Egunean bertan 12 euroan izango dira salgai. Herriko musikariek nabarmendu dute aurten haurren sarreretan azpimarra egin nahi dutela, halako ekitaldietan haur eta gaztetxoen presentzia handitu asmoz (sarrerek 4 euro balio dute haurren eta Gazte Txartela duten gazteen kasuan).
Egitarau anitz eta zabala
Zumaiako musikariek egingo dituzten ikuskizunez gain, aurtengoan ere eskaintza zabala izango du Musika Jaialdiak. Madama Butterfly opera proiekzioa, Ganuxi laukotearen klarinete kontzertua, zinea eta musika nahasten duen ekitaldia Javier Perez de Azpeitia piano jotzailearekin, Enssemble 442ren kontzertua Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan, Alboka folk taldearen kontzertua, dantza ikuskizunak, haurrentzako tailerrak eta ipuin kontaketa edota musika inprobisatua ardatz duen Trizak proiektuaren ikuskizuna.
Musika eta kulturaren balioa
Jaialdiaren historian denetarik izan dela nabarmen du Marina Bidasoro kultura zinegotziak prentsaurrekoan eta aurtengo programarekin “pozik” agertu da. “Musikarekin Zumaiako areto eta txokoak beteko ditugu, eta zumaiarrak parte hartzera gonbidatu nahi ditugu”. Era berean, “kultura eta sorkuntza balioetsi eta aitortu, eta honakoaz gozatzeko bide berriak sortzeko gogoa eta konpromisoa” agertu du.
Antolatzaile eta aholkulariei eskerrak
Zumaiako Udalak eskerrak eman dizkio Musika Jaialdia antolatzeko lanean aritu diren talde eta norbanako guztiei. Agerraldian egondako musikariek, musikari moduan ez ezik, aholkulari eta gidari lanak bete dituztela nabarmendu dute Udaletik, eta horrek duen balioa azpimarratu.

Informazio gehigarria:
Ekitaldi bakoitzaren inguruko zehaztapenak
Albiste erlazionatuak
Euskara
- Herriko emakume aitzindariei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2025/12/16
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Banatu dituzte Julene Azpeitia 38. ipuin lehiaketako sariak 2025/11/25
- Hemen da berriro Euskararen Astea 2025/11/21
Festak
- Festetan kaleko salmentan jarduteko baimenak eskatzeko epea zabalik, otsailaren 13ra arte 2026/01/26
- Suziri eta petardoekin kontuz eta arduraz ibiltzea eskatzen die Udalak herritarrei 2025/12/05
- Olarro Eguneko argazki rallya antolatu dute beste urte batez Zumaiako Udalak eta Distira elkarteak 2025/08/13
- Olarro Egunean lan egiteko herriko elkarteei deialdia 2025/08/05
Kultura
- Komentua Kultur Topagunean aritzeko dinamizatzailea kontratatuko du Udalak 2026/02/16
- Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia egingo dute otsailaren 7an 2026/01/30
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian 2025/12/01



