'Ostantza' lana aurkeztuko du Fito Rodriguezek asteazken honetan, herriko aktoreekin batera
Olatz Beobideren zuzendaritzapean, Inazio Tolosa, Lizar Tolosa eta Esti Curiel zumaiarrek Fito Rodriguezek sortutako 'Ostantza' eleberri laburra dramatizatuko dute. Ekitaldia martxoaren 23an izango da, 19:00etan Oxford aretoan.
Ilunabarreko eguzkiaren argia da ostantza, eta giro horretan kokatuta, Zumaiako errefuxiatu politiko baten itzuleraren istorioa kontatu du Fito Rodriguezek. Euskal Herritik kanpo urteak pasa ondoren eta dagoeneko aitonduta bere herrira itzuli da protagonista, eta ez du bere garaian utzitako tokia aurkitu. Halere, berau eta haren bilobaren artean inolaz uste ez zuen harremana sortu eta garatu da. Erlazio hori dela medio protagonista azaltzen joango da hasierako erbesterako bidearen arrazoiak eta, haien bidez, bilobak aurkituko ditu haren familia eta ingurua ulertzeko gakoak. Zer izan da Beltza? Iheslaria? Erbesteratua?, Immigrantea? Edo hori dena bateratuz soilik uler dezakegu gure gertuko memoriaren parte diren pasadizo hauek guztiak?
Lana aurkezteko ekitaldi berezia prestatu dute. Rodriguezek Inazio Tolosa, Lizar Tolosa eta Esti Curiel Zumaiako aktoreak izango ditu lagun. Olatz Beobide aktore eta zuzendaria aritu da zuzendari lanetan. Ekitaldia martxoaren 23an (asteazkena) aurkeztuko dute, 19:00etan Oxford aretoan. Eleberri laburra “Hamazazpigarrenez, aidanez” bildumaren baitan argitaratu du Udalbiltzak, eta ekitaldiaren amaieran bilduma erosteko aukera izango dute ikus-entzuleek.
Geuretik Sortuak proiektuarekin, euskaraz sortzen eta hedatzen den artea bultzatu nahi du Udalbiltzak; zehazki, euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea da proiektuaren helburua, eta, horretarako, sormen lanak egiteko egonaldiak antolatu ditu sortzaileentzat Euskal Herri osoko hainbat herritan.
Denera, 26 sortzaile eta kolektibo hautatu dituzte: hamasei idazle, bost zinemagile eta bost antzerki konpainia. Horiek guztiak Euskal Herriko 26 udalerri desberdinetan egingo dituzte egonaldiak. Euskal kulturgintzako izen ezagunak zein izen berriak bildu ditu ekimenak. Sortzaile bakoitzak hiru astera bitarteko egonaldia egingo du bere bizilekua ez den herri batean, eta hamasei ipuin, bost antzezlan eta bost film labur sortu dituzte. Horiek guztiak Zumaiako oholtzetan ikusi ahal izango dituzte herritarrek.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Gune Morea egongo da santelmo hauetan ere, eraso matxistarik gabeko festak sustatzeko 2025/04/16
- Zabaldu dute hogarreko taberna, izen berriarekin 2025/04/16
- Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaia jarraitzeko aukera Zumaiako GUKAn 2025/04/15
- Zabalik dago kultur arloko dirulaguntzak eskatzeko epea, apirilak 26 arte 2025/04/15
Kultura
- Zabalik dago kultur arloko dirulaguntzak eskatzeko epea, apirilak 26 arte 2025/04/15
- Dena prest santelmoetarako! 2025/04/09
- Zabalik dago ekaineko artisau azokan parte hartzeko eskaera egiteko epea 2025/04/08
- Joseba Zulaikaren eta Jule Goikoetxearen bisitak izango dituzte 'Irakurri matte' irakurle taldean udaberri honetan 2025/03/17
Agenda
- Udaberria bero iritsi da Zumaiara, adin guztietako herritarrentzako ekitaldi askorekin 2024/04/30
- Zumaiako haurren hizkuntza ohiturak, adimen artifiziala eta kirol mundua izango dituzte hizketagai 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloan 2024/02/02
- Sexberdinak antzezlanaren bi emanaldi eskainiko dituzte ekainaren 10ean, Oxford aretoan 2022/06/02