Zumaiako haurren hizkuntza ohiturak, adimen artifiziala eta kirol mundua izango dituzte hizketagai 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloan
Euskara ardatz hartuta, hiru mahainguru eta zine emanaldi bat izango Zumaian otsailean eta martxoan, Larraina euskara elkarteak eta Zumaiako Udalak elkarlanean antolatuta. Lehenengo saioa otsailaren 7an izango da, 18:30ean Oxford aretoan; “Zumaiako haurrek euskaraz" ikerketaren emaitzak eta interpretazioak aurkeztuko dituzte.
2012tik urtero egin da Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa, eta aurten, laugarren urtez, Larraina euskara elkarteak antolatu du, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean. Aurten mahai-inguru bakoitzak gai bat aztertuko du, eta, azken saioan Bizkarsoro filma proiektatuko dute.
Hona hemen egitaraua:
- Otsailak 7, asteazkena, 18:30ean, Alondegian, mahai-ingurua: “Zumaiako haurrek euskaraz. Ikerketen emaitzak eta interpretazioak”. Partaideak: Jaime Altuna (EHUko irakaslea), Ibon Manterola (EHUko irakaslea eta Larrainako kidea) eta Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterrekoa eta Larrainako kidea). Zenbateraino egiten dute euskaraz Zumaiako haurrek? Adin-tarte guztietan berdin egiten dute? Zein dira gakoak euskaraz egiteko?... Ikerketa batzuk eginak ditugu dagoeneko, eta ondorio batzuk aterako ditugu.
- Otsailak 21, asteazkena, 18:30ean, Alondegian, mahai-ingurua: “Adimen artifiziala, euskararentzat erronka”. Partaideak: Xabier Arregi (EHU-Hitz zentroa, IXA taldea) eta Itziar Cortes (Elhuyar), eta gidari Olatz Arregi (EHU-Hitz zentroa, IXA taldea eta Larrainako kidea). Adimen artifiziala errealitatea dugu dagoeneko, eta euskara ezin da atzean geratu. Non eta nola gaude gaur egun? Zer aukera sortuko zaizkigu? Zer erronka dauzkagu etorkizunerako?
- Martxoak 6, asteazkena, 18:30ean, Alondegian, mahai-ingurua: ”Futbol-mundua eta euskara”. Partaideak: Jagoba Arrasate (Osasunako entrenatzailea), Arritxu Iribar (Euskadi Irratiko esataria) eta Maitane Urbieta (Euskadi Irratiko esataria). Nola bizi eta uztartu futbola eta euskara? Mahai-inguruko hiru partaideak euskaldunak eta eskarmentu handikoak dira; badaukate zer kontatua eta badaukagu zer ikasia.
- Martxoak 20, asteazkena, 18:30ean, Aita Mari zineman: Bizkarsoro Bertan izango da Josu Martinez, pelikularen zuzendaria, eta solasaldia ere izango dugu. Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke; bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira, eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira; 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma,, bost hamarkadatako kontakizuna dira.
Albiste erlazionatuak
Euskara
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaian Euskaraldia dinamizatzeko langile baten bila 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2024ko Euskararen Eguneko adierazpena: 'Erantzukizuna eta konpromisoa, olatu berria sortzeko' 2024/12/03
Agenda
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12