Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuko azken leheneste saioa ekainaren 8an izango da
Fase honetan, jasotako proposamenen artean aukeraketa egin beharko dute herritarrek: 156tik 60 pasako dira hurrengo fasera. Azken leheneste saioa asteazken honetan izango da, 18:00etan udaletxeko pleno aretoan.
Zumaiarrek martxoan zehar Partaidetzazko Aurrekontuak osatzeko proposamenak egin zituzten, 281 guztira. Errepikatuta zeudenak, eta arrazoi desberdinengatik baztertu direnak (udal eskumenekoak ez direlako, aurreikusitako aurrekontua gainditzen dutelako...) kenduta, 156 dira herritarren bigarren fase honetan aztertu beharko dituztenak. Dokumentu honetan kontsultatu daitezke horiek guztiak.
156 proposamen horietatik leheneste ariketa egin beharko dute herritarrek. 60 proposameneko zerrenda osatzea da helburua, eta, horretarako, hiru saio antolatu dituzte. Saio bakoitzean 20 proposamen lehenetsi, eta beste 30 inguru baztertu.
Azken saioan honako gaiei lotutako proiektuak aztertuko dituzte:
- Euskara
- Hezkuntza eta heziketa
- Hirugarren adina
- Irisgarritasuna: hilerria, igogailua, mugikortasuna
- Kultura: azpiegiturak, jaiak, liburutegia, ondarea
- Mugikortasuna: aparkalekua, bide segurtasuna, bidegorria, oinezko bideak
- Tokiko garapena: enplegua, irisgarritasuna, merkataritza, ondarea-turismoa
Zumaiako Udalak nabarmendu nahi du, fase hau bozketa fasea bezain garrantzitsua dela. Izan ere, orain baztertuko dira proposamenetako asko. Bestela esanda, saio hauetan aukeratutako proiektuak izango dira bozketa fasera pasako direnak.
Hurrengo pausoak
Lan saioak bukatzean, jasotako proposamen horiek aztertu eta baloratu egingo dituzte udal teknikariek. Ondoren, irailean zehar herritarrek udal aurrekontuan txertatuko diren proposamenak hautatuko dituzte bozketa bidez.
Azkenik, proiektu bozkatuenen ordenari jarraiki, Zumaiako Udalak 2023 eta 2024ko aurrekontuetan proiektuak txertatuko ditu 500.000 euroak agortu arte.
Albiste erlazionatuak
Parte hartzea
Zumaia bizitzeko da
- 'Zarata', LGBTI+ kolektiboarekiko dugun ikuspegia zabaltzeko 2022/06/24
- Euskara Saileko dirulaguntzen deialdia irailean egingo da 2022/06/24
- 'Motxila laranja' soinean, lagun artean abentura bizitzeko aukera izango dute 12 eta 18 urte bitarteko zumaiarrek 2022/06/21
- Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira sanpedroak Zumaian 2022/06/20