Piktogramak zebrabideetan, autismoa duten haurren autonomia sustatzeko

2020/10/27

Sustatzaileen arabera, halako ekimenekin “pertsona guztien irisgarritasunerako eskubidea bermatzen da, eta, bereziki, Autismoaren Espektroko Nahastea duten haurrena". Udal brigadak egin ditu margoketa lanak.

Zumaiako Udalak ere, Tevial eta Gautena elkarteekin elkarlanean, herriko zebrabideetan piktogramak margotu ditu, Espektro Autistaren Nahasmendua duten pertsonen autonomia sustatzeko. Ekimenaren berri emateko agerraldia egin dute Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, Maialen Arrastia Gautenako ordezkariak, eta Monica Mora, Antonella Ieva, Leire Baraibar, Mohamed Dahou eta Ikean Abatui autismoa duten haurren guraso taldeko kideek.

Autismoa duten haurren gurasoen taldeak luzatu zieten proposamena Zumaiako Udalari, eta proposamena aztertu eta gero egin ditu udal brigadak piktogramak margotzeko lanak. Antonella Ievaren arabera, piktogramekin beraien haurren autonomia sustatuko da: “semaforoetan euskarri bisual bat dute gure seme-alabek, baina semafororik ez duten zebrabideetan, askotan, galdu egiten dira”. Izan ere, autismoa duten zenbait haur “ikusmenagatik gidatzen dira, entzumenarekin baino gehiago”. Hori horrela izanik, autismoa duten haurrak seinale edo abisuak "piktogramen bidez errazago ulertzen dituzte", adierazi du Mohamed Dahouek.

Leire Baraibarren arabera, “gainontzeko haurrentzat ere positiboa da piktogramen ekarpena, komunikazio-modu erazagoa delako”. Finean, pertsona guztien irisgarritasuna bermatzeko pausua dela uste dute sustatzaileek, hizkuntza ezagutzen ez duten pertsonentzat, haur eta adinekoentzat edo adimen urritasuna dutenentzat ere komunikazio-metodo egokia izanik.

Iñaki Ostolaza alkatearen arabera, Zumaia "guztiok bizitzeko moduko herria" izateko ezinbestekoak dira halako ekimenak: “herri hezitzaileen printzipioek proposatzen digute haurren eta bazterrean dauden pertsonen begietatik begiratu eta eraiki behar dugula Zumaia, eta halako ekimenak bide horretarako pauso bat gehiago dira”.