San Jose kaleko edukiontzi guztiak Foruen plazan egongo dira bihartik aurrera

2022/11/10

Komentuko irauten duen bitartean aldaketak izango dira Alde Zaharrean eta San Jose kalean. Bizilagunen ekarpenak entzun ondotik, hondakinak biltzeko edukiontzi guztiak Foruen plazan kokatuko dira aurrerantzean; horrenbestez, bizilagunek ez dute txarteletan aldaketarik egin beharko. Komentuko obrak amaitzean ere bertan mantenduko da gune berria.

Komentua Zumaiako musika, dantza eta antzerki munduko elkarte eta norbanakoen topagune bihurtuko da denbora gutxian. Azaroan zehar hasiko dira eraberritze lanak, eta 20 hilabete iraungo du obrak. 5 milioi euro erabiliko ditu Udalak, eta horietatik gutxienez 3 milioi dirulaguntza bidez lortutakoak izango dira.

Obrak irauten duen bitartean aldaketak izango dira Alde Zaharrean eta San Jose kalean: makinak sartzeko errepide mozketak, kamioien joan-etorriak, hondakinen edukiontzien kokalekuetan aldaketak, eta bestelakoak. Guzti horren inguruan aritzeko, Udala bizilagunekin bildu zen joan den asteartean, informazioa eman eta zalantzak argitzeko. Udal ordezkariez gain, udal teknikariak eta proiektuan lanean ari diren arkitektoak izan ziren saioan.

Hondakinak biltzeko guneetan egin beharreko aldaketen aurrean herritarrek egindako ekarpenak kontutan hartuta, ostiral honetatik aurrera, Foruen plazan egongo dira orain artean Bonifazio Etxegarai kaleko aldaparen goikaldean zeuden edukiontziak ere, Eroskiren aurreko partean. Komentuko obrak amaitzean bertan mantenduko da gune berria.

Horrenbestez:

  • Orain arte Bonifazio Etxegarai kaleko aldaparen goikaldean (San Jose kalean) zeuden edukiontziak Foruen plazara eramango dira
  • Herritarrek ez dute txarteletan aldaketarik egin beharko
  • Norbaitek beste gune bateko edukiontziak erabili nahiko balitu, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura jo beharko du

Egun jakinetan, trafikoan aldaketak

Obra handia izanik, datozen 20 hilabeteotan kamioiak ibiliko dira Alde Zahar inguruan, eta horrek eragina izango du auzoan. Edonola ere, momentu puntualetan izan ezik, trafikoan ez da eragin handirik izango. Izan ere, garabi handia Komentuko espazioaren barruan kokatuko da. 

Momentu jakin batzuetan izango dira aldaketak: garabia mugitu behar denean, eta pieza handiak mugitu behar direnean, besteak beste. Halako momentuetan kamioiak Bonifazio Etxegarai kaletik igoko dira, eta, beraz, San Jose kaleko zati hori moztu beharko da.

Zumaiako Udalak garaiz iragarriko ditu trafikoan izango diren aldaketak.