Udala eta herriko ikastetxeak elkarlanean, kurtso berriari ekiteko

2020/09/04

2020/2021 ikasturtea datorren astelehenean hasiko da, eta ezohiko egoerari aurre egiteko, Zumaiako Udala eta herriko eskolak elkarlanean ari dira. Udalak hainbat guneren garbiketa zerbitzua indartuko du, eta herriko hainbat espazio eskolen erabilerarako gordeko ditu.

Gaur bertan Zumaiako Herri Eskolako eta Zumaienako zuzendaritzako ordezkariekin bildu dira udal ordezkari eta teknikariak, horien beharren araberako neurriak adosteko.

Alde batetik, Udalarenak diren ikastetxeetan garbitasuna indartuko da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloak ahalik eta ondoen betetzeko, eta bestetik, herriko hainbat espazio ikastetxeen erabilerarako gordetzea adostu dute. Gainera, Zumaiako Institutuko klaustro-bilerak Aita Mari zinean egingo dituzte.

Haurreskolako ordezkariekin ere bildu da Udala azken aste honetan, eta Arrangoletako plaza itxita egongo da eskola zabalik dagoen bitartean. Halaber, EUDELen eskaerari erantzunez, Udalak ikasgela moduan erabili daitezkeen eraikinen zerrenda prestatu eta bidali du.

Zumaiako Udalaren nahia da, egoera berezi honetan, eskolei ahalik eta erraztasunik handienak ematea beren jarduera garatzeko. Gainera, aurrerantzean ere harremanetan jarraitzeko borondatea agertu dute.

Herriko hainbat gunetan, eskolek lehentasuna

Ikastetxe bakoitzak inguruko espazioak erabiltzea adostu dute. Eskolentzat gordetako espazioetan lehentasuna izango dute eskoletako haurrek, eta herritarrei eskatzen zaie espazio horietan arduraz jokatzeko, ahal dela, eskolako orduetan ez erabiltzeko eta unean uneko jarraibideak errespetatzeko. Eskolak ohiko espazioetatik aterako diren honetan herria haurrentzat eremu seguru, atsegin eta gozagarri egitea herritar guztion ardura dela nabarmendu dute.

Honakoak dira eskolek erabiliko dituzten guneak:

  • Herri Eskolak Puntanoetako jolas-parkea, Aitzuri frontoiaren aurreko berdegunea eta Marianton parkea erabiliko ditu; azken bi gune horietan txakurrak ibiltzea debekatu egingo da haurrek lasai erabili ahal izan dezaten.

  • Haurreskolaren kasuan, Arrangoleta plaza herritarrentzako itxita egongo da haurreskola irekita dagoen orduetan.

  • Zumaienak ikastetxearen ondoan dagoen Bidabeazpiko jolas-parkea eta Foronda gaina erabiliko ditu.