Udalak herriko futbol eta eskubaloi eskolak zoriondu ditu, sinatu berri duten akordioagatik

2020/07/08

Alebin mailako haurrek bi kirolak egiteko erraztasunak ematea adostu dute Zumaiako futbol elkarteak eta Pulpo eskubaloi taldeak. Zumaiako Udalaren babesarekin sinatu dute akordioa, eta Arritxu Iribar zinegotziaren arabera “eredugarria da adostutakoa, elkarteen behar propioak alboratu eta haurrentzat onena lehenetsi dutelako”.

Zumaiako Udalaren izenean Zumaiako futbol elkartea eta Pulpo eskubaloi taldea zoriondu ditu Arritxu Iribar kirol zinegotziak, elkarlanerako sinatu berri duten akordioagatik. Adostasun honi esker, alebin mailako haurrek ez dute arazorik izango bi kirolak egin nahi badituzte. Izan ere, haurren onerako jardun hori koordinatuko dute bi elkarteek, "ito eta estutu gabe kirol ezberdinak ezagutzeko aukera eduki dezaten". Modu honetan, kiroletako baten aukeraketa luzatu nahi dute bi elkarteek.

Akordioa "ona eta eredugarria" dela adierazi du Iribarrek, "elkarteek beraien behar propioak alboratu eta haurrentzat onena lehenetsi dutelako".

Hemen irakurri daiteke bi elkarteek sinatutako akordioa.