XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten Zumaiako emakumeen izen bila ari dira, 'Itzalpeko emakumeak' erakusketa osatzeko
Erkibe kultur elkarteak 2020an sortu zuen “Itzalpeko Emakumeak” erakusketa Zumaian egongo da martxoan. Zumaiako Udalak erakusketa osatu nahi du, eta urriaren 28ra bitartean Zumaiako emakume aitzindarien izenak bilduko dituzte.
Itzalpeko emakumeak erakusketaren helburua da XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakume aitzindariak ezagutarazi eta omentzea. Bi urte hauetan hainbat herritan egon da ikusgai, eta martxoan Zumaiara itzuliko da. Antolatzaileek aukera aprobetxatu nahi dute erakusketa osatu eta Zumaiako emakume aitzindariei aitortza egiteko. Hori horrela, hasierako erakusketa Zumaiara moldatuko dute. Horretarako, Zumaiako emakume aitzindarien izenak eta historia jasotzeko lanetan murgilduta daude Zumaiako Udala eta Erkibe kultur elkartea.
XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakume aitzindariak jorratuko ditu erakusketak, beti ere euren esparruetan aitzindariak izan zirenak, hain zuzen ere. Banakakoak edo kolektiboak izan daitezke emakumeok, pertsona batek edo talde batek egindakoa azaleratuko baitute ekimenean. Orain arte banatuta aurkeztu edo ezagutarazi diren emakumeak batuta azalduko ditu erakusketak, baita ezezagunak ziren izen eta egikari asko ere.
Gerraren eta diktaduraren ondorioz, etxeko zulora sartu behar izan zuten emakume gehienek. Hala, jendartearen erdia zokoraturik geratu zen hamarkada luzez eta asko dira Historiak isilarazi zituen emakumeak. Horien guztien artean, badira euren esparruan aitzindariak izan zirenak, ‘abangoardia’ izan zirenak, euren ideia politiko eta sozialekin erabat konprometitu ziren emakumeak; hau da, botere egiturek inoiz menpekotzat hartu ezin izan zituzten emakumeak. Zumaian baditugu adibide batzuk, hala nola, Balendiñe Albizu, Elbira Zipitria, Julene Azpeitia edota Inaxi Etxabe.
Errepresio eta menpekotasun giro horretan, gogoz kontra eta egoera oso gogorrean zenbait emakumek lan handia egin zuten euren eguneroko bizimoduan, bai lehenago, bai urte horietan bertan: batzuk politikagintzan, beste batzuk kultur arloan, euskararen alde, gizarte zerbitzuetan... Emakume horiek guztiek izango dute lekua erakusketak.
Zumaiako emakume aitzindarien bila
Zumaian ezagunak zaizkigun izenez gain, ordea, badira eguneroko borroka txiki eta handiak aurrera eraman zituztenak ere. Horien izenak bildu nahi ditu Zumaiako Udalak erakusketa osatzeko. Esposizioan ezingo dira izen eta istorio guztiak bildu, baina lanketa hasiera moduan ikusten du Udalak; aurrerantzean ere ezkutuan egondako emakume zumaiar horien lana ikusarazi eta aitortzeko lanean jarraituko dute.
Makina bat kasu ditugu gure inguruan, etxe askotan eredugarriak izan baitziren emakumeak, diktaduraren menpekotasunari eta patriarkatuaren inposizioei erresistentziaz eta duintasunez aurre egin zietenak: bizilagunaren amona; lagunaren ama; klasekidearen ahizpa, etab. Izen edota istoria bat ezagutzen dutenak Udalarekin harremanetan jartzera gonbidatu dituzte: kultura@zumaia.eus e-mailera idatzii edo Alondegira (astelehenetik ostiralera 09:30etik 14:30era) Alondegira jo beharko da horretarako. Urriaren 28a izango da izenak emateko azken eguna.
Izenak emateko epea: 2022ko urriaren 28a.
Alondegian aurrez aurre (aurrez zita hartuta) edo kultura@zumaia.eus e-mailera idatzita
Albiste erlazionatuak
Memoria
- 'Kontakizunekin jolasean' tailerra egingo dute larunbat honetan Emakumeon* Etxean, Geuretik Sortuak ekimenaren barruan 2023/06/15
- 'Itzalpeko Emakumeak' erakusketa martxoaren 4an irekiko da 2023/02/27
- 1936ko gerran hildako Inazio Lopetegi Oliden oikiarra omentzeko ekitaldia izango da larunbat honetan 2023/02/21
- Errepresio frankista jasan zuten zumaiarren inguruko informazio bila ari da Udala 2023/01/31
Berdintasuna
- Hamaika indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2023an 2023/11/24
- [BIDEOA] Zaintzak neurtu, neurriak hartzeko 2023/11/24
- 'Zumaian zaintza zaintzen' jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 22an 2023/11/17
- Mónica Ramos Tororen hitzaldiarekin hasiko da indarkeria matxistaren aurkako egunaren bueltan antolatutako egitaraua, ostegun honetan 2023/11/15
Zumaia bizitzeko da
- Banatu dituzte Julene Azpeitia ipuin lehiaketako 36. edizioko sariak 2023/12/01
- GAITU proiektua bultzatzeko deia egin du Zumaiako Udalak ere 2023/11/28
- Euskararen Egunaren harira, ekitaldiak izango dira Zumaian datorren astean 2023/11/24
- Hamaika indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2023an 2023/11/24