'Zumaia ezagutzen' heziketa programa abian da

2020/10/09

Zumaiako ikasleak udalerria ezagutzeko heziketa programan murgilduko dira 2020-2021 ikasturtean. Horrela, herriak bizi izan duen bilakaera aztertzeko ekintza ezberdinak burutuko dituzte ikasleek, gizakiak ingurumenari eragindako kalteen inguruan hausnartuz eta eguneroko bizitzan martxan jarri daitezkeen ohitura onak sustatuz.

 Zumaiako Udalak antolatutako ingurumen heziketa programa honetan, Zumaiako Institutua, Zumaiako Herri Eskola, Zumaiena Ikastetxea eta Oikiako Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 3. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailara bitarteko ikasleek hartuko dute parte, eta programaren garapena Arazi enpresako hezitzaileen laguntzarekin burutuko da.

Adin bakoitzari egokituriko ikas-unitateak garatuz, Zumaiako ikasleek herriaren ezagutzan sakonduko dute. Lau unitate didaktiko landuko dituzte ikasleek:

Denboraren bila

“Denboraren bila” unitatearen bitartez ikasleek Zumaiako historian barrena bidaiatuko dute, Zumaiak hiri-gutuna eskuratu zuenetik gaurdaino, beti ere ingurumenarekiko ikuspegian oinarrituz eta Zumaian eman diren aldaketak aztertuz. Jarduera horri girotze saio baten bitartez emango diote hasiera ikasgelan. Bigarren elkargunea, ordea, Kofradia izango da, bertatik abiatuko baitute Zumaiako historian zehar taldeka burutuko duten bidaia.

Argazki rallya 

“Argazki rallya” unitatea landuz Zumaiako azken ehun urteotako historia ezagutuko dute ikasleek. Horretarako, taldeka bildu eta, herriko auzo eta txoko ezberdinetan ateratako argazki zahar eta berrietan oinarrituz, azken ehun urteotako historiaren zergatiak aztertuko dituzte. Unitatearen garapenean zehar, argazki berriak ateratzeaz gain, gune horien inguruko dokumentazioa aurkitu beharko dute ikasleek.

Zumaia eta artea

“Zumaia eta Artea” unitatean zehar, Zumaiako historiaren garapena ezagutu eta herriko eraikin esanguratsuenak aztertuko dituzte, haien testuinguruetan eta ezaugarrietan sakonduz. Horrenbestez, eraikin bakoitzaren sorreraren zergatia ezagutarazteaz gain, geroztik izandako erabilera ezberdinen inguruko hausnarketa bultzatuko da. Aurten, gainera, arte garaikideari tartea zabaldu eta azken urteotako herriko hainbat artisten berri izango dute ikasleek.

Ontzigintza Zumaian

Azkenik, “Ontzigintza Zumaian” unitatea landuko dute ikasleek. Ikas-unitate horretan, besteak beste, Zumaiako herrian aspalditik ontzigintzak izandako garrantzia, garai bakoitzarekin loturiko ezaugarriak eta egungo egoera aztertuko dute ikasleek. Gainera, ikasgelan garaturiko saioari jarraika, Astilleros Balenciaga S.A. ontziolara bisita burutuko dute, ontziak egiteko ematen diren urratsak zeintzuk diren bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea izango dutelarik.