Zuntz optikoaren herri sarea izango du Zumaiak
Sare neutro, ireki, libre eta mankomunatua izango da, eta datozen hilabetetan egingo dira beharrezko lanak. Elkarlanerako hitzarmena sinatu berri duten Guifi·net fundazioa eta Zumaiako Udala dira proiektuaren sustatzaileak.
"Herritarrentzako onurak dakartzan eta tokiko garapen ekonomikoan ere inpaktu positiboa izango duen proiektua da". Hala adierazi dute Guifi·net fundazioko eta Zumaiako Udaleko ordezkariek.
ZOZ Zuntz Optikoa Zumaia proiektuaren baitan sortuko den sarea neutroa, irekia, librea eta mankomunatua da. Belaunaldi berriko zuntz optiko ultra-azkarreko sarea izango da, eta sare horretan parte hartzen duen zumaiar oro izango da sarearen jabe. Sare hau herri osora iritsiko da, baita orain arte zuntz optikorik gabe zeuden Oikia, Artadi eta Narrondora ere.
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearen esanetan, hiru onura nagusi izango ditu proiektuak: herritarrei kalitatezko internet konexioa eskaintzea, zuntz optikoa Zumaiako auzo eta gune guztietara iristea, eta tokiko ekonomia sustatzea. Hain justu, auzo guztietara zabalduko den sare berri honi esker, ohiko operadore handiez gain, tokiko kooperatiba txikiek eskaini ahal izango dute zerbitzua. Miguel Angel Irigoyen Guifi·net fundazioko ordezkariak azaldu du dagoeneko hiru kooperatibak baieztatu dutela Zumaiako sarera atxikituko direla; gehiagok ere eskainiko dutela aurreikusten dute. Horrek guztiak zumaiarrei zerbitzuaren hileroko kostua jaisteko aukera emango die.
Ramon Roca Guifi·net fundazioko lehendakariaren esanetan, Zumaia bezalako herriak halako proiektu batean sartzeak garrantzia handia du -orain artean Katalunian eta Euskal Herrian egin dute lan, eta gehienbat, landa-eremuetan-: "Herritarrek balioan jartzen dute ekonomia zirkularra eta dibertsifikatua izatea, eta ez guztia interes ekonomiko handien gain egotea. Horregatik garrantzitsua da telekomunikazioen eremuan ere halako proiektuak Zumaia bezalako herrietara eta hirietara iristea", azaldu du.
Lanak, zortzi hilabeteko epean
Miguel Angel Irigoyen Guifi·net fundazioko kideak azaldu duenez, herritarrek "zuzenean ikusi eta biziko dute" Zumaiako zuntz optikoaren sarearen hedapena. Zuntz optikoa hedatzeko lanak sektoreka egingo dituzte, ondobidean, zortzi hilabeteko epean. Datorren hastean bertan hasiko dituzte lanak, Paolbidetik. Azaroa bukaerarako Paolbidean eta Alde Zaharrean zuntz optikoaren herri sarea erabili ahal izango da.
"Datozen hilabeteotan informazio gehiago jasoko dute herritarrek, baita ekitaldi birtualetarako gonbidapenak eta Zumaiako zuntz optikoaren sareko operadoreen zerbitzu-eskaintzak ere. Gainera, sarearen instalatzaileak ikusiko dituzte kaleetan", azaldu du. Unean-unean emango zaie instalazio lanen inguruko informazioa eremu bakoitzeko biztanle guztiei, zuzenean edo bizilagunen komunitateen bidez.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Beduako paduren biodibertsitatea ezagutzeko aukera izango da datorren astean 2023/10/03
- 'Tipi-tapa!' programan parte hartzera deitu dituzte Zumaiako adinekoak 2023/10/03
- Haur zein helduei zuzendutako antzerki sortarekin iritsi da udazkena Aita Mari aretora 2023/10/02
- 2023-2027 legealdiko Gobernu Plana aurkeztuko dute asteazkenean, urriaren 4an 2023/10/02
Auzoak
- Estazio kaleko trafikoan aldaketak egongo dira hurrengo egunetan, asfaltatze lanak direla-eta 2023/06/09
- Auzoetako festak antolatzeko dirulaguntza deialdia argitaratu du Udalak 2023/04/21
- Narrondo eta Iraeta arteko bide berdearen obrak lehenbailehen hasteko eskatu diote Zestoako eta Zumaiako alkateek Foru Aldundiari 2023/03/03
- Eskura udal aldizkariaren seigarren alea webgunean ere bai 2023/02/15
ZOZ
Tokiko garapena
- Merkataritza arloko diagnostikoa aurkezteko saioa izango da ekainaren 28an 2023/06/22
- Baratzeak erabiltzeko esleipendunen behin betiko zerrenda eta itxarote zerrenda argitaratu dira 2023/04/20
- Baratzeak erabiltzeko esleipendunen behin-behineko zerrenda eta itxarote zerrenda argitaratu dira 2023/03/28
- Herrialde Katalanetatik Zumaiara bisita, 'ekosistema kooperatiboa sortzeko hasita bidea' ezagutzeko 2023/03/20