Eguteraren inguruko informazio saio irekia, astearte honetan Aita Mari zineman

2024/03/11

Energia kooperatibaren inguruan arituko dira Elene Santamaria Zubia eta Markel Peñalba Retes zumaiarrak, eta bazkide egiteko jarraibideak emango dituzte. Ekitaldia 19:00etan hasiko da Aita Mari zineman; euskaraz izango da saioa, eta gaztelerazko aldibereko itzulpena eskainiko dute. Hurrengo astean zabalduko dute arreta bulegoa.

Egutera_M12_InformazioSaioa.pngEgutera energia kooperatiba bazkideak biltzen hasiko da aste honetan. Saio irekia egingo dute asteartean, eta, ekitaldia amaitu bezain pronto, zumaiar eta aizarnazabaldarrek bazkide egiteko prozesua abiatzeko aukera izango dute.

Elene Santamaria Zubia KREAN taldeko Ekiola proiektuen arduradun juridikoak eta Markel Peñalba Retes energia berriztagarrien arloko ikerlariak emango dituzte xehetasun guztiak; zumaiarrak dira biak ere, eta Eguterako bazkide eratzaileak. Azalpenak eta gero, galdera-erantzunetarako tartea zabalduko dute.

Saio irekia astearte honetan (martxoak 12) izango da, 19:00etan Aita Mari zineman. Euskaraz ariko dira hizlariak, eta gaztelerazko aldibereko itzulpena eskainiko dute.

Arreta bulegoa Kofradian, martxoaren 18tik aurrera

Proiektuaren inguruko zalantzak argitzeko, eta bazkide egiteko prozesuan laguntzeko, arreta bulegoa zabalduko dute Kofradian. Martxoaren 18tik (astelehena) aurrera egongo da irekita, astelehenetik ostegunera 16:00etatik 19:00etara. Herritarrek online ere argitu ahal izango dituzte haien dudak, info@egutera.ekiola.eus e-mailera idatzita edo 747 418 647 Whatsapp zenbakira idatzita.

Webgune bat ere zabalduko dute, kooperatibaren inguruko informazio guztiarekin, ohiko galderekin eta bestelako informazioarekin. Bazkide egiteko tramitea aurrez aurre zein webgunearen bidez egin ahal izango dute herritarrek.

Bazkide egiteko deia zumaiar eta aizarnazabaldarrei

Prozesu luze bat eta gero (ikusi hemen xehetasunak), obra baimena lortuta, bi hilabete barru hasiko dira eguzki-plaken parkea eraikitzeko lanak. Hori horrela, bazkideak kooperatiban sartzeko momentua iritsi da orain. Hala iragarri dute Kofradia parean elkartutakoek, eta proiektuan parte hartzera eta bazkide egitera deitu dituzte zumaiar eta aizarnazabaldar guztiak .

Kooperatiba, familiei ez ezik, herriko establezimendu zein negozio txiki eta ertainei irekita dago. Lehenengo hilabetean bi herri horietako herritarrek, eta, tokiko jarduera ekonomiko txiki eta ertainetako kideek izango dute bazkide egiteko lehentasuna; gero, lekua geldituko balitz, ondoko herrietakoek ere sartu ahal izango dute kooperatiban.