Datozen urteei begirako etxebizitza babestuen promozioak adostu dituzte Zumaiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak
Guztira 315 etxebizitza eraikitzea da asmoa, gehienak babestutakoak (alokairukoak eta salmentara bideratutakoak). Futbol zelai berriak, bestelako kirol ekipamenduak, eta 200 plazako lurrazpiko aparkaleku publikoa ere barnebiltzen ditu plangintzak.
Zumaiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Aita Mari eta Puntanoetan etxebizitza promozio publiko berri bat bultzatzeko lehen adostasuna lortu dutela iragarri du Iñaki Ostolaza alkateak gaur goizean. Haren esanetan, “herrian etxebizitza prezio eskuragarrian izateko aukerak erraztea da helburua”. Epe ertainean, "belaunaldi desberdinetako zumaiarrek beraien etxebizitza beharra asetzeko aukera emango du proiektu honek”, gehitu du Ostolazak.
Puntanoetan eta Aita Mari auzunean -gaur egun Aita Mari futbol zelaia dagoen eremuan- kokatuko dira etxebizitza berriak, udalaren lurasailetan. Guztira 315 etxebizitza eraikitzea da asmoa: 185 alokairu sozialekoak ―150 Puntanoetako eremuan, eta beste 33 Aita Mari auzunean―, eta 132 salmentakoak, Aita Mari auzunean, tasatuak eta libreak. Zumaiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) zehazten ari diren garapen eredua kontuan hartuta osatu dute plangintza.
Ondobidean, Zumaiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak udazkenean sinatuko dute hitzarmena, eta orduan hasiko dira hirigintza arloko tramiteak. Aurreikuspenak betez gero, hiru-lau urteren buruan hasiko dira Puntanoetako etxebizitzak eraikitzeko lanak; beranduago hasiko dira Aita Mari auzuneko lanak, futbol zelaia Puntanoetara eraman ondoren. Etxebizitza promozioak garatzeko epeak eta gertatu ohi diren atzerapenak kontutan hartuta, operazio guztia 6 eta 10 urte barru amaitzea da aurreikuspena. Edonola ere, epe zehatzagoak aurrerago zehaztuko dituztela argitu du.
Etxebizitza babestuaren aldeko apustua
Puntanoetan alokairu sozialeko 150 etxebizitza eraikiko dira, eta, alkatearen esanetan, horrek “aukera eskuragarria emango die Zumaian bizitzeko leku bat bilatzen dutenei”. Etxebizitza horiek zenbait baldintzak betetzen dituztenei zuzenduko zaizkie, eta irizpide horiek Eusko Jaurlaritzarekin batera adostea da Zumaiako Udalaren asmoa. Bataz beste 90 metro karratuko etxebizitzak izango dira, eta Alokabide izango da horiek kudeatzearen arduraduna. Gainera, etxebizitzaren egungo ereduari dagokionez “paradigma aldaketa bat” dakarrela azaldu du, eta gaur egun alokairuarekin Zumaian dugun arazoa konpontzen lagunduko duela.
Bestalde, Aita Mari auzunean 165 etxebizitza eraikiko dira, gaur egun futbol zelaia dagoen eremuan. Horietatik 33 etxebizitza (%20a) alokairu sozialekoak izango dira, eta gainontzekoak, etxebizitza tasatuak (gutxienez %40, 66 etxebizitza) eta etxebizitza libreak (beste %40, 66 etxebizitza). Legez, gutxieneko kopuruak honakoak dira: %20a Babes Ofizialeko Etxeak ―gaur egun, derrigor, alokairu sozialekoak― , eta beste %20 etxebizitza tasatuak. Iñaki Ostolazaren esanetan, promozio publikoaren bideragarritasuna bermatuta, ahalik eta etxebizitza babestu kopuru handiena lortzea da asmoa.
Futbol zelai berriak, eta 200 plazako aparkaleku publikoa
Operazio honen barruan, kirol azpiegiturekin dauden arazoak ere konpontzea da asmoa. Aita Mari futbol zelaia kendu, eta Puntanoetan eraikiko da futbol zelai berria, grada handiagoekin; eta futbol7-ko bigarren zelai bat ere eraikiko da haren ondoan. Futbol zelaiez gain tenis eta padel pistak Puntanoetan kokatzeko aukera irekitzen da; horrek, kiroldegia eraberritzeko dagoen proiektuaren barruan, espazio berri bat utziko luke libre, bestelako beharrei erantzuteko.
Futbol zelaia kenduta, Aita Mari auzuneari behar duen irteera emango zaiola ere azaldu du Iñaki Ostolazak. Aldaketa horrekin, “Zumaian mugikortasunaren inguruko planteamendu berriak egiteko aukera izango da”. Horrekin lotuta, 200 plazako lurrazpiko aparkaleku publikoa eraikiko dute Aita Mari auzunean.
"Negoziaketa luze baten emaitza"
Iñaki Ostolazaren esanetan, legealdi planean jasota zuen udal gobernuak Puntanoetako operazioaren egoera desblokeatzea. Horiek horrela, pandemia aurretik Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailarekin hartu emanak abiatu zituzten, baina pandemiak dena eten zuen. Pandemiaren ondoren elkarrizketak berrartu zituzten, eta azkenean lortu dute lehenengo adostasuna. "Eraikigarritasunaren inguruko xehetasunak hitzartzearen faltan, dagoeneko zehaztuta daude proiektuaren irizpide nagusiak", azaldu du. Oposizioko udal taldeak ere negoziaketa honen berri izan dutela gaineratu du, eta futbol-zelaiak Puntanoetara mugitzeko asmoa futbol elkartearekin ere landu dutela.
Albiste erlazionatuak
Etxebizitza
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- Alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik 2024/09/18
- Tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko eskaera formala egin du Zumaiako Udalak 2024/06/19
- Zumaiako Udalak etxebizitza turistikoak arautu ditu, Etxebizitza Planaren barruan 2024/03/01
Etxebizitza Bulegoa
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- Alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik 2024/09/18
- Tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko eskaera formala egin du Zumaiako Udalak 2024/06/19
- Zumaiako Udalak etxebizitza turistikoak arautu ditu, Etxebizitza Planaren barruan 2024/03/01
Alokairua
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12