Berdintasunaren inguruko kezka eta beharrak identifikatzeko saioa izango da maiatzaren 31n
Zumaiako Udala IV. Berdintasun Plana osatzeko lanetan murgilduta dabil. Udaleko eta herriko sail eta eragile desberdinak elkarrizketatu ondotik, saio irekia egingo du maiatzaren 31n, 18:00etan Emakumeon* Etxean. Saioan herritar guztiek parte har dezakete.
Zumaiako Udalak IV. Berdintasun Plana osatuko du 2022an zehar. Helburua da plan berria urtea amaitu baino lehenago onartzea, 2023arekin batera indarrean jartzeko. Maider Alberdi berdintasun zinegotziaren arabera, herritarren esperientziak jasota, eta mugimendu eta elkarteen iritziak kontutan hartuta osatu nahi dute plan berria.
Otsailaren amaieran eman zituzten prozesuaren inguruko xehetasunak. Ordutik, Elhuyar erakundearen bidelaguntzarekin, berdintasunaren inguruan zeresan handia duten hainbat eragile eta kide elkarrizketatu ditu Udalak: udaleko sail desberdinetako teknikariak, Ludotekako eta Gazteguneko hezitzaileak, LGTBI lanketa egiten ari den Eihera kooperatibako teknikariak, hezkidetza programaren ardura duen Daiteke elkarteko teknikariak, landa eremuko emakumeak, Malen Etxea emakume migranteen elkarteko kideak, Emakumeon* Etxeko partaideak eta mugimendu feministako kideak elkarrizketatu dituzte. Horiek guztiek egindako ekarpenekin diagnostikoaren zirriborroa osatu du Udalak, eta, orain, azterketa osatzeko, Zumaiako herritar guztien ekarpenak jaso nahi ditu Berdintasun Sailak.
Entzuketa fase honetan Zumaiako eguneroko bizitzan, eremu ezberdinetan, emakumeek zein gizonek berdintasunaren inguruan bizi duten errealitatea ezagutu nahi du Udalak. Horregatik, maiatzaren 31ko saio irekian gaiaren inguruan interesa edo zeresana duten guztiak parte hartzera gonbidatu nahi ditu. Bilkura 18:00etan izango da, Emakumeon* Etxean.
Bi faseko prozesua
Udalak Elhuyar erakundeak izango du bidelagun prozesu osoan zehar. Bi fasetan banatu dute prozesua: martxotik ekainera bitartean egungo egoeraren argazkia egiten arituko dira (udal barrura eta herrira begiratuz); irailetik abendura, berriz, egindako balorazioa eta identifikatutako erronketatik abiatuta, helburuak eta neurriak landuko dituzte, horiek guztiak IV. Berdintasun Planean txertatuz. Lanak amaituta, 2022ko abenduko plenoan onartu nahiko lukete dokumentua.
“Guztion nahia da plana errealista, gertukoa eta eraginkorra izatea, udaleko eta udalerriko beharretara egokitua”, esan du Alberdik. Horretarako, Plana diseinatzeko parte hartzeko prozesua jarriko dute martxan. Herritarrentzako saio irekiak antolatuko dituzte, eta Berdintasun Foroko, Emakumeon* Etxeko, mugimendu feministako, eta kolektiko konkretuetako kideekin elkarlana bermatzeko, taldekako elkarrizketak eta saio bereziak antolatuko dituzte. Udal langileek eta ordezkari politikoek ere parte hartuko dute planaren osaketan.
Eli Etxabeguren Elhuyar erakundeko teknikariaren esanetan, emaitzetan baino, prozesuan jarri nahi dute indarra. “Hilabete askotako lana da plana osatzeko prozesua, eta “egiten diren saioak, egoten diren elkarrizketak... sentsibilizaziorako eta sare berriak osatzeko aukera bikaina dira”, azaldu du.
Urtetako lanari jarraipena
Zumaiako Udalak urteak daramatza emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen. Alberdiren esanetan, horren ondorio dira diseinatu eta garatu diren berdintasunerako hiru planak zein martxan jarritako politika konkretuak. 2010ean onartu zen I. Berdintasun Plana, eta hamar urte baino gehiago igaro dira ordutik. Urte hauetan aldaketa asko egon dira herrian, eta azken urtean bertan “bi aldaketa handi” izan dira: Emakumeon* Etxearen sorrera eta pandemia egoerak eragindako aldaketak. Hori horrela izanik, geldialdia egin, eta, azken urteetan egindako lana baloratu eta egoera berrira egokituko den plan berri bat diseinatu nahi du Udalak. Plan berria izango da datozen urteetan berdintasunaren alorrean egin beharreko esku-hartzea planifikatzeko eta antolatzeko tresna nagusia.
Plana osatzeko EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planak zehazten dituen zutabeak erabiliko dituzte oinarri moduan. Planak bi dimentsio bereizten ditu: erakundeen barrura begirakoa bata, eta herritarrei begirakoa, bestea. Horrenbestez, batetik, gobernu ona egiteko irizpideak berrikusiko dituzte, erakundean bertan berdintasunaren printzipioa sustatu eta integratuz. Eta bestetik, herritarren esku hartzerako hiru lehentasunezko esparru jorratuko dituzte: emakumeen ahalduntzea, ekonomia eta gizarte-antolakuntzen eraldaketa, eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak sustatzea.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
Parte hartzea
- GAITU proiektua bultzatzeko deia egin du Zumaiako Udalak ere 2023/11/28
- Gabonetako ekitaldietan laguntzeko elkarteen izen-ematea igande honetan itxiko da 2023/11/09
- Zumaiako Udalaren esker mezua Flysch Trail lasterketa posible egin duten guztiei 2023/10/10
- 650 korrikalaritik gora ariko dira Flysch Trail lasterketaren 14. edizioan 2023/10/05
Feminismoa
- Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrarekin bat egiten du Zumaiako Udal Gobernuak 2023/11/28
- Hamaika indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2023an 2023/11/24
- [BIDEOA] Zaintzak neurtu, neurriak hartzeko 2023/11/24
- Mónica Ramos Tororen hitzaldiarekin hasiko da indarkeria matxistaren aurkako egunaren bueltan antolatutako egitaraua, ostegun honetan 2023/11/15
Berdintasuna
- Hamaika indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2023an 2023/11/24
- [BIDEOA] Zaintzak neurtu, neurriak hartzeko 2023/11/24
- 'Zumaian zaintza zaintzen' jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 22an 2023/11/17
- Mónica Ramos Tororen hitzaldiarekin hasiko da indarkeria matxistaren aurkako egunaren bueltan antolatutako egitaraua, ostegun honetan 2023/11/15