Datorren astean hasiko da 'nagusiekin eta nagusientzat' prestatutako egitaraua

2025/05/17

Maiatzaren 20an Musika Eskolako ikasturte amaierako ekitaldira elkarrekin joateko hitzordua jarri dute, eta maiatzaren 22an uda-sasoian norbere burua zaintzeko aholkuak emango dituzte Zumaiako osasun zentroko langileek. Ekitaldi guztiak eskuorri batean bildu dituzte.

NAGUSIAK-2025.pngIñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, Pili Alberdi Udal Gizarte Zerbitzuetako arduradunak, Arritxu Bidasoro eta Felix Idigoras Beheko plaza elkarteko kideek eta Eli Granado osasun zentroko erizainak maiatzetik azarora bitarteko egitaraua aurkeztu dute gaur goizean. Guztiak ere Nagusien Mahaian egiten dute topo.

> Deskargatu eskuorria hemen edo irudian klik eginda

Hitzaldiak, tailerrak eta jokoak antolatu dituzte, besteak beste. Gainera, ekainaren 15ean 90 urte bete(ko) dituzten zumaiarrak omentzeko egitaraua prestatu dute. Ohiko ekitaldiekin batera, berrikuntzekin datoz aurtengoan: uda-sasoian zein udazkenean norbere burua zaintzeko tailerrak emango dituzte Zumaiako Osasun Zentroko langileek; Maite Aizpurua aktoreak eta Oihana Rodriguez musikariak irakurketa musikatua eskainiko dute ekainaren 3an, besteak beste. Azkenik, nabarmendu dute Tipi-tapa programaren topaketa egingo dutela Zumaian ekainaren 11n; Azpeiti, Zarautz eta Zumaiako ‘Tipi tapa’ taldeko kideak Zumaian elkartuko dira, herriko egoitzetako egoiliarrekin eta ikasleekin batera herrian ibilaldia egiteko.

Datorren astean zehar etxe guztietara bidaliko dute programazio osoa biltzen duen eskuorria. Edonola ere, herritarrak gonbidatu dituzte bizilagunei, lagunei, gurasoei zein ezagunei ahoz aho ekitaldi hauen berri ematea. Programazio guztia online ere eskuragarri dago dagoeneko.

Urte osoko programak

Programazio berezia aurkezteaz gain, urte osoko programen berri eman dute. Hala nola, asteazkenero ordubeteko ibilaldia egiteko biltzen dira herriko zenbait adineko, Tipi tapa programaren baitan. Bestelako programak ere abian daude: memoria lantzeko tailerra -irailean abiatuko da berriro-, edota Itsasargia zerbitzua. Gainera, KZGunean doako informatika ikastaroak daudela gogorarazi dute.

Horrez gain, Zumaiako Udaleko ordezkari eta teknikariek gogorarazi nahi dute Udal Gizarte Zerbitzuetan adinekoei edo familiei informazioa eman, balorazioa egin eta baliabide eta prestazio egokietara bideratzeko aholkularitza eskaintzen dutela.

Nagusiek, nagusekin eta nagusientzat elkarlanean prestatutako egitaraua

Zumaiako Udalak eta Nagusien Mahaiak elkarlanean antolatu dute egitaraua, Zumaiako bestelako elkarte eta eragileekin batera. Horien artean, Musika Eskola, Zumaiako Osasun Zentroa eta Beheko Plaza elkartea. Elkarte horiek Nagusien Mahaian biltzen dira.

2012. urtean sortu zen bilgunea daNagusien Mahaia, Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik bultzatuta. Adinekoen beharrak identifikatu eta horiek erantzutea du helburu espazio honek. Nagusiekin eta nagusien alde lan egiten duen Udaleko eta herriko baliabideetako ordezkari, boluntario eta senideek osatzen dute taldea, eta edozein herritar eta eragileri zabalik dago. Herri mailan, nagusien inguruan landu daitezkeen gaiak aztertu, baloratu, proposatu eta bideratzen dituzte bertan, proiektu eta programak elkarrekin bultzatuz.

Egun, Beheko plaza elkarteak, Nagusilanek, Pentsiodunen Plataformak, adinekoentzat lan egiten duten entitateek, Otezuri egoitzan, San Juan egoitzan, Osakidetzak eta Zumaiako Osasun Zentroak, zaintzaileek eta familiartekoek, udal sail desberdinetako teknikariek, eta udal ordezkariek hartzen dute parte bertan.