Zabaldu berri da euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea

2022/09/15

Helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrak izango dira dirulaguntzen onuradun, eta diruz lagunduko dira ohiko ikastaroak, trinkoak eta barnetegietakoak eta autoikaskuntza bidez egindakoak.

Zumaiako Udalaren Euskara Zerbitzuak zabaldu berri du euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea, eta irailaren 29an amaituko da. Helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrak izango dira dirulaguntzen onuradun, eta diruz lagunduko dira ohiko ikastaroak, trinkoak eta barnetegietakoak eta autoikaskuntza bidez egindakoak. Ezinbestekoa izango da honako baldintza hauek betetzea:

  • Zumaian erroldatuta egotea

  • Gutxienez, % 80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatzea

Baldintza horiek betez gero, langabeen kasuan, matrikularen % 100 eskuratu ahal izango dute ikastaro guztietan. Gainerako ikasleei gehienez % 75 ordainduko zaie.

> Oinarriak

2021/2022 ikasturtean HABEren mailaren bat ikasi eta maila hori gainditzen edo egiazta­tzen duten ikasleek HABEk 2022. urtean egingo duen dirulaguntze­tarako deialdian parte hartu beharko dute; izan ere, A1-A2-B1-B2 maila ikasi eta egiaztatu dutenei –azterketa bidez edo euskaltegian atalasearen gaineko proba gaindituta– HABEren laguntza dagokie hasiera batean, ez Udalarena. Nolanahi ere, badaezpada Udalarena ere eska lezakete, baldin aurrez HABEkoa eskatua badute.

Iaz B1 eta B2 atalasearen gaineko proba gainditu (azterketa ez) eta 2021eko deialdian HABEren laguntza jaso zutenek ezingo dute aurten maila bereko azterketa gainditzeagatik laguntza eskatu. Kasu horietan Udalaren laguntza osorik jasotzeko eskubidea izango dute.

C1 maila ikasi eta gainditu dutenei dagokienez, HABEren aldetik 150 € jasoko dituzte 30 urtetik gora badituzte, eta Zumaiako Udalaren dirulagun­tza HABEk emandakoaren osagarria izango da. 30 urtetik beherakoentzat, berriz, 700 €-ra bitarteko laguntzak emango ditu HABEk, eta Udalak ez die laguntzarik emango, hasiera batean.

C2 maila ikasi eta gainditu dutenei dagokienez, HABEren aldetik 100 € jasotzeko eskubidea izango dute, eta kasu horretan ere Zumaiako Udalaren dirulagun­tza HABEk emandakoaren osagarria izango da.

Udalak gehienez 600 € ordainduko ditu urritik ekainerako ikastaroetan eta gehienez 200 € uztailetik irailera bitartekoetan.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  • Eskabidea beteta

  • Ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria

  • Asistentzia % 80tik gorakoa izan dela ziurtatzen duen agiria, euskaltegiak edo ikasketa zentroak berak emana.

  • Hirugarrenen alta emateko agiria (baldin eta aurrez aurkeztu ez bada edota aurreko kontua aldatu bada)

  • HABEren dirulaguntzen 2022ko deialdian eskaera aurkeztu izanaren agiria (maila egiaztatu edo dagokion atalasea gainditu duten ikasleek bakarrik).

Nola aurkeztu eskaera?

Eskaerak udaletxean Herritarren Arretarako Zerbitzuan aurkez daitezke edota telematikoki zumaia.eus guneko egoitza elektronikoan. Horretarako epea irailaren 29an amaituko da.

Deialdia osorik eta agiri guztiak Udalaren DIRULAGUNTZAK atalean. Zalantzak argitzeko aukera dago Euskara Zerbitzuaren harremanetan jartzeko (943865025-109 edo euskaratxanpan@zumaia.eus)

Pantaila-argazkia (603).png

> Argibide gehiago hemen

HABEren laguntzak eskatzeko epea urriaren 7an amaituko da, eta azken bi ikasturteetako gastuak aintzat hartzen dituzte (iazko Udalarena osatzeko aukera dute ikasleek, baldin % 100 jaso ez bazuten).

Albiste erlazionatuak