Gazteguneak irailaren 24an zabalduko ditu ateak

2020/09/17

Asteburu honetan DBH1eko nerabeei zuzendutako harrera saioak izango dira, eta gainontzeko erabiltzaileek irailaren 24tik aurrera joan ahal izango dute Gaztegunera. Hezitzaileek nerabeekin batera hausnartu dute funtzionamendu berriaren inguruan.

Gazteguneko hezitzaile eta nerabeak ere prest daude ikasturte berriari ekiteko. Covid-19ak sortu duen egoera kontutan hartuta, ohiko funtzionamendua aldatu beharko dute aurten behintzat.

Hezitzaileek Gazteguneko nerabeekin batera landu eta adostu dituzte funtzionamendu berria eta bete beharreko neurriak. Iritzi desberdin ugari jaso dituzte hezitzaileek, eta hasiera batean behintzat, erabilera librea emango diote Gazteguneari; nerabeen “tendentzia eta ohiturak kontutan hartuta” egingo dituzte funtzionamenduren aldaketak.

Asteburu honetan (irailaren 18an, 19an eta 20an) DBH1eko nerabeei zuzendutako harrera saioak egingo dituzte, eta datorren ostegunean, hilaren 24an, nerabe guztiek erabili ahal izango dute Gaztegunea, adostutako neurriak betez.

Prebentzio neurriak eta konpromiso orria

Gazteguneko hezitzaileek COVID-19aren hedapena ekiditeko hartu beharreko neurriak bermatzeko ahalegina egingo dute, baina guztiek hainbat neurri errespetatzearen garrantzia nabarmendu dute. Honakoak dira bete beharreko arauak:

  • Azken 14 egunetan COVID-19aren sintomarik izanez gero, ezin izango da zerbitzua erabili

  • Gaztegunera joan aurretik, etxean tenperatura hartzea gomendatzen da

  • Gaztegunean uneoro maskara jantzita eduki beharko da

Halaber, ohiko izen-ematearekin batera, konpromiso orri bat sinatu beharko dute nerabeen guraso edo tutoreek.