Geuretik Sortuak proiektuaren uzta Zumaiako oholtzetan
Udalbiltzak sustatutako proiektuaren baitan, bost antzezlan, eleberri laburren bilduma bat eta ikus-entzunezko pieza bat sortu dituzte Euskal Herri osoko hamarnaka sortzailek. Zumaian ikusi ahal izango dira guztiak. Lehen antzezlana ostiral honetan bertan izango da: Oier Zuñigak zuzendutako “Eresia: lurra arin bekizu ama”.
Geuretik Sortuak proiektuarekin, euskaraz sortzen eta hedatzen den artea bultzatu nahi du Udalbiltzak; zehazki, euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea da proiektuaren helburua, eta, horretarako, sormen lanak egiteko egonaldiak antolatu ditu sortzaileentzat Euskal Herri osoko hainbat herritan. Ekimenaren baitan, bost antzezlan, eleberri laburren bilduma bat eta ikus-entzunezko pieza bat sortu dituzte Euskal Herri osoko hamarnaka sortzailek. Lan horiek guztiak Zumaiako oholtza eta aretoetan ikusi ahal izango dituzte herritarrek.
BIDEOA: Fito Rodriguez: "Kultura funtsezko sustrai eta euskarria da herri gisa bizi ahal izateko"
Zumaiako Udalak ere parte hartu du ekimenean, eta 2021eko ekainean eta irailean zehar, Fito Rodriguez idazlea Zumaian izan zen. Zumaian kokatu duen eleberria itzulerari buruzko gogoeta da. Sorkuntza prozesua amaituta, beste hainbat idazleren eleberri laburrekin batera argitaratutako “Hamazazpigarrenez, aidanez” bilduma aurkeztuko du Rodriguezek Zumaian, martxoaren 23an. Ekitaldi berezia izango dela aurreratu dute, eta aurkezpenean Zumaiako aktoreak izango ditu lagun. Bi aktore zumaiarrek ere parte hartu dute ekimenean: Maite Aizpuruak Bidaide antzezlana sortu du Metrokoadroka Sormen Laborategiarekin batera, eta Telmo Iruretak Tanttaka teatroaren Sexberdinak antzezlanaren sorkuntzan parte hartu du. Ekainean aurkeztuko dituzte bi obrak.
Proiektuaren baitan sortutako lehenengo antzezlana ostiral honetan bertan estreinatuko da Zumaiako Aita Mari antzokian. Doluari buruzko gogoeta da Eresia, lurra arin bekizu ama ikuskizuna. Oier Zuñiga iruindarrak sortu du Eneko Gil dantzariarekin eta Belen Cruz aktorearekin batera. Sarrerak salgai daude turismo bulegoan, 6 euroren truke (gazte txartela dutenek 4 euro ordaindu behar dituzte). Programaren baitan sortutako beste bi lanak ere izango dira Zumaian: Lore More antzerki konpainiaren Trapu zikinak martxoaren 4an, eta Bonbon Beltz konpainiaren Harri minak maiatzaren 26an. Film laburren proiekzioa ekainean egingo dute.
Zumaiarren txanda, ekainean
Maite Aizpuruak Atarrabian eta Uharten egin du egonaldia, eta Bidaide antzezlana sortu du, Metrokoadroka sormen laborategia kolektiboaren baitan. Zerk mantentzen du kultura herri batean bizirik? Galdera horri erantzungo dio Metrokoadroka sormen kolektiboak, ikuslearekin batera. "Ikustezina den bizitza guzti hori herriz herri aztertu nahi izan dugu", azaldu du Maite Aizpuruak. Site specific formatuko antzezlana prestatu dute, hau da, tokian tokira egokitutako lana. "Eduki aldetik herri bakoitzera moldatzen pieza aurkeztuko dugu", esan du. Ekainaren 3an eramango dute obra Aita Mari antzokira.
Telmo Irureta Tanttaka teatroa konpainiaren aritu da Sexberdinak obra sortzen, Arrigorriagan. Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, Telmo Irureta eta Aitziber Garmendiak hartuko dute oholtza. 2017an, Streaptease ikuskizunaren baitan, Gabilondo eta Iruretak antzerki pieza labur bat sortu zuten, eta ordutik zuten gogoa beste zerbait sortzeko. Geuretik Sortuak proiektuan ideia hori garatzeko aukera eman die. "Helburua izan da zerbait intimoa egitea, minusbaliaren inguruan. Ez dugu streapteasik egingo, baina antzezlanean biluztu egingo gara", esan du. Antzerkia ekainaren 10ean eskainiko dute.
"Aurrekari handi bat"
Miriam Romatet kultur teknikariak azaldu du ekimena "momentu oso on batean" sortu dela, izan ere, pandemia egoerak egoera zaurgarrian utzi ditu kultur munduko sortzaileak. Gainera, Maite Aizpuruaren arabera, leku gutxi batzuk kenduta, egitasmoan parte hartu duten herri askotan "ez da apenas antzerkirik programatzen, are gutxiago euskaraz. Orain, Euskal Herriko txoko askotara iritsiko dira euskaraz sortutako proiektuak, eta gainera ikusleek gauza oso desberdinak ikusteko aukera izango dute". Telmo Iruretaren ustez, "ikusleek beraien herrian bertan halako sorkuntak ikusteko aukera badute, posible da gerora ere ohitura horrekin jarraitzea".
Marina Bidasoro kultur zinegotziak proiektu hau "aurrekari handi bat" izatea nahiko luke. Bere ustetan, Udalbiltzaren proiektuak, Euskal Herriaren kohesioa eta euskara lantzeaz gain, kultur mundua indartzeko balioko du.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
Kultura
Agenda
- Udaberria bero iritsi da Zumaiara, adin guztietako herritarrentzako ekitaldi askorekin 2024/04/30
- Zumaiako haurren hizkuntza ohiturak, adimen artifiziala eta kirol mundua izango dituzte hizketagai 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloan 2024/02/02
- Sexberdinak antzezlanaren bi emanaldi eskainiko dituzte ekainaren 10ean, Oxford aretoan 2022/06/02
- 'Ostantza' lana aurkeztuko du Fito Rodriguezek asteazken honetan, herriko aktoreekin batera 2022/03/22