Hastear dira Mojaxarren Komentua eraberritzeko lanak

2022/11/03

20 hilabete iraungo du obrak, eta lanak amaituta, Kultur Topagune bihurtuko da. 5 milioi euro erabiliko ditu Udalak, eta horietatik gutxienez 3 milioi dirulaguntza bidez lortutakoak izango dira. Dagoeneko hasi dira baliodun elementuak ateratzen (IKUSI BIDEOA), eta azaroaren 8an bizilagunekin bilera egingo da, obrak Alde Zaharrean eta San Jose kalean izango duen eragina azaltzeko.

Komentua Zumaiako musika, dantza eta antzerki munduko elkarte eta norbanakoen topagune bihurtuko da denbora gutxian. Azaroan zehar hasiko dira eraberritze lanak, eta 2024ko udazkenean amaituko dituzte.

Eraikin berezia izanik, eraberritzeko proiektuan berezitasun horiek mantentzeko ahalegin berezia egin du Udalak. Ondarea babestu beharra abagune moduan ikusi da, eta ez oztopo gisa. Hala, proiektua garatzeko, bi elementu garrantzitsu hartu dira kontuan: eragileekin osatutako programa eraikinean txertatzea, eta eragileen behar horiek proiektuan sartzean eraikinarekiko errespetua izatea. 

Dagoeneko hasi dira balorea duten elementuak Komentutik ateratzen, horiek behar bezala gordetzeko. Eraikinaren berezitasunak eta Komentuko proiektuaren garrantzia kontutan hartuta, obrak irauten duen bitartean, bideo laburrak argitaratuko dira, herritarrek zuzeneko jarraipena egin ahal dezaten. Gainera, obrak eremuak eragingo duen aldaketa dokumentatzeko, uneoro kamera bat martxan izango dute.

1. BIDEOA: HASI DIRA KOMENTUA HUSTUTZEN

3 milioi euro, dirulagutza bidez

Komentua eraberritzeko 5.085.094 euro erabiliko ditu Udalak, baina kopuruaren %60a dirulaguntza bidez ordainduko ditu. Pasa den astean argitaratu zenez, Zumaiako Udalak 2.778.070 euro jasoko ditu Espainiako Hiri Agenda eta Arkitektura Zuzendaritzatik, PIREP programaren baitako dirulaguntza lortu ondotik (ikusi ebazpena). Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik beste 241.935 euro jakin berri du Udala. 

Gauzak horrela, Komentuaren eraberritzearen finantziazioaren %60a (3 milioi euro inguru) dirulaguntza bidez lortutakoa izango da. Bestelako dirulaguntzen ebazpenen zain daude orain, eta kopurua handitzea aurreikusten dute.

Bizilagunekin bilera azaroaren 8an

Obrak irauten duen bitartean aldaketak izango dira Alde Zaharrean eta San Jose kalean: makinak sartzeko errepide mozketak, kamioien joan-etorriak, hondakinen edukiontzien kokalekuetan aldaketak, eta bestelakoak.

Guzti horren inguruan aritzeko, Udala bizilagunekin bilduko da azaroaren 8an (asteartea), informazioa eman eta zalantzak argitzeko. Udal ordezkariez gain, udal teknikariak eta proiektuan lanean ari diren arkitektoak izango dira saioan.

EGUNA: AZAROAK 8, ASTEARTEA

ORDUA: 18:30

LEKUA: UDALETXEKO PLENO ARETOA

Albiste erlazionatuak