Haurrentzako ezohiko aisialdi eskaintza prestatu du Udalak uztailerako

2020/06/11

Ohiko udalekuak egiteko baldintzarik ez dagoenez, uda-sasoirako ezohiko aisialdi eskaintza prestatu du Udalak. Lehen Hezkuntzako haurren kasuan, lau adin tarte banatuko dituzte eta adin tarte bakoitzak astebeteko eskaintza jasoko du. Horrez gain, 6 urtetik beherako haurrei eta horien familiei zuzendutako ekitaldiak izango dira uztailean zehar.

Bizi dugun osasun egoera dela eta, Zumaiako Udalak udaleku irekirik eta udaleku musikalik ez egitea erabaki du, eta hala iragarri zuen duela bi aste inguru. Egoera ikusita, eta ohiko Udalekuak egiteko baldintzarik ez dagoenez,  udako ezohiko aisialdi eskaintza prestatu du Udalak uztailerako, haur eta nerabeen beharrak ahal den neurrian betetzeko asmoz.

Aste honetan Eusko Jaurlaritzaren protokoloa jaso ostean itxi du eskaintza Udalak. Hala ere, azpimarratu dute ez dela beste urteetako egoera berdina izango, eta antolatutako jardueretan parte hartzen duten guztiek egoerara moldatzeko neurriak hartu beharko dituztela.

Eskaintza nagusia 6-12 urte arteko haurrei zuzendutakoa izango da, hortik beherakoek Jaurlaritzak zehazten dituen irizpideak betetzeak halako planteamendu baten oinarrien aurka egiten duela ulertuta. Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehienezko aforoak errespetatuz egiteko, adin-tarte bakoitzarentzat astebeteko topalekuak eskainiko ditu Udalak, egunean bi ordu  eta erdikoak (ikus informazio orria). Zumaian erroldatutako haurrek parte hartu ahal izango dute topalekuetan, eta ekainaren 16tik 19ra bitartean eman ahalko da izena, doan. Topaleku horien inguruko informazioa jasotzeko bilera izango da datorren astelehenean, ekainaren 15ean, Aita Mari zinean. Bi saio egingo dituzte: bata euskaraz, 17:00etan, eta bestea gazteleraz, 17:30ean.

6 urtetik beherako haurren kasuan, astero aisialdirako ekintza bana antolatuko du Udalak. Hala nola, ipuin kontaketak edota pailazoen ikuskizunak izango dira uztailean zehar. Uda sasoian egoten den kultur eskaintzaren baitan, ahalegin berezia egingo dute haur eta familiei zuzendutako ekitaldiak antolatzeko. Laster jakinaraziko dute egitarau zehatzaren berri.

Horrez gain, Udalak jakinarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak zaintzaileen lan poltsa osatu duela. Gainera, 20.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familiek 1.000 euro arteko dirulaguntza jasoko dute, uztailean zaintzaileak kontratatzeko laguntzeko.

Udako kirol ikastaroak ere prestatzen ari dira dagoeneko, eta 12-17 urte bitarteko gazteentzat jarduerak izango direla ere aurreratu dute.

Lehen Hezkuntzako haurrentzat astebeteko topalekuak

6-12 urte bitarteko haurrek astebeteko topalekuetan parte hartzeko aukera izango dute. Uztailean zehar, lau adin-tarte banatu eta adin-tarte bakoitzak aste batez parte hartu ahal izango du. Doakoak izango dira, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da Zumaian erroldatuta egotea.

Haurrak egunean bi ordu eta erdiz elkartuko dira adin bereko haurrekin, 10:00etatik 12:30era bitartean, eta nagusiki kalean egingo dituzte jolas eta jarduerak.

Udalaren izenean ohartarazi dute topalekuetan Eusko Jaurlaritzak zehaztutako segurtasun irizpideak bete beharko dituztela. Partehartzaileen artean distantzia mantendu beharko dute, eta kasu gehienetan beharrezkoa izango da maskara erabiltzea.

Irizpide horiek guztien inguruan aritzeko bilera egingo dute datorren astelehenean, ekainaren 15ean, Aita Mari zinean. 17:00etan euskarazko saioa egingo dute; 17:30ean izango da gaztelerazko saioa.

Izena eman nahi dutenek ekainaren 16tik 19ra edukiko dute aukera, internet bidez zein Ludotekan.

Hala banatu dituzte adin-tarteak asteka:

Familientzako kultur eta aisialdi eskaintza

6 urtetik beherako haurrei eta horien familiei zuzendutako eskaintza berezia prestatuko du Zumaiako Udalak. Gaur egungo egoerak agintzen dituen baldintzekin ez dute egokitzat jo adin horretako haurrentzat udalekuen antzeko eskaintzarik prestatzea, "behar duten gertutasuna, babesa eta goxotasuna ezin zaielako inolaz ere eskaini".

Horregatik, familia osoarentzako eskaintza izango da uztaileko zenbait arratsaldez. Hala nola, antzerkiak edota pailazoen ikuskizunak izango dira uztailean zehar. Laster jakinaraziko dute egitarau zehatzaren berri.

Zaintza eta kontziliazioa

Udaleku irekirik ezean, zenbait familiak kontziliazio eta zaintza arazoak izango dituztela jakinik, zaintzaileen kontratazioaren inguruko bi zehaztapen egin ditu udalak. Jakinarazi duenez, Urola Kostako Udal Elkarteak zaintzaileen lan-poltsa osatu du. Horrez gain, zaintzailea ordaintzeko zailtasunak dituzten familiei dirulaguntza emango die Zumaiako Udalak.

Zaintzaileen lan-poltsa:

Alde batetik gogorarazi Urola Kostako Udal elkarteak garapen agentzia den aldetik lan poltsa bat sortu duela zaintza lanetarako. Beraz, uztailean haurrak zaintzeko prest dagoen edonork bertan eman dezake izena.

Era berean, uztailean haurrak zaintzeko pertsona bat behar duten familiek zerbitzu horretara jo dezakete eta beraien beharrizanetara egokitzen den pertsonarekin harremanetan jarriko ditu Urola Kostako zerbitzu horrek. Horretarako, lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi edo 943890808 telefonora deitu beharko dute familiek.

Familia eta zaintzarako prest dauden pertsonak bide hau erabiltzera animatzen ditu bai Udalak eta baita Urola Kostako Udal Elkarteak ere.

Zaintzaileak kontratatzeko dirulaguntzak:

Zenbait familientzako ahalegin ekonomiko hori egitea ezinezkoa izango zaiela jakinik, Udalak dirulaguntza emango die errenta baxuak dituzten familiei uztailean beren haurrak zaintzeko pertsona bat kontratatzen laguntzeko.

Horretarako, familia unitatearen urteko irabazi garbia 20.000 eurotik beherakoa izan beharko du; gehienez 1.000 euroko dirulaguntza emango zaio familia bakoitzari uztailean lanaldi osoz zaintzaile bat kontratatzeko. Lanaldi edo epe partzialen kasuan dirulaguntza ere proportzionala izango dela jakinarazi dute.

Laguntza horiei buruzko informazio zehatza datozen egunotan jakinaraziko du Udalak.

Gaztelekua eta kirol ikastaroak

Ezohiko aisialdi eskaintzaz gain, kirol ikastaroak ere mantenduko dituzte. Oraingoz bi ikastaro egongo direla baieztatu dute: piraguismoa eta mendi biziklea. Datozen egunetan jakinaraziko dituzte horien eta bestelako ikastaroen inguruko xehetasunak.

12-17 urte bitarteko nerabeen kasuan, Gazteguneak eta Kale Heziketa programaren baitan udako oporraldiekin batera hasiko den eskaintza prestatzen ari dira. Horrez gain, astean behin ekimen bateratu bat egingo dute.

Albiste erlazionatuak