Indarkeria matxista, ‘guztion ardura’
Udaleko eta elkarte feministetako ordezkariek azaroaren 25ean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete zumaiarrei. Aurtengoan ere hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak izango dira Zumaian indarkeria matxistaren nazioarteko egunaren harira.
Agerraldia egin dute gaur eguerdian Zumaiako Udaleko eta mugimendu eta elkarte feministetako ordezkariek, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren harira antolatutako egitaraua aurkezteko. “Zure egia, guztion ardura” lemapean hitzaldiak, tailerrak eta mobilizazioak izango dira azaroaren 25aren bueltan.
Gaur bertan soldadurako Lanbide Heziketako ikasleak maskulinitateen inguruko formakuntza saioa jaso dute. Datorren astean bi hitzaldi izango dira: azaroaren 24an Sheila Melcón Sortzen elkarteko kideak “Indarkeria matxista. Covid-19aren beste errealitatea eta aurre egiteko estrategiak” hitzaldia eskainiko du, eta azaroaren 26an Jule Goikoetxeak “Euskal demokrazia patriarkala” liburua aurkeztuko du. Bi saioak Alondegiak izango dira, eta parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez berdintasuna@zumaia.eus helbidera idaztea.
Azaroaren 25ean Urola kostako Hezkidetza Foroko kideen adierazpenaren irakurketa egingo dute heziguneetan, eta arratsaldean Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioa izango da, 18:30ean Beheko Plazan. Gainera, abenduaren 10ean ”Indianara” filma proiektatuko dute Aita Mari zinean.
Lehentasunezko konpromiso politikoa
Maider Alberdi Berdintasun zinegotziak “lehentasunezko konpromiso politikotzat” agertu du indarkeria matxistaren adierazpen guztien kontrako lana, eta Zumaiako Udalaren izenean indarkeria matxistatik libre egongo den gizartea eraikitzeko duten konpromiso eta betebeharra nabarmendu ditu. Era berean, indarkeria matxistaren egiturazko izaera nabarmendu nahi izan du Alberdik: “indarkeria matxista ez da kasualitate hutsa, emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira, sistema patriarkalaren ondorio”.
Halaber, nabarmendu du Covid-19a dela-eta egun bizi dugun errealitatean egoera zaurgarrian dauden pertsonak bereiziki kaltetuak direla, eta lehentasunezkotzat jo du Covid-19ak eragindago krisiak, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei, haien seme-alabei, sexu-genero sistemaren disidenteei... nola eragiten dien aztertzea. “Zein adierazpen areagotu diren, zein indarkeria berri sortu diren, zein eredu aldatu diren... ezagutzea ezinbestekoa da, horien aurkako estrategiak garatzeko”.
Azkenik, indarkeria matxistari aurre egitea "guztion ardura" dela nabarmendu du Alberdik: “herritar, eragile eta instituzioen jarrera aktiboa ezinbestekoa da indarkeria matxistari aurre egiteko”. “Alde batetik, emakumeak ahalduntzeko espazioak sortu behar ditugu eta emakumeak subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak bultzatu behar ditugu, berbiktimizazioa saihestuz; hala ere, emakumeen ahalduntzeaz gain, ezinbestekoa da gizonek bere gain duten ardura hartzea”. Horretarako, gizonei bideratutako hausnarketa espazioak bultzatzen jarraituko dute. Era berean, eragile eta elkarteei eskerrak eman dizkie, eta aurrerantzean ere, “instituzioak eta, herritar eta eragileak elkarrekin lanean jarraitzeko” deia egin du.
Indarkeria matxista Zumaian
Maider Alberdi zinegotziak eta Karmele Gomez teknikariak azken urteko indarkeria kasuen berri eman dute agerraldian. Zumaian, 2020. urtean, indarkeria matxistaren sei kasu berri izan dira, eta 2019ko bost kasu artatu dira. Sei kasu horietatik lautan seme-alabak ere tartean izan dira, eta horiek ere indarkeria matxistaren biktima zuzenak direla nabarmendu dute.
21 eta 41 urte bitartekoak izan dira erasoa jasan duten emakumeak, eta erasotzaile eta erasotuen arteko harremanari dagokionez, kasu bakarrean izan ezik, beste guztietan ezkontidea, bikotea edo bikote ohia izan dira erasoa egin dutenak. “Horrek adierazten digu, gehienetan, erasotzaileak gertuko pertsonak izan ohi direla, eta gatazkaren garrantzia eta gertutasuna erakusten digu”, adierazi du Alberdik.
Sei emakume horietako batean sexu-indarkeria jasan du, eta beste bost emakumeek indarkeria psikologikoa jasan dute. Indarkeria psikologikoa jasan duen emakumeetako batek indarkeria fisikoa ere jasan du.
Sei emakume horietako bik jarri dute salaketa, eta gainontzeko laurek ez dute jasandako indarkeria sistema judizialaren aurrean salatu nahi izan. Maider Alberdiren arabera “datu horrek adierazten digu, egun oraindik eremu judiziala eta poliziala ez direla behar adina konfiantzaz bizi, eta asko dugu egiteko zentzu horretan”.
Aipatutako horiek, Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez jasotako datuak dira. Ertzaintzaren datuen arabera, lau izan dira zenbatutako kasuak, baina Berdintasun Zinegotziak azaldu duen moduan, egun ez dago kasu horiek berdinak diren ala ez jakiteko modurik: “instituzioen artean informazioa trukatzeari dagokionean hutsune handiak daude egun, eta horretan ere badugu zer egina”.
Alberdiren esanetan “kasu bakarra asko litzateke, baina are gehiago, jakin badakigu kasu gehiago daudela Zumaian bertan, kasu gehienak ez baitira instituzioetara iristen”.
Egitaraua
Azaroak 18
11:15 “Maskulinitateak” tailerra, Zumaiako Lanbide Heziketako ikasleekin. Alondegian, euskaraz.
Azaroak 24
18:30 “Indarkeria matxista. Covid-19aren beste errealitatea eta aurre egiteko estrategiak”. Hizlaria: Sheila Melcón, Sortzen aholkularitzako aditua. Alondegian, euskaraz.
Azaroak 25
12:00 Urola kostako HEZKIDETZA FOROKO kideen adierazpenaren irakurketa (ikastetxeak, Berritzegunea eta udalak batuta)
18:30 Elkarretaratzea, Zumaiako mugimendu feministak deituta. Beheko Plazan.
Azaroak 26
18:00 “Euskal demokrazia patriarkala” liburua aurkeztuko du Jule Goikoetxeak. Alondegian, euskaraz.
Abenduak 10
19:00 ZINEGOAK zikloko filma: ”Indianara”. Aita Mari zineman, euskaraz.
OHARRAK:
-
Aurrez aurreko saioak aurreikusi dira, baina Covid-19a dela eta aldaketaren bat egin behar bada, aldez aurretik jakinaraziko da.
-
Hitzaldietarako izen ematea: berdintasuna@zumaia.eus
-
Hitzaldietan itzulpen zerbitzua egongo da
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13
Gizarte Zerbitzuak
- Oroimena lantzeko tailerra, 'Tipi tapa' programa eta Itsasargia zerbitzua; Zumaiako adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko 2024/09/13
- Irailaren 21ean hasiko da martxan 'Atozte', desgaitasuna duten herritarrei zuzendutako asteburuetako aisialdi zerbitzua 2024/09/02
- Lankidetza sustatzen duten jardueretarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik, ekainaren 10era arte 2024/05/10
- Zaintza sektoreari loturiko sentsibilizazio jardunaldiak izango dira maiatzaren 22an eta 23an Zumaian 2024/05/09
Feminismoa
- Emakumeon* Etxeak sendo hasiko du ikasturte berria; hamabost jabetze eskola, bederatzi elkargune eta ekitaldi askorekin 2024/09/10
- Gizontasunaren inguruko hausnarketa tailerrak izango dira urritik abendura bitartean 2024/08/29
- Udal adierazpena, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean 2024/06/28
- LGTBIfobiaren aurkako eta sexu askatasunaren aldeko mezua agertu du Hezkidetza Foroak 2024/05/17
Berdintasuna
- 'Hirigintza inklusiboa, denontzako herria eraikitzeko tresna' hitzaldia eskainiko dute bihar arratsaldean Emakumeon* Etxean 2024/10/29
- Zumaiako Udalak Iruñeko erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak 2024/10/10
- Prest dago plazerari buruzko ihes-gela 2024/09/26
- Zumaiako Udalak azken erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak 2024/09/12