Irailaren 17an, Olarro Eguna Zumaian

2022/09/07

Olagarroa eta itsas-mundua protagonista izango dira egun osoko festan. Aurtengoa berezia izango da, gainera: Euskaraldiaren "entsegu orokorra" egiteko baliatuko dute.

OLARRO EGUNA 2022 egitaraua_page-0001.jpgGaur goizean aurkeztu dute 2022ko Olarro Eguneko egitaraua, Kofradian. Bi urte eta gero, berriro ere olagarroa, gastronomia eta itsas-munduak hartuko du Zumaia egun osoko festan. Olarro-brotxetak eta olarru zopa dastantzeko aukera izango da txosnetan, herri bazkaria izango da eguerdian, eta egun osoan zehar musika, dantza eta festa giroa izango dira nagusi. Goizean, gainera, elikagaien azoka izango da Erribera kalean. Haurrei zuzendutako tailer eta jolasak ere antolatu dituzte, eta Kofradia ezagutzeko eta "Flyscheko olagarroa" bisita gidatuak eskainiko dituzte. 

Udal ordezkari eta teknikariek herriko elkarteen ondoan aurkeztu dute programa, eta horien ekarpena balioan jarri dute: "Olarro Eguna ezinezkoa litzateke herriko elkarteen lanik gabe", esan du Alex Oliden zinegotziak. Distira argazki elkartekoek XVI. Argazki Rallya antolatzeko ardura hartu dute beste urte batez; eta Euskaraldiko talde koordinatzaileko kideak eta Astindu dantza elkarteko dantzariak eskuz esku aritu dira lanean, "Euskaraldiaren entsegu orokorra" antolatzen. Gainera, herriko bestelako elkarteetako kideak izango dira txosnetan eta herri bazkarian lanean arituko direnak.

Esti Irureta teknikariak azaldu duenez, irailaren 8tik aurrera turismo bulegoan salgai egongo dira Olarro Eguneko bazkari herrikoiko txartelak, kamisetak eta zapiak. Herri bazkariko txartelen prezioa 9 eurokoa da helduentzat; eta 6 eurokoa haurrentzat. Kamisetek 9 euro balio dute, eta zapiek euro bat.

Azkenik, aurtengo Olarro Egunean duela hiru urte hartutako konpromisoa mantenduko dutela zehaztu dute: txosnetan erabiliko diren ontzi eta tresna guztiak konpostagarriak izango dira. Halako festa egunetan sortzen dugun hondakin kopurua murrizteko neurriak hartzea beharrezkoa da, eta, baita sortzen direnean berziklagarriak edo konpostagarriak izatea. Neurriak hartzearekin batera, herritarren kontzientziazioa sustatu nahi du Udalak, eta hondakinak behar bezala banatzeko eskatu die. 

Euskaraldiaren entsegu orokorra

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean izango da 2022ko Euskaraldia, hirugarren edizioa, hain justu ere. Xabier Azkue euskara teknikariak gogorarazi duenez, Euskaraldia ariketa sozial bat da, herritarrak aktibatzea eta euskara gehiago erabiltzeko jarrera egokiak lantzea bultzatu nahi duena. "Lehenengo edizioan ahobizi eta belarriprest rolak landu ondotik, ariguneak zer ziren ikasi genuen, euskaraz lasai aritzeko aukera eskaintzen duen ingurunea: lanean, aisialdian…", azaldu du.

Bada, Euskaraldia hasteko bi hilabeteren faltan, Olarro Egunean entsegu orokorra egitea proposatu diete zumaiarrei. Horretarako, hainbat ekintza antolatu dituzte:

  • Txosna guztiak ARIGUNE izendatuko dituzte, eta BANDERA batzuk jarriko dituzte hori adierazteko. Herritarrek jakingo dute lasai eska dezaketela euskaraz, barraren bestaldekoek ulertuko dietelako eta euskaraz erantzun ere bai. Hori errazteko, txosnan arituko direnek lehen hitza euskaraz egingo dute.

  • Aparteko postu bat jarriko ere jarriko dute Euskaraldiko batzordekideek, goizean Kofradia inguruan eta arratsaldean Beheko plazan. Postu horretan AHOBIZI edo BELARRIPREST pegatinak banatuko dira, herritarrek horren arabera joka dezaten. Era berean, Euskaraldiko materiala erakutsiko da (arropa) edo saldu ere bai (banderak).

  • Euskaraldiaren abestiaren koreografia bat egingo dute arratsaldean lau tokitan, Beheko plazan hasi eta Amaia plazara bitartean, Astindu taldearen laguntzarekin. Egun batzuk lehenago bideo batean koreografia hori aurkeztu eta zabalduko da, jendeak ikasteko aukera izan dezan. Abesti hori txosnetan bertan ere jarriko dute, eta hitzak ikasteko paperak ere zabalduko dituzte.

  • Estalapeko oholetan Euskaraldiaren horma irudi bat margotuko dute datorren astean, Olarro eguna bera eta datozen asteak girotzeko.

XVI. Argazki Rallya

Distira elkarteko kideen inplikazioari esker, eta Udalaren laguntzarekin, Olarro Eguneko XVI. Argazki Rallya izango da hilaren 19an. Eva Franco kideak eman ditu xehetasunak: profesionala ez den edozein zalek parte hartu ahal izango du eta izen ematea Alondegia Kultur Etxeko Oxford aretoan izango da, irailaren 17an bertan, goizeko 9:00etatik 10:00etara. Gaia eta bestelako xehetasunak momentuan bertan ezagutuko dituzte partehartzaileek, eta puntuaketan bat-batekotasuna, sormena eta teknika balioetsiko dira.

Helduen kasuan, izena emateko 10 euro ordaindu beharko dira, eta herri bazkariko txartel bat emango zaie. 16 urte baino gutxiago dituztenek doan parte hartu ahal izango dute, eta Gertu merkatari eta ostalari elkarteko establezimenduetan parte hartzeko 10 euroko txartel bana emango zaie.

Argazki Rallyaren inguruko informazio eta baldintza guztiak hemen irakurri daitezke.

Olarro Eguneko egitaraua:

  • Goiz partean XVI. ARGAZKI RALLYA. Izen ematea 09:00etatik 10:00etara, Alondegiko Oxford aretoan.

  • 10:30etik 14:30era Erribera kalean, Elikagaien azoka.

  • 10:00etan kuadrillen arteko batel estropada, OLARRO EGUNEKO XIV. BANDERA, Telmo Deun arraun elkarteak antolatuta. Bandera estropada eremuan emango da.

  • 10:30ean hasita HAUR ETA GAZTETXOENTZAT JOLASAK, Itxas-Gain elkarteak antolatuta. Arbustaingo arranpla parean, piraguak eta uretako jolasak; eta Gernika parkean, zinta harrapatzea bizikletan, eltzetxoak puskatzea, etab.

  • 11:00etatik 13:00etara, Eusebio Gurrutxaga plazan, olagarroarekin egindako SUKALDARITZA ERAKUSTALDIA.

  • Goiz partean, Olagarro zopa txosnetan.

  • 10:00etan, “Flyscheko olagarroa” BISITA GIDATUA euskaraz %50eko deskontua kode hau erabiliz: olarroeguna. Erreserbak: www.geoparkea.eus.

  • 11:00etatik 13:00etara, Algorri interpretazio zentroan 6-10 urte bitarteko haurrentzat doako TAILERRAK. Aurrez izena eman behar da: info@algorri.eus edo 943143100.

  • 11:00etatik 14:00etara ATEA ZABALIK Kofradian, arrainen salmenta aretoa ikusteko.

  • 11:15ean hamaiketakoa olagarro harrapatzaile izandakoentzat.

  • 11:30ean herriko txistularien KALEJIRA Astindu taldearekin.

  • 12:15ean Beheko Plaza eta Zarauzko Udaberri ABESBATZEN SAIOAK herrian zehar.

  • 13:00etan KALEJIRA Zutrik trikitilarien eskutik.

  • 14:30ean HERRI BAZKARIA, Eusebio Gurrutxaga plazan.

  • 17:00etatik 19:00etara ATEA ZABALIK Kofradian, arrainen salmenta aretoa ikusteko.

  • 17:30ean PLAZA DANTZAK Eusebio Gurrutxaga plazan.

  • 18:30ean EUSKARALDIAREN abestiaren KOREOGRAFIA HERRIKOIA Astindu taldearekin, Eusebio Gurrutxaga plazan hasi eta Amaia plazara bitartean.

  • Arratsaldez, OLAGARRO BROTXETAK txosnetan.

  • 19:30ean THE McKENSY´S CLAN BAND txaranga herriko kaleetan.

  • 22:00etan DJ LOTI eta JULEN LUJAN Eusebio Gurrutxaga plazako karpan.