Itzurunbideko igogailuaren inguruko irisgarritasuna hobetzeko lan osagarriak egingo ditu Udalak
Itzurunbidea eta Larretxo lotuko dituen igogailuaren obra bere azken fasean sartu da. Gaia ondo aztertuta, Larretxoko bidegurutzea berritzeko esku-hartzea ere egingo du Udalak, bizilagunen eskaerei eta Irisgarritasun Planari erantzunez.
Itzurunbideko igogailua egiteko lanak azken txanpan daude. Atzo jarri zen igogailuaren plataforma, eta datozen egunetan hormigonatze lanak egingo dituzte beharginek. Udalak herritarren mugikortasuna eta auzoko irisgarritasuna hobetzea du helburu, eta igogailu berriak hiru geldiune izango ditu: Itzurunbidea, erdialdeko belargunea eta Larretxoko goialdeko pasabidea.
Igogailuaren obra amaitzear dagoen honetan, Zumaiako Udalak inguruko oinezkoen pasabideak hobetzeko erabakia hartu du. Larretxoko bidegurutzean bi zebrabide falta dira, eta hainbat puntutan espaloiak bi metro baino estuagoak dira —egun ez dira irisgarritasun baldintza minimoak betetzen—. Bidegurutzean dauden aparkalekuek, gainera, oztopoak sortzen dituzte. Egoera honek zailtasunak eragiten dizkie oinezkoei; ez soilik gurpil-aulkian doazenei, baita edozein oinezkoari eta, kasu larrietan, anbulantzien kamillen garraioari ere—.
Eraldaketa berriarekin, inguruko etxebizitzetatik igogailura modu seguru, eroso eta irisgarrian iritsi ahal izango dira bizilagunak. Udalak azaldu duenez, behar-beharrezkoak diren aparkalekuak bakarrik kenduko dira horretarako, irisgarritasuna bermatzeko neurri horiek ezinbestekoak baitira. Neurri hau hainbat bizilagunek egindako eskaerei erantzunez gauzatuko da, eta Udalak Irisgarritasun Planean jasotakoarekin bat dator.

Larretxoko bidegurutzean egingo du eskuhartzea Zumaiako Udalak
Zumaiako Udalak gogorarazi du proiektu hau ez dela bakarrik azpiegitura berri baten eraikuntza, baizik eta auzoko irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko urrats garrantzitsua. Igogailua urtea amaitu baino lehen egongo da martxan, eta ordurako Larretxoko bidegurutzean egin beharrekoak ere amaituta egongo dira.
Albiste erlazionatuak
Auzoak
Irisgarritasun Plana
Zumaia bizitzeko da
- Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia egingo dute otsailaren 7an 2026/01/30
- Ostiral honetan amaituko da Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea 2026/01/29
- Egoitzetan aldibaterako egonaldiak egiteko eskabidea aurkezteko epea zabalik 2026/01/26
- Martxan dago Itzurunbideko igogailua 2026/01/21



