Larunbat honetan irekiko da Flysch Trail mendi lasterketan izena emateko epea

2025/05/12

10:00etan zabalduko da, eta kronoak.com webgunearen bitartez egin beharko da. Bi lasterketa izango dira urriaren 5ean: 24 km-koa eta 14 km-koa. 650 korrikalarik izango dute ateratzeko aukera: 400 proba luzean, eta 250 laburrean. Iaz, luzean, ia %40 korrikalari zumaiarrak izan ziren, eta laburrean, %62.

Larunbat honetan, maiatzaren 17an, zabalduko da aurtengo Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketan izena emateko epea. 10:00etatik aurrera aukera egongo da horretarako, eta kronoak.com webgunearen bitartez egin beharko da. Azkeneko eguna irailaren 28a izango da. Udalak korrikalariekin eta boluntarioekin batera antolatzen duen lasterketa honetan bi proba izango dira aurten ere: 24 km-koa (09:30), eta 14 km-koa (10:00). 650 korrikalarik izango dute ateratzeko aukera, honela banatuta: 400entzako lekua izango da proba luzean eta 250-ek atera ahal izango dute laburrean. Izena emateko prezioei dagokienez, luzean aritzeko 25,75 € ordaindu beharko dira, eta motzean, aldiz, 15,45 €.

Zumaiarren iazko parte-hartzeari dagokionez, proba luzean ia %40 izan ziren herrikoak, eta laburrean, %62.

Adin txikikoen izen-ematea

14 urte eta 17 urte bitarteko korrikalariek (2025eko abenduaren 31n izango duten adina hartuko da kontuan) derrigorrezkoa izango dute Adingabeen baimena dokumentua egoki bete eta izen-emate plataformara igotzea. Horrela ez bada, izen-ematea ez da onartuko. Dokumentua izen-emateko plataforman eta antolakuntzaren webgunean zintzilik izango da.

Aniztasun funtzionala duten pertsonen izen-ematea

Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketa proba inklusiboa izatea du helburu antolakuntzak. Hori horrela, edozein aniztasun funtzional duen pertsonak izena emateko aukera izango du. Bakoitzaren errealitatera hobeto egokitzeko izen-emate eskaera egin beharko dute emailez, honako informazioa helaraziz:

  • Datu pertsonalak: izena, abizenak, adina, jaioterria, telefono zenbakia,…

  • Aniztasuna ziurtatzen duen agiria.

  • Proba egiteko dituen beharrak.

Behin datuak jasota, antolakuntza korrikalariarekin kontaktuan jarriko da nondik norako guztiak lantzeko eta parte-hartzea konfirmatzeko.

Izena ematen duenaren erantzukizuna

Aurreko urtean azkar batean amaitu ziren 650 dortsalak. Gero, ordea, lasterketa egunean, beste probetan bezala, ez dira azaltzen izena emanda dauden guztiak. Askoren kasuan, lesioak eta azken orduko gorabeherak izaten dira ez azaltzearen arrazoia. Baina badira beste batzuk inolako arrazoirik gabe ez azaltzea erabakitzen dutenak, eta antolakuntzatik nabarmendu eta zabaldu nahi duten mezua hau da: badira hainbat korrikalari proba askotan izena ematen dutenak, izena emandakoan garbi ez dutenak lasterketan izango diren edo ez. Horrek badu ondorio bat, eta ondorengo hau da: mendi lasterketan benetan parte hartu nahi duten korrikalari batzuk dortsalik gabe geratzen direla. Horregatik eskatzen du antolakuntzak izena ematen duenak erantzukizunaz jokatzeko, eta beste korrikalarietan ere pentsatzeko.

Lasterketaren ezaugarriak eta nondik norakoak ikusteko, webgunean dago aurtengo araudia.