Narrondo eta Iraeta arteko bide berdearen obrak lehenbailehen hasteko eskatu diote Zestoako eta Zumaiako alkateek Foru Aldundiari
Gipuzkoako Foru Aldundiak Narrondo eta Iraeta arteko bidea egiteko lanak 2019an hasiko zirela agindu zuela, eta, “oraindik hitza bete gabe” jarraitzen duela salatu dute Mikel Arregi eta Iñaki Ostolazak.
Zestoako eta Zumaiako alkateak Narrondon bildu dira gaur goizean. Urolako Bide Berdearen barruan, Narrondo eta Iraeta lotzeko bidegorriaren obrak hasi gabe jarraitzen dutela salatu dute, “Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak 2019an hasiko zirela agindu bazuen ere”. Bide berdeak oinezkoentzako nahiz txirrindularientzako egokitutako bideak dira, eta Urolako Bide Berdearen planak Legazpi eta Zumaia lotzea jasotzen du. Gaur gaurkoz, ordea, ibilbidea etenda dago, Narrondo eta Iraeta artean ez delako biderik egokitu.
Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuak 2019an iragarri zuen Urolako Bide Berdearen Narrondo eta Iraeta arteko tartearen obrak hastear zeudela. Hiru urte beranduago, 2022ko otsailean, Narrondo eta Iraetaren arteko bide berdearen obraren proiektua burutzeko Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Aldundiaren arteko hitzarmena lantzen ari zirela iragarri zuten Iñaki Arriola Sailburuak eta Rafaela Romero Mugikortasun Diputatuak. Bigarren aldiz iragarri zuten proiektu honen hasiera, baina, alkateen esanetan, “gaur gaurkoz, ez da lan horiek egiteko inbertsio minimorik egin”.
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak adierazi duenez, “urte luze bat pasa da obrak egiteko Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiaren arteko hitzarmena iragarri zutenetik, eta oraindik ez dute Gipuzkoako Aldundiaren Gobernuko Kontseiluaren sinadura lortu”.
Gainera, Mikel Arregi Zestoako alkateak azaldu duenez, legealdiaren hasieran Foru Aldundiko Mugikortasun Sailarekin hala hitzartuta, Arroa Behea eta Urolako Bide Berdearen arteko loturaren obrak egin zituen Zestoako Udalak 2020an. "Lan horiek eta bide berdeak ez dute jarraipenik izan, ordea", azaldu du. Bere hitzetan “urte gehiegi pasa dira, eta bide berdea errealitatea bihurtzeko epeak luzeegiak izaten ari dira”.
Horiek horrela, bi alkateek Gipuzkoako Foru Aldundiari publikoki eskatu diote obrak lehenbailehen has daitezela, eta Urolako bailara osoa Bide Berdearen bidez lotu dezatela.
Albiste erlazionatuak
Mugikortasuna
- Zumaiako trenbide-azpiegituran 15 milioi euroko inbertsioa egingo du Mugikortasun Jasangarrirako Sailak, eta Estazio inguruan hobekuntza ugari Udalak 2024/10/04
- Mugikortasunaren inguruko inkesta betetzeko azken egunak 2024/06/04
- Mugikortasun Jasangarrirako Plana egiteko prozesua abiatu du Udalak, eta inkesta bat zabaldu die herritarrei 2024/05/09
- Goiko Plazaren plaza izaera berreskuratzeko pausoak ematen hasi da Zumaiako Udala 2024/03/21
Auzoak
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13
- Hastear dira Oikiako Mantzizidorko zubiaren inguruko bidea asfaltatzeko lanak 2024/10/28
- Zabalik dago trenzubiaren azpiko pasabidea 2024/10/16
- San Jose kaleko berrurbanizazio lanak amaituta 2024/07/03
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13