Noiz eta nola atera daitezke haurrak kalera?
Igandetik aurrera 0-13 urte bitarteko haur eta gaztetxoek egunean ordubetez kalera ateratzeko aukera izango dute. Udalaren izenean kalera ateratzearen baldintzak oroitarazi dituzte, eta ezarritako neurriak bete ditzaten eskatu diete guraso eta tutoreei. Era berean, haurrei zuzendutako mezua ere argitaratu du Udalak.
Igandetik aurrera umeek egunean ordubetez atera ahal izango dute. Denbora tartea ez ezik, beste hainbat baldintza ezarri ditu Espainiako Gobernuak. Udalaren izenean, neurri horiek zein diren zerrendatu dute, eta baldintzak bete ditzaten eskatu diete 0-13 urte bitarteko haur eta gaztetxoen guraso eta tutoreei.
Honakoak dira errespetatu beharreko neurriak:
-
9:00-21:00 bitartean atera ahal izango dute, eta gehienez ere ordu betez egon ahal izango dira kalean
-
Guraso batekin edo adinez nagusia den anai-arreba batek lagunduta atera ahal izango dira haurrak, betiere etxean egoteko agindua elkarrekin pasa dutenak izanik
-
Guraso edo laguntzaile bakoitzak, gehienez, hiru haurrekin batera ahal izango du
-
Jostailuak ateratzeko aukera izango dute haur eta laguntzaileek (patinak, bizikleta…), betiere gainontzeko haurrekin elkarbanatzen ez badituzte. Helduek ere bizikleta edo antzekoak erabiltzeko aukera izango dute.
-
Parkeak, frontoiak eta skate parkeak ezin izango dira erabili. Horietan, haurrei zuzendutako kartelak jarriko ditu Udalak.
-
Gainontzeko eremu guztiak erabiltzeko aukera egongo da: hondartza, zelaiak, landa-eremua…, betiere gehienez etxetik kilometro bat urruntzea baimentzen duen araua errespetatuz
-
Covid-19ak eragiten dituen sintomaren bat dutenak ezin dira kalera atera, ezta berrogeialdian daudenak ere
-
Besteekiko 2 metroko distantzia mantendu beharko da uneoro
Haur zumaiarrentzako oharra
Guraso eta tutoreei ez ezik, Zumaiako haurrei ere zuzendu zaie Udala. Igandetik aurrera kalera ateratzeko izango duten aukeraren inguruan “gurasoekin hitz egin dezaketela” eta bihar bertan zumaiar guztien txaloak jasoko dituztela gogorarazi diete.
Hona Udalak helarazitako mezua:
DENBORA ASKO PASA DUZUE ETXEAN, HILABETE ETA ERDI GUZTIRA, EGUN ASKO, ALEGIA. ZIUR GAUDE ERA GUZTIETAKO EMOZIOAK BIZI IZAN DITUZUELA EGUN HAUETAN: POZIK BATZUETAN, BAINA BAITA ASPERTUTA ETA TRISTE ERE. HALA ERE, TINKO EUTSI DIOZUE ETA ZORIONAK EMAN NAHI DIZKIZUEGU. BIHARKO TXALOAK ZUENTZAT IZANGO DIRA ETA IRRATIAN ZUEK ESKATUTAKO KANTAK ENTZUN AHAL IZANGO DITUZUE.
ONDO DAKIZUEN MODUAN, BIHARTIK AURRERA KALERA ATERA AHAL IZANGO DUZUE. NAHI BADUZUE, NOSKI! KALERA ATERA AURRETIK GURASOEKIN HITZ EGIN DEZAKEZUE EGINGO DUZUEN IBILBIDEAREN INGURUAN. PARKEAK ORAINDIK EZINGO DITUZUE ERABILI, BAINA ETXETIK GERTU DAUDEN LEKUETAN JOLASTU AHAL IZANGO DUZUE ZUEN JOSTAILU GUSTUKOENEKIN.
BERAZ, GOZATU BIHARKO EGUNA!

Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Abante! jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua jarri du abian Udalak 2026/02/19
- Ikusgai daude Torreagako BOE etxebizitzen zozketan parte hartzeko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak 2026/02/05
- Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia egingo dute otsailaren 7an 2026/01/30
- Ostiral honetan amaituko da Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea 2026/01/29
Haurrak
- 0-6 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako bizipen tailerrak emango ditu otsailean Jon Urdineta psikomotrizistak 2026/01/13
- 'Kimikarin' zientzia tailerrak egingo dituzte abenduaren 30ean 2025/12/18
- Bizikleta eguna, larunbat honetan Zumaian 2025/06/04
- 3x3 saskibaloi txapelketa egingo dute maiatzaren 18an 2025/05/08
Covid19
- Ikusi 'Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean' dokumentala 2025/03/14
- COVID ziurtagiria dela-eta, Zumaiako Udalaren oharrak 2021/12/16
- Kiroldegian eta kultur ekitaldietan ohiko funtzionamendua berrezarriko da ostiral honetan 2021/10/07
- Zabalik dago ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatzeko dirulaguntzen deialdia 2021/08/06



