Oinezko ibilaldiak eta korrika egiteko entrenamendu proposamenak, 'Zumaia Sasoian' egon dadin

2021/03/03
Otsaila eta martxoa herri krosen eta Lilatoiaren hilabeteak izan ohi dira. Egungo egoeran halako lasterketak egitea ezinezkoa bada ere, kirol jarduera gidatuak eskainiko dituzte datozen egunotarako, herritarren “aisialdi aktiboa” sustatzeko. Martxoaren 6tik maiatzaren 9ra bitartean parte hartzen dutenen artean 50 euroko 40 erosketa bono zozketatuko dira.

Zumaiako Udalak eta Kirol Patronatuak ‘Zumaia Sasoian’ ekimenaren baitan bigarren proposamen bat prestatu dute zumaiarrentzat. Emakumeon* Etxea elkarteko kideak izan dituzte lagun oraingoan, “emakumeen parte hartzeari indar berezia eman, eta Lilatoi birtualean parte hartzera gonbidatzeko”. Gaindituz enpresak prestatu ditu entrenamenduak, eta oraingoan ere Baleikerekin elkarlanean arituko dira.

Gabonetan egin bezala, herritar gehienek egiteko moduko jarduerak proposatuko dituzte martxoaren 6tik aurrerazumaiasasoian.eus webgunearen bidez. Ekimen honen helburua da zumaiarrak aktibo eta osasuntsu mantentzea.

Otsaila Herri Lasterketa eta Txakur Krosaren garaia izan ohi da Zumaian. Gainera, martxoaren 8aren bueltan emakumeak protagonista dituen Lilatoia lasterketa egiten da urtero. Egun bizi dugun osasun egoeran, ordea, debekatuta dago halako kirol jarduerak egitea; kirola banaka (edo bizikidetza unitate berdineko kideekin), edota gehienez sei pertsonako taldeetan egin daiteke, betiere distantziak mantenduz eta maskara jantzita. Hori horrela izanik, egungo mugak kontutan hartuta, lasterketa horiek nolabait ordezkatzeko jarduerak proposatuko dizkiete herritarrei.

Oinezko ibilaldiak eta entrenamendu proposamenak

Oraingo honetan jarduerak gidatuak izango dira, eta hiru ariketa mota proposatuko dituzte:

  • Oinezko ibilaldia: oinezko jarduera egiteko ibilbide bat proposatuko da

  • Korrika egiteko oinarrizko entrenamendua: Korrika egiteko ohiturarik ez dutenentzat egokitutako proposamena izango da. Oinez ibiltzea eta korrika egiteko momentuak uztartuz, korrika egiteak dakartzan onurak ezagutzea eta barneratzea izango du helburu.

  • Korrika egiteko entrenamendu garatua: Gaur egun korrika egiten dutenei bideratutako entrenamendua izango da. Entrenamendu mota ezberdinak ezagutzea da helburua.

Ibilaldi eta entrenamendu proposamenez gain, zenbait bideo argitaratuko dituzte zumaiasasoian.eus webgunean. Horietan jarduera egin aurreko beroketak, jarduera egin eta gerorako luzaketak zein korrika egiteko jarraibide konkretuak azaldutuko dituzte.

zumaiasasoian.eus

Erosketa bonoak parte hartzaileentzat

Parte hartzen dutenen artean 50 euroko 40 erosketa bono zozketatuko dituzte. Martxoaren 6tik maiatzaren 9ra bitartean parte hartu ahal izango da, eta zozketan sartzeko egindako jarduera gorde beharko da, mugikorrean edota bestelako gailuetan erabili daitezkeen aplikazioetako batekin.

Ondoren, jarduera hori 629 503 369 telefonora bidali beharko da, Whatsapp aplikazioaren bidez, eta ondorengo datuak zehaztuz: jarduera mota, izen-abizenak eta erronkaren jarduera-grabaketa edo datuak azaltzen diren pantailaren argazkia (xehetasun guztiak zumaiasasoian.eus webgunean). Datu horiek jarduera egin izana egiaztatzeko soilik erabiliko dituzte, eta ez dira inon agertuko. Halaber, nabarmendu dute ez dela sailkapenik egongo, jarduera horiek egitea bera delako helburua.

Irakurri araudi osoa lotura honetan.

Lilatoia Zumaian

Aurtengo Lilatoia ezin izango da urteroko moduan egin. Edonola ere, betiko helburuei eutsita, emakumeek korrika egin dezaten sustatzen ari da Emakumeon* Etxea elkartea. Lilatoi birtualean izen-emateko epea amaitu bada ere, Zumaiako emakumeak ere egunotan kirola egitera gonbidatu nahi dituzte.

Kirola talde handietan egin ezin denez, martxoaren 5etik 7ra bitartean photocall-a jarriko dute Saregileen plazan: ostiralean 17:00etatik 19:00etara, eta larunbatean eta igandean 10:00etatik 13:00etara. Halaber, e-posta bidez ere bidali ahal izango dira argazkiak, zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com helbidera idatzita.