Olentzerok eta Mari Domingik gutuna eta denbora-pasak bidali dizkiete Zumaiako haurrei

2020/12/22

Oraindik Olentzero eta Mari Domingiri idatzi ez dieten haurrek Kofradian jarritako postontzian utzi ahal izango diete gutuna. Gainera, abenduaren 24an Zumaiako haurrei utzi dieten bideo-mezua ikusi ahal izango da baleike.eus webgunean.

Olentzerok, Mari Domingik, Gomezagok eta haien laguntzaile guztiek urteroko lana berrantolatu behar izan dute aurten, koronabirusak sortutako egoera dela-eta. Atzo goizean Zumaiena ikastetxeko haurrak bisitatu zituzten. Oikiara ere egin zuten bisita, eta San Tomas eguna izanik, txistorra jan zuten elkarrekin. Gaur Herri Eskolan izan dira Olentzero eta Gomezago, zanpantzarrek lagunduta.

Azken urteotan, abenduaren 24an herriko haurrekin elkartu izan dira. Aurten, ordea, ongietorria antolatzen duten ikastetxe eta kultur eragileekin elkartuta, herrira egin ohi duten bisita alde batera uztea erabaki da.

Dena den, Zumaiako haurrek izango dute Olentzero eta Mari Domingiren berri abenduaren 24an: eguerdiko 12:00etan baleike.eus webgunean Zumaiako haurrei zuzendutako agurra ikusi ahal izango dute.

Gainera, postalak bidali dituzte Zumaiako 2 eta 10 urte bitarteko haurren etxeetara. Eta bizi dugun egoera berezia kontutan hartuta, haurrak izaten ari diren jarrera ona eskertzeko, gutunarekin batera denborapasen liburuxka txiki bat bidaliko diete. Etxe batzuetara iritsi dira dagoeneko, eta gainontzekoetan gaur eta bihar artean egingo dute banaketa.

Postontzia Kofradian

Oraindik Olentzero eta Mari Domingiri idatzi ez dieten haurrek Kofradian jarritako postontzian utzi ahal izango dituzte gutunak.

Abenduaren 24 gaua izango da gutuna bidaltzeko azken eguna. Ondoren, udaletxeko langileek gutunak hartu eta Olentzero eta Mari Domingiri eramango dizkiete.