Partaidetzazko Aurrekontuei loturiko beste bi saio, martxoaren 24an eta 29an
Asteartean auzoetako behar eta proposamenak landu zituzten. Martxoaren 24ako saioan herriko elkarteetako kideen ikuspegia jaso nahi du Udalak. Azken saio irekia martxoaren 29an izango da. Martxoaren 31n amaituko da proposamenak egiteko epea.
Martxoaren hasieran Zumaiako Udalak galdera luzatu zien herritarrei: 'Zer egingo zenuke Zumaian 500.000 eurorekin?'. Izan ere, 2023 eta 2024ko aurrekontuetan herritarrek aukeratutako proiektuak txertatuko dituzte. Dagoeneko proposamen ugari jaso dituzte, postontzietan zein partaidetza webgunean. Gainera, aste honetan bertan egindako saio irekian auzoetako behar eta proposamenak landu zituzten.
Beste bi saio ireki ere antolatu ditu Udalak. Martxoaren 24an (osteguna) herriko elkarteetako kideek identifikatzen dituzten beharrak, eta horiek dituzten proposamenak jaso nahi dituzte. Deialdi berezia egin diete herriko elkartegintzan lanean aritzen direnei, baina saioa irekia dela nabarmendu dute. Azken saio irekia martxoaren 29an (asteartea) izango da, eta herritar oro gonbidatu dute saiora.
Horrez gain, martxoaren 25ean (ostirala) Kofradiako plazatxoan postua jarriko dute berriro ere. Herritarrek aurrez aurre egin ahal izango dituzte proposamenak.
Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 31n amaituko da. Apirilean ekingo diote bigarren faseari: herritarrak, udal ordezkariak eta udal teknikariak eskuz esku ariko dira lanean, eta jasotako proposamenak lehenetsiko dituzte. Lan saio horiek bukatzean, jasotako proposamenak aztertu eta balorazioak egingo dituzte udal langileek. Irailean helduko diote berriro ere prozesuari: orduan, lehetsitako proiektu horien arteko aukeraketa egiteko momentua izango da. Zumaian erroldatutako 16 urtetik gorako herritar guztiek proiektuak bozkatzeko aukera izango dute. Azkenik, proiektu bozkatuenak 2023 eta 2024ko aurrekontuetan txertatuko ditu Zumaiako Udalak, 250.00 euro urte bakoitzean.
Informazio gehiago:
> Eskuorria
> partaidetza.zumaia.eus
Proposamenak egiteko epea zabalik, martxoaren 31ra arte
Lau aukera daude proposamenak egiteko:
- Orria bete eta postontzietako batean uztea. Udaletxean, kiroldegian, Alondegian, Gizarte Zerbitzuetan eta Oikiako eskolan jarri dituzte positontziak.
- Kalean egongo diren standetara hurbiltzea. Martxoaren 11n eta 25ean Saregile plazan egongo da horretarako aukera, 11:00etatik 13:00era eta 18:00etatik 20:00etara.
- Saio irekietan parte hartzea. Martxoaren 15ean, 24an eta 29an saio irekiak egingo dituzte Alondegiko Oxford aretoan, arratsaldeko 18:00etan.
- Proposamenak online egitea, partaidetza.zumaia.eus webgunean.
Albiste erlazionatuak
Partaidetzazko aurrekontuak
- 500.000 eurorekin zer egin erabaki dute zumaiarrek 2022/10/27
- Gaur da botoa emateko azken eguna 2022/10/14
- Partaidetzazko aurrekontuen inguruko saio irekia egingo da urriaren 4an 2022/09/29
- Partaidetzazko aurrekontuen prozesua iritsi da bozketa fasera: 20 proiekturen artean hiru aukeratu ditzake zumaiar bakoitzak 2022/09/26
Zumaia bizitzeko da
Parte hartzea
- Zumaiako gazte ekimenak diruz laguntzeko deialdia zabalik 2025/03/10
- Urriaren 5ean izango da aurtengo Flysch Trail mendi lasterketa 2025/03/03
- Olarro zopa egiteko dauden arazoei irtenbidea bilatzeko prest dauden herritarrekin harremanetan jarri nahi du Zumaiako Udalak 2025/02/27
- Urtarrilaren 14an (asteartea) zabalduko dute HAPOari buruzko erakusketa, bi bisita gidaturekin 2025/01/09