Irailaren 1ean zabalduko dute Zumaiako Musika eta Dantza eskolako matrikulazioa

2020/08/28

Irailaren 1etik 4ra matrikulazio epea zabalik egongo da Zumaiako Musika eta Dantza Eskolan. Bizi dugun egoera dela eta, matrikula telefono edo email bidez egin behar dute herritarrek. Aurtengo ikasturtean dantza garaikide eta antzerki ikastaroak urte osokoak izango direla aurreratu dute arduradunek.

2020/2021 ikasturteko klaseak irailaren 14an hasiko dira, eta egoerak ahalbideratzen duen bitartean behintzat, klaseak presentzialak izango dira; kurtso amaieran zehaztutako protokoloa jarraituko dute ikasturte berrian ere. Matrikulazioa irailaren 1etik 4ra egongo da zabalik, eta telefono edo email bidez egitea lehenetsiko dute. Bertara joateko hitzordua hartu beharko dute herritarrek.

Bulegoko ordutegia: 17:00etatik 19:00etara

Telefono zenbakia: 943 86 11 83

Emaila: musikaeskola@zumaia.eus

Musika eta dantza diziplinetan aukera zabala eskaintzen du Musika eta Dantza Eskolak, joera desberdinak landuz, bai bakarkako lanetan baita taldean ere. Hala nola, haurrentzako musika eta dantza tailerrak eskaintzen dira, baita dantza, antzerki, musikoterapia, harmonia, informatika musikala eta ahots teknikari lanen inguruko ikastaroak ere. Halaber, musika tresnen ikastaro ugari eskaintzen dira Eskolan, taldeka zein banaka praktikatzeko.

Aurtengoan dantza garaikide eta antzerki ikastaroak urte osokoak izango dira, eta horietan parte hartu nahi dutenek ere irailaren 1etik 4ra bitartean egin beharko dute matrikulazioa. Bestalde, musika tresnen tailer edo ikastaroetan matrikula kopurua mugatua izan ohi dela gogoratu dute arduradunek.

Ikastaro horien helburua edozein adinetako pertsonei dantza eta musikaren arloetan prestakuntza praktikoa ematea da. Baita lanbide-heziketarako prestaketa, interesa edo bokazioa duten pertsonei eskaintza profesionala ematea ere.

Musika eta Dantza Eskolaren lana urtean zehar

Musika eta Dantza Eskolak, Zumaiako gizarte eta kultur bizitza aberasteko eta dinamizatzeko asmoarekin hainbat jarduera antolatzen ditu urtean zehar: Xexili astea, inauteriak, santelmoak, elkartrukeak, topaketak, entzunaldi eta kontzertuak, dantzari txikiak… Aurtengoa ikasturte berezia izango da, baina egoerak baimentzen duen neurriko programazioa antolatuko da.

 

 

Albiste erlazionatuak