'Egin arraunean gurekin!' crowfunding kanpaina martxan, traineru berria erosteko

2024/04/12

Ekarpen ekonomiko baten truke, herritarrek eta enpresek haien izena traineruan edota paletan jartzeko aukera izango dute.

EGIN ARRAUNEAN GUREKIN!.pngEgin arraunean gurekin! lelopean, Telmo Deun Arraun Elkarteak, Zumaiako Udalarekin lankidetzan, crowdfunding kanpaina berezi bat jarri du abian, emakumezkoen taldearentzat traineru berri bat erosteko dirua biltzeko. Joseba Esnal Zumaiako arraun elkarteko presidenteak eta Garazi Eizagirre eta Argia Ibar emakumezko arraunlariek aurkeztu zuten kanpaina atzo, Aitor Manterola kirol zinegotziak lagunduta.

Ekarpen ekonomiko baten truke, herritarrek, koadrillek, enpresek eta bestelakoek haien izena traineruan edota paletan jartzeko aukera izango dute. Ekimenean parte hartu nahi dutenek eskuorria bete eta erosi duten establezimenduan edo arraun-klubaren lokalean utzi ahal izango dute. Orrian, diru-sarrera egiteko kontu-zenbakiei buruzko informazioa aurkituko duzue. Enpresaren logoa, berriz, telmodeunae@gmail.com helbidera bidali beharko dute. 

Egin gurekin arraunean!, ekarpen baten truke

Herritarrek, koadrillek, enpresek eta bestelakoek haien izena traineruan edota paletan jartzeko aukera izango dute. Gainera, ekarpena egiten duen herritar bakoitzak errenta aitorpenean hobaria jasoko du, % 30ekoa, hain justu; enpresa, taberna eta saltokien kasuan, hobaria % 18koa izango da.

Honakoak dira ezarri dituzten tarifa edo prezioak:

IZENA TRAINERUAN:

  • Herritarrak: Traineruaren barruan tamaina estandarreko izen batentzako gutxieneko ekarpena 50 eurokoa izango da.
  • Dendak eta tabernak: Saltokiek eta ostalariek 200 euroko prezioa izango dute traineruan euren izena agertzeko, eta izena eta logoa agertzeko, 300 eurokoa.
  • Enpresak: Enpresen kasuan, ontzi berrian izena jartzeko tarifa 1.000 eurokoa da, eta izena eta logoa jartzeko, 2.000 eurokoa.

IZENA PALAN:

Denda, taberna eta jatetxeen izena eta logoa ere palan joan daitezke; kasu horretan, prezioa 400 eurokoa da. 

Albiste erlazionatuak