Alokairurako laguntza berriei eta Emakumeon* Etxea egiteko lanei baiezkoa eman die udalbatzarrak

2020/09/28

Ardantzabideko lokal bat Emakumeon* Etxea izateko egokitzeko obrak egiteko kreditu aldaketari baiezkoa eman zion ostegunean udalbatzarrak, EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin. Alokairurako laguntza berrien ordenantzei ere baiezkoa eman zioten bi alderdiek. Halaber, Euskaraldiarekin bat egin zuen udalbatzarrak, ahobatez.

Udalbatzarretako akta guztiak

Emakumeon* Etxea Ardantzabiden

Emakumeon* Etxea Ardantzabideko udal lokal batean kokatuko da, eta lekua egokitzeko beharrezko obrak egiteko kreditu aldaketa onartu zuen udalbatzarrak ostegunean, EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin. Zehazki, 287.385,16 euroko kreditu aldaketa egingo da, lokalaren egokitzapenerako beharrezko obrak egiteko.

EAJren udal taldeak kreditu aldaketaren aurka bozkatu zuen, eta Ardantzabideko lokalean Gaztegunea kokatzea proposatu zuen; dena den, Emakumeon* Etxea proiektuari "babes osoa" ematen diotela azpimarratu zuten. PSEko ordezkariak herriko lokal guztien azterketa egiteko beharra nabarmendu zuen, elkarte eta erabiltzaile guztien beharrak aztertu eta soluzio egokienak topatzeko. Udal Gobernuko ordezkarien esanetan, Emakumeon* Etxeko ordezkariekin adostu dute lokalaren kokapena.

II. Berdintasun Planean eta Plan Estrategikoan aurreikusita zegoen proiektua da Emakumeon* Etxearena, eta 2017. urterako zegoen aurreikusita etxea egitea. Berdintasun Foroak Emakumeon* Etxea ezaugarritzeari ekin zion, eta 2018ko abenduan Emakumeon* Etxea Elkartea sortu zen. Proiektu kogestionatua izango zela adostu zen, eta 2018ko abenduan osoko bilkuran onartu zen proiektua.

Elkartearen dinamika martxan dago ordutik, eta leku fisikoa egokitzea zen falta zen pausua. Horrenbestez, Emakumeon* Etxearekin adostutakoa oinarri duen egokitzapena egingo da orain Ardantzabiden. Irailaren 23an lokala egokitzeko proiektua onartu zuten Gobernu Batzordean, eta hurrengo egunean, osoko bilkuran, proiektua gauzatzeko beharrezkoa den kreditu aldaketa onartu zen.

Datozen hilabeteotan egingo dira lokala egokitzeko beharrezko lizitazioa eta lanak. Ikusi hemen proiektuaren planoak.

Alokairurako laguntza berriak

2020ko deialdian alokairurako laguntzan oinarri berriak izango dira. EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin egin dute aurrera oinarri berriek. EAJ oinarri berrien aurka agertu da, "Zumaiako gazteen emantzipazioa erraztu baino zaildu egingo duelakoan".

Aurrerantzean 35 urtetik gorako herritarrek ere jaso ahal izango dute laguntza. Halaber, beste hainbat aldaketa ere izango dira laguntzen oinarrietan: laguntza indibiduala izango da, alokairuaren prezioan ez da mugarik egongo, laguntza jasotzeko erroldaren baldintza sei hilabetera jaitsiko da. Datozen asteotan argitaratuko dira behin betiko oinarriak, eta orduan zabalduko da laguntza eskatzeko epea.

Covid-19ari aurre egiteko inbertsioak egiteko laguntzak, merkatari eta ostalarientzat

Udalbatzarrak aho batez onartu zuen merkataritza eta ostalaritza sektoreak laguntzeko 50.000 euroko diru laguntza. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako laguntzak dira, eta erakunde horrek jarritako 38.000 euroei 12.000 euro gehiago gehituko dizkio Udalak.

Kopuru hori Udalak kudeatuko du, eta datozen asteotan argitaratuko dira dirulaguntzak eskatzeko xehetasunak. 2.000 eurora arteko dirulaguntzak izango dira, Covid-19ari aurre egiteko egin behar izan diren edo egingo diren inbertsioetan laguntzeko.

Zumaiako Udala Euskaraldiarekin bat

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko den Euskaraldia egitasmoari bere babesa eman dio Zumaiako Udalak, ahobatez. Iñaki Ostolaza alkateak aipatu zuen “erantzukizunez eta konpromisoz” egingo duela bat Zumaiako Udalak.

Beste hainbat erabaki

Ohiko osoko bilkuran beste hainbat gai landu zituzten. Hala nola, honako gaiak atera ziren aurrea:

  • UDAL BRIGADARENTZAT FURGONETA: Udal brigadari furgoneta hibrido berria jartzeko 6.000 euroko kreditu aldaketa onartu zuten
  • GARBIKETA: Egun bizi dugun egoerara moldatzeko garbiketa zerbitzua indartuko da (19.360 euro gehiago txertatu dira, guztira 54.360 euro).

  • INBERTSIOAK UR HORNIDURA AZPIEGITURETAN: 104.820,64 euroko kreditu aldaketa egin zen. Aita Marin 56.500 eurokoa eta Larretxon 48.320 eurokoa. Guztira 128.820,64 euro bideratuko dira ur hornidura azpiegituretan inbertsioak egiteko.

  • DOKUMENTALA: Udalak UKTrekin elkarlanean COVID-19ak sortutako pandemia egoeran zumaiarren bizipenak bilduko dituen ikus-entzunezkoa egiteko 28.132,50 euroko partidari baiezkoa eman zion udalbatzarrak.
  • HAURREN HIRIA ETA OINHERRI SAREAK: udalbatzarrak ahobatez onartu zuen bi sareotan sartzea. Datozen asteotan emango dituzte xehetasun gehiago.