0-6 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako bizipen tailerretarako izen-ematea zabalik, urriaren 18ra arte
Bizipen tailerrean hobeto sentitzeko, soluzioak bilatzeko, hausnartzeko, eta, kezka eta ideiak partekatzeko aukera izango dute Zumaiako gurasoek, Jon Urdineta eta Itziar Rosado psikomotrizisten eskutik. Aurten hiru saioko programa izango da, eta astelehenetan bilduko dira, 17:00etatik 19:30era. Parte hartu nahi duten gurasoek urriaren 18a baino lehen eman beharko dute izena.
Bizipen tailerrean guraso moduan hobeto sentitzeko, hoberena dena egiteko, soluzioak bilatzeko, hausnartzeko, partekatzeko... aukera izango dute gurasoek. Horretarako, gai askori helduko diote tailerretan: amorrua, mugak, teknologia, autokontrola, eskola eta sozializazioa, besteak beste.
Aurten, hiru saioko programa izango da, eta astelehenetan izango dira saioak (urriaren 23an, azaroaren 20an eta abenduaren 11n), 17:00etatik 19:30era. Bi erreferente dauden kasuetan, biek parte hartzea gomendatzen dute antolatzaileek.
Dinamizatzaileak aurreko urteetako berdinak izango dira, Jon Urdineta eta Itziar Rosado psikomotrizistak. Bizipen tailerrak euskaraz eskainiko dira, baina eskatzaileen beharren arabera gaztelerazko bigarren talde bat osatzea aztertuko dute Gizarte Zerbitzuetako arduradunek. Horrenbestez, interesa duen oro Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzera gonbidatu dituzte.
Izen-ematea
Bizipen tailerrean parte hartu nahi duten gurasoek urriaren 18a baino lehen eman beharko dute izena, herriko ikastetxeek e-posta bidez zehaztutako moduan edo Gizarte Zerbitzuetan zuzenean (Branka Gizarte Zerbitzuen bulegoetara joanda, brankaharrera@zumaia.eus e-mailera idatzita, edo 943 86 22 00 telefono zenbakira deituta.
Matrikulak 20 euro balio ditu pertsonako, eta honako kontu korronteak sartu beharko da dirua: KUTXABANK ES28 2095 5174 90 1060024873. Izen-ematea egiterako momentuan aurkeztu beharko da ordainagiria.
Guraso eskolak, bidelaguntza eskaini eta sare berriak sortzeko
Gurasoak heziketa prozesuan inplikatzea eta horretarako bidelaguntza eskaintzea, eta gurasoen arteko sare berriak sortzea dira Zumaiako Guraso Eskolaren helburuak. Udaleko Gizarte Zerbitzuek, Hezkuntza eta Gazteria sailek, eta herriko hezkuntza komunitateak elkarlanean antolatutako programa da, eta 0 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteen gurasoei zuzenduta dago. Hala, hiru talde desberdinetan banatuta, adin-tarte bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako formakuntza jasotzeko aukera izaten dute Zumaiako gurasoek.
Programa antolatzeko Zumaiako Udalak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza dauka, eta hitzaldietako batzuk Treba Gurasoak programaren baitan kokatzen dira.
Albiste erlazionatuak
Gizarte Zerbitzuak
Guraso Eskolak
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko oporretarako 2023/12/06
- Francoren 1936ko altxamendu faxistaren ondorioz hildako zumaiarrak omenduko dituzte abenduaren 16an 2023/12/06
- Banatu dituzte Julene Azpeitia ipuin lehiaketako 36. edizioko sariak 2023/12/01
- GAITU proiektua bultzatzeko deia egin du Zumaiako Udalak ere 2023/11/28