Aurtengo santelmoak urrian ospatuko dira

2020/04/03

Santelmoak urrian ospatzea erabaki du Zumaiako Udalak, herriko kirol eta kultur eragile eta ostalariekin bildu ostean. Bi asteburutan ospatuko dira, urriaren 10-12 eta 17-18an.

Alarma egoera dela eta, herriko festak apirilean ospatzeko eragozpenekin topatu da Zumaiako Udala. Egoera horren aurrean, jaiek zumaiarrentzat duten garrantziaz ohartuta, data berriak zehazteko lanetan aritu da Udala. Horrela, herriko eragile eta mugimenduekin harremanetan jarri da, bi data proposamenekin: ekaina amaieran, San Pedroekin batera ospatzea, ala urriko bi asteburutan ospatzea. Bi aukeren artean San Telmoak urrian ospatzea nahiago dutela adierazi dute eragile gehienak, eta hala egingo da.

Hogeitik gora eragilerekin batera hartu du erabakia Udalak: bertso eskola, txosna batzordea, musika eskola, txistulari banda, udal musika banda, Arbustain motor elkartea, haur eta helduen danborraden antolatzaileak, Itxas Gain elkartea, UCC-Scalextrix elkartea, trikitilariak, San Pedro abesbatza, Erkibe kultur elkartea, Beheko Plaza elkartea, mugimendu feminista, txaranga, pilota elkartea, zaldi lasterketaren antolatzaileak, estropaden antolatzaileak eta K2 xake elkartea, besteak beste. Ostalariekin ere partekatu dute San Telmoen data berrien gaineko eztabaida, baita Elizarekin ere.

San Telmo jaien antolaketan parte hartzen duten eragileen eta ostalarien gehiengoak festak urrian ospatzea nahiago zutela adierazi dute, eta ondorioz, Udal Gobernuak eragileek hartutako erabakia berretsi du. Gainontzeko udal taldeei erabakia jakinarazi ostean, “herritar guztiei aurten San Telmoak ospatu egingo direla” adierazi nahi izan diete herritarrei.

Nolako jaiak, ze ekitaldi egin daitezkeen eta nola, eragile guztien artean eta garaiz erabakiko dutela adierazi dute Zumaiako Udalaren izenean. “Bizi dugun egoerak aukera ematen digunean ekingo diogu agenda guztia berrantolatzeari eta jaien kasuan batik bat eragile guztiekin hartuko dira erabakiak”, azaldu dute.

Albiste erlazionatuak