Bereziak izango dira aurtengo San Pedro jaiak
Kontzertuak eta haurrentzako ekitaldiak antolatu ditu Udalak sanpedroetarako. Uztailerako prestatutako ekitaldien berri ere eman dute, eta ekitaldi horiek guztietan bete beharreko neurriak zein diren azaldu dute.
Bizi dugun osasun krisiak eragina izango du aurtengo sanpedroetan, baita udarako bestelako kultur ekitaldietan ere. Iñaki Ostolaza alkateak esan duenez, “uda berezia” izango da aurtengoa, eta “festak eta kultur ekitaldiak ere bereziak izan beharko dira halabeharrez”. “Arduraz eta elkartasunez” jokatzeko eskatu die Zumaiako alkateak herritarrei.
Sanpedroetarako antolatu dituzten ekitaldien berri eman du Marina Bidasoro kultur zinegotziak. Musika Eskolako Dultzaineroekin hasiko dira sanpedroak ekainaren 27an, larunbatean; arratsaldean haurrentzako antzerkia izango da Beheko Plazan. Igandean, ekainaren 28an, Zumaiako Musika Eskolako eta Tolosako dultzaineroeen goiz soinuak herria alaituko du; 10:00etan Trikitxas bikotearen kalejira abiatuko da, eta 13:00etan jota ikuskizuna izango da Beheko plazan; arratsaldean haurrentzako zine-emanaldia eta ZUMB Big Band kontzertua izango dira. San Pedro egunean, ekainaren 29an, Tolosako dultzaineroen ostean meza abestua izango da Parrokian; eguerdian ZUMBen eskutik pasodobleak eta boleroak joko dituzte; arratsaldean, haurrentzako zine-emanaldia eta TikTararen kontzertua izango dira. Sanpedroetan ohikoak diren hainbat ekitaldi -su artifizialak eta danborrada- bertan behera utzi behar izan dituzte, jende pilaketak saihesteko.
Ekitaldiak ikusteko gonbidapenak beharko dituzte herritarrek. Izan ere, Miriam Romatet Kultur teknikariak azaldu duenez, Udala legez behartuta dago aforoa kontrolatzera, eta hainbat neurri hartu behar izan ditugu. Ekitaldietarako gonbidapenak Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri, bezperan; “herritarrei eskatzen diegu arduraz jokatzeko, eta gonbidapena hartzekotan ekitaldira joateko, aforoa ohikoa baino txikiagoa izango delako”. Ekitaldietan herritarren arteko distantzia gordetzeko neurriak hartuko dituzte, eta ikusleek maskara jantzita eta eserita egon beharko dute.
Iñaki Ostolaza alkateak herritarren arduraren garrantzia azpimarratu du: “orain arte erakutsitako ardurari eutsi behar diogu, pertsonen arteko distantzia mantenduz, beharrezkoa denean maskara erabiliz eta, orokorrean, jende pilaketak saihestuz”.
ZUMBen kontzertuak, formatu txikian
Joxe Mari Azkue Zumaiako Udal Bandako zuzendaria ere agerraldian izan da. Azaldu duenez, aldi honetan entsaiatzeko muga handiak izan dituzte, eta kontzertuetan ere nabarituko da osasun krisiaren eragina: “emanaldiak formatu txikian egin beharko ditugu, ohi baino musikari gutxiagorekin, eta gure kontzertuetan ezin izango da dantzarik egin oraingoz”. Edozein kasutan, plazak hartzeko “gogotsu” daudela adierazi du. Larunbateko kontzertuan azaroan eskainitako kontzertuaren moldaketa eskainiko dute, eta besteak beste, Amy Winehouse bezalako artisten abestien bertsioak joko dituzte. Igandeko kontzertuan pasodoble eta boleroak joko dituzte, banda hiru talde txikitan banatuta.
Ekhi Gaua, Estalapean
Ekhi gaua etxetik ospatu beharko dute herritarrek aurtengoan. Mila Bakedano Astindu Dantza Elkarteko ordezkariak azaldu duenez bideo bat prestatu dute Ekhi Gauerako, ekainaren 23rako: “konfinamendu aldian pentsatzen aritu ginen zein izan zitekeen alternatiba, eta jendea gogotsu zegoenez bideo bat prestatzea erabaki genuen”. Astindu elkarteko dantzarien, Inpernupeko Joareen eta txalapartarien dantza eta soinuen osatuko dute online ikuskizuna. Oier Romatet eta Idoia Zearretak prestatutako bideoa Estalapean (baleike.eus orrialdean) ikusi ahal izango da ekainaren 23an.
Iñaki Ostolaza alkateak gogorarazi du aurtengo San Juan gauean ez dela San Juan Iturrian surik piztuko, ezta Gernika parkean ere, eta herritarrei adierazi die ezin izango dela surik egin.
Egoerara moldatzen
Bidasorok Udaleko Kultur Sailaren zein herriko kultur elkarteen lana eta ahalegina eskertu du, “egoera ezegonkor honetan ere moldatzeko erakutsi duten gaitasunagatik”. “Aurrez egindako lan handiari esker aurkeztu dezakegu gaur sanpedroetako egitaraua”, esan du.
Era beran, etxean egoteko aginduak iraun bitartean sortu zen ‘Estalapea’ proiektuari egin dio erreferentzia: “herriko sortzaileekin batera lortu dugu etxean geundenean ere Zumaia bizirik mantentzea eta nabarmentzekoa da ‘Estalapean’ parte hartu duten guztien lana”. Ekhi Gaueko online ikuskizuna eta Txori Txiki Musika Eskolaren bideoa argitaratuko dituzte datorren astean. Gainera, ‘Estalapea’ atariari itxiera emateko ekainaren 30ean Ismael Manterolak egindako Komentuko bisita gidatua argitaratuko dutela aurreratu du.
Kultur emanaldietarako jarraibideak
Emanaldi bakoitzeko gonbidapenak Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri, ekitaldiaren bezperan (ordutegia: egunero 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara). Helduen ekitaldietarako pertsonako bi gonbidapen hartu ahal izango dituzte herritarren; haurrei zuzendutako ekitaldientzat, berriz, pertsonako lau sarrera hartu ahal izango dira.
Kultur emanaldietan bertan hainbat arau bete beharko dituzte ikusleek:
- Leku mugatuak izango dira ekitaldietan, indarrean dagoen araudiaren arabera
- Pertsonen arteko distantziak gorde beharko dira
- Maskara jantzita edukitzea beharrezkoa izango da
- Garaiz etorri, jende pilaketak saihesteko. Banan-banan esertzeko denbora beharko da
- Sartzean adieraziko zaizue non eseri: helduen emanaldietan, banaka; haurren ekitaldietan, gehienez 4 lagun elkarrekin
- Une oro norbere tokian eserita egon beharko da emanaldia amaitu arte
Egitaraua: Sanpedroak 2020
Ekainak 27, larunbata
09:00 Zumaiako Musika Eskolako dultzaineroekin goiz soinua
18:00 Beheko plazan antzerkia haurrentzat: Azken balea, Tomaxen abenturak
Ekainak 28, igandea
09:00 Zumaiako Musika Eskolako eta Tolosako dultzaineroekin goiz soinuak
10:00 Kalejira Trikitxasekin
13:00 Beheko plazan jotak: Voces Navarras
17:00 Aita Marin zinea haurrentzat: Turuleka oiloa
19:30 Beheko plazan ZUMB Big Band
Ekainak 29 SAN PEDRO EGUNA
09:00 Tolosako dultzaineroekin goiz soinua
11:00 Parrokian meza abestua San Pedro abesbatzarekin
13:00 Beheko plazan ZUMB: pasodobleak formatu txikian
17:00 Aita Marin zinea haurrentzat: Turuleka oiloa
19:30 Beheko plazan kontzertua: TikTara
Uztaileko egitaraua
2, osteguna
18:00 Beheko plazan antzerkia haurrentzat: Ehiztari ehizatua, Patata tropikala
5, igandea
19:30 Beheko plazan mariatxiak: Mariachi platino de México
11, larunbata
19:30 Ondartxon kontzertua: The Nowhere Plan
18, larunbata
19:30 Odietan dantza: Tio Teronen semeak
23, osteguna
18:00 Aitzurin ikuskizuna haurrentzat: Vademekun, Zirkozaurre
25, larunbata
Braderie, Gertu merkatarien elkartearen eskutik
19:30 Odietan dantza garaikidea: Jaiotz Osa
Uztailak 30-abuztuak 9
ZUMAIAKO MUSIKA JAIALDIA
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
Festak
Kultura
Covid19
- COVID ziurtagiria dela-eta, Zumaiako Udalaren oharrak 2021/12/16
- Kiroldegian eta kultur ekitaldietan ohiko funtzionamendua berrezarriko da ostiral honetan 2021/10/07
- Zabalik dago ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatzeko dirulaguntzen deialdia 2021/08/06
- Aurtengo udan ere betetze maila neurtuko da Zumaiako hondartzetan 2021/06/11