Forondako ikastaroetan izena emateko aukera izango da irailaren 22tik 28ra

2021/09/10
Beharrezkoa den kasuetan zozketa bidez banatuko dira plazak. Eskuratutako lekua ez galtzeko, garaiz ordaindu beharko da matrikula.

Forondako kultur ikastaroek ikasturte osoko iraupena izango dute aurtengoan, eta urriaren erdialdean hasi eta maiatzaren amaieran bukatuko dira.

Eskaintza zabala prestatu du Udalak beste urte batez: tai chi ikastaroa, yoga ikastaroa, qi gong eta meditazioa, kontrol mentalari buruzko ikastaroa (gazteleraz), pintura ikastaroa, oinarrizko zeramika, zeramika aurreratua, egur taila ikastaroa, oinarrizko pintura nerabeentzat, oinarrizko pintura haurrentzat, eta 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako plastika tailerra egin ahal izango dituzte zumaiarrek.

Osasun egoerak hala behartuta zenbait neurriri eutsi beharko bazaio ere, aurtengo Forondako ikastaro eskaintza iazkoa baino osoagoa da: batetik, ikastaro gehiago eskainiko dira, eta bestetik, hasieratik ikasturte osorako eskaintza egingo da. Gainera, helduen pintura, zeramika aurreratua eta egur taila ikastaroen kasuan, tailerra ordutegiz kanpo erabiltzeko aukera berreskuratuko da (betiere, aurrez zehazten diren egun eta ordutegian).

Halaber, ahalik eta jende gehienen parte hartzea bermatzeko eta ikastaro berriak eskaintzeko, aldaketak egin dira ikastaro batzuen maiztasunean eta ordutegietan. Sarrera eta irteeretan jende pilaketak saihestea eta garbiketa ziurtatzea ere bada helburua. Zentzu horretan, ordutegiak zorrotz betetzearen garrantzia nabarmendu nahi du Udalak.

Ikusi eskaintza osoa hemen: ikastaroak, ordutegiak eta oharrak

Izen-emate orria: adi irakurri oharrak

Zozketa bidez banatuko dira ikastaroetako plazak

Ikastaro eta ikasgela guztietan aforoa eta pertsonen arteko distantzia neurtu beharko dira ezinbestean. Hori dela eta, beharrezkoa den kasuetan, zozketa bidez banatuko dira ikastaroetako plazak aurten ere. Modu honetan, izen-ematea iriste-ordenaren arabera egitearekin gerta daitezkeen jende pilaketak ere saihestu nahi ditu Udalak.

Plaza mantentzeko ezinbestekoa izango da ordainketa ezarritako epean egitea, baina oraingoan, ikasturte osoko ikastaroak direnez, ordainketa bi zatitan egiteko aukera emango da (matrikularen inguruko xehetasunak hurrengo atalean).

Izen emateak eta matrikularen ordainketa

Herritarrek izen-emate orria bete beharko dute, eta irailaren 22tik 28ra bitartean entregatu. Eskuorria eskuragarri dago Alondegian zein lotura honetan, eta bi modutan entregatu daiteke:

  • Alondegian bertan (Alondegia Kultur Etxea, 9:30-14:00. 943 86 10 56)

  • edo e-posta bidez bidali (alondegia@zumaia.eus)

Irailaren 29tik aurrera tokia duten herritarrei ordainketaren inguruko informazioa bidaliko die Kultur Sailak. Matrikulazioa amaitzeko ezinbestekoa izango da ikastaroa aurrez eta zehaztutako epean ordaintzea; hala egin ezean, tokia galduko luke herritarrak. Epe barruan ordainketa egiten ez dutenen tokia itxaron-zerrendan daudenei eskainiko zaie.

Aurten ikasturte osoko matrikula ordaindu beharko denez, zenbatekoa handiagoa izango da, eta ordainketa errazteko, bi zatitan ordaintzeko aukera izango dute ikasleei.

Osasun egoera dela eta kontutan hartu beharrekoak

Bizi dugun osasun egoera tarteko, zenbait neurriri eutsiko dio Udalak: taldeak txikiak eta itxiak izango dira, ordutegi aldaketak egon ahal izango dira, eta osasun neurriak errespetatu beharko dira, besteak beste. Edonola ere, aurtengo Forondako ikastaro eskaintza iazkoa baino osoagoa da: batetik, ikastaro gehiago eskainiko dira, eta bestetik, hasieratik ikasturte osorako eskaintza egingo da.

Honakoak dira jarraibide nagusiak:

  • Ikastaroetan unean unean zehaztutako segurtasun neurriak errespetatu beharko dira: uneoro maskara jantzita eduki eta distantzia gorde beharko dute partehartzaileek

  • Aurreikuspen guztiak COVID-19ak momentu horretan ahalbidetzen duen egoeraren menpe egongo dira, eta beraz, aldaketak izan litezke

  • Ikasle bakoitza izena emandako talde eta ordutegian soilik arituko da, eta ordutegiak zorrotz bete beharko dira.

  • Taldeko ordutegitik kanpo tailer irekia duten ikastaroetan, esandako ordutegi eta egunean soilik aritu ahal izango dira ikasleak bere kasa.