TAO bulegoa astelehenean irekiko dute

2020/06/05

TAO bulegoa ekainaren 8an irekiko dute, txartela galdu dutenen zein berria behar dutenen eskaerak jaso eta zalantzak argitzeko. Kantauri plaza 7an egongo da aurten, eta herritarrek aurrez hitzordua hartuta joan beharko dute. Udalaren izenean gogorarazi dute egoiliarren kasuan iazko txartela erabili beharko dutela.

Ekainaren 8tik aurrera zabalik egongo da Zumaiako TAO bulegoa. Kokapen berria izango du aurten, Kantauri plaza 7a, eta bulegorako sarrera Gernikako parkearen aldetik sartu beharko dira herritarrak.

Hala, txartel berria egiteko, zalantzak argitzeko edo aldaketen berri emateko (helbidea aldatzea, ibilgailua aldatzea, iazko txartela puskatu edo galtzea...) herritarrek bulegora deitu edo idatzi beharko dute, hitzordua hartzeko. Jende pilaketak saihestea da hitzordua aurrez eskatzearen arrazoia.

TAO Bulegoa. Kantauri plaza, 7

672 098 718 / zumaiatao@eysaservicios.com

Uda sasoi guztian, astelehenetik ostiralera: 9:00-13:30 / 17:00-19:30

TAO zerbitzua uztailaren 1etik aurrera

Udako TAO zerbitzua uztailaren 1etik irailaren 15era egongo da indarrean 2020an. Ordenantzaren arabera ekainaren 15etik aurrera egon beharko litzateke martxan TAO zerbitzua, baina egun bizi dugun krisi egoerak bultzatuta, zerbitzuaren hasiera uztailaren 1era luzatu behar izan du Udalak.

Izan ere, alarma egoera dela eta, bulegoa ezin izan da orain artean ireki, eta ondorioz, kudeaketa eta txartel berrien eskaera guztiak astebetean egitea ezinezkoa zela ikusita, beharrezkoa izan da TAO zerbitzuaren hasiera data atzeratzea. Gainera, TAO bulegoan ere, gainontzeko eraikinetan aplikatzen den protokoloa bete beharko da, eta beharrezkoa izango da hitzordua aurrez eskatzea jende pilaketak saihesteko. Horrek guztiak epeak luzatzea ekarriko du, eta ondorioz, beharrezkoa izan da TAO zerbitzuaren hasiera uztailaren 1era luzatzea.

Azken urteetan bezala, errotazio altuko guneak, egonaldi ertaineko gunea eta egoiliarrentzako guneak bereiziko ditu Udalak.

Egoiliarren gunean autoa uzteko ezinbestekoa izango da egoiliar txartela izatea; Udalak jakinarazi duenez, dagokien ordainketa egin ondoren, iazko txartela uda honetan berrarabili ahal izango dute herritarrek. Iaztik egoiliar txartela dutenek egunotan norbere etxean jasoko dute 2020ko ordainagiria, eta ordainketa egin ondoren, iazko txartela erabili ahal izango dute.

Zumaian lan egiten dutenek, gremioetako kideek zein bigarren etxebizitza Zumaian dutenek TAO bulegoan egin beharko dute txartelaren eskaera, aurrez hitzordua hartuta. Txartela galdu duten egoiliarrek edo bestelako aldaketak egin behar dituztenek ere hitzordua eskatu beharko dute.

Gune arautuak ekainaren 15etik indarrean egongo dira, baina uztailaren 1ean abiatuko da TAO zerbitzuaren kontrola. Edozein kasutan, Udalaren izenean gune horietako arauak errespetatzeko eskatu dute.