ZKOOP egitasmoa aurkeztu dute, 'ekintzailetza kooperatiboa, ekonomia soziala eta tokiko garapena bultzatzeko'
Zumaiako Udalak eta OlatuKoop sareak ekonomia sozial eraldatzailearen bidea ireki nahi dute Zumaian. Jardunaldi irekia antolatu dute martxoaren 2rako, eta bost formazio saio egingo dituzte martxoan eta apirilean. Horiekin batera, Hogarrean elkarlan gunea martxan jarriko dute.
Zumaiako Udalak eta OlatuKoop sareak ZKOOP egitasmoa aurkeztu dute gaur eguerdian Zumaiako Gizarte Zentroan (Hogarrean). Bertan kokatuko da elkarlan zentroa, “lanerako tokia, eta ekonomia sozial eta eraldatzailearen topalekua”.
Legealdi hasieran coworking edo elkarlan zentro bat egiteko asmoa agertu zuen Udal Gobernuak. Iñaki Ostolaza alkatearen arabera, “eredu desberdinak aztertu ondoren, ekonomia sozial eraldatzaileak ardaztuko duen” elkarlanerako espazio bat sortzea erabaki dute. Olatukoop sarearen laguntza izango dute horretarako.
"Tokiko garapenean sakondu eta egitasmo berriak martxan jarri nahi dituzten zumaiarrak laguntzea da helburuetako bat, horretarako ekonomia sozialaren eta kooperatibismoaren esperientziak ezagututa", azaldu du Ostolazak. Maider Alberdi zinegotziak zehaztu du “bideari ekiteko, lau pauso” emango dituztela: lehenik, jardunaldi irekia egingo dute martxoaren 2an; ZKOOP fabrika hasiko da jarraian; maiatzean aukeratutako proiektuei tutoretza saioak eskainiko dizkiete; eta modu paraleloan, Hogarrean “elkarlan edo coworking zentro eraldatzailea” jarriko dute martxan.
Gorka Julio OlatuKoopeko kidearen esanetan, egitasmo honekin, “Zumaian sustraitutako” proiektuak bultzatu nahi dituzte. Izan ere, “ekonomia sozial eraldatzaileaz ari garenean, proiektu profesional hutsez harago, herriari eta komunitateari ekarpena egiten dioten proiektuez ari gara”. “Coworking kontzeptuaz ulertzen dena gainditu” nahi dute. Elkarlan gune bat sortu nahi dute, lanerako toki bat izateaz gain, “Zumaiaren eta zumaiarren beharrei erantzungo dieten proiektuak hauspotzeko balioko duena”. Ostolazaren ustetan “bideorri hau lehen pauso bat da, Zumaian ekonomia sozialaren eta ekintzailetza kooperatiboaren bidearen hasiera”.
'Zumaia ekonomia sozialerantz' jardunaldia
Martxoaren 2an (asteazkena) Zumaia ekonomia sozialeratz jardunaldi irekia egingo dute Hogarrean bertan, 18:00etatik 20:00etara. Jardunaldia euskaraz izango da, eta aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da gazteleraz. Parte hartzeko ez da aurrez izena eman beharko.
Leire Udabe OlatuKoop sareko kideak azaldu duenez, ekonomia soziala eta tokiko garapen eraldatzailearen inguruko marko orokor bat emango dute jardunaldian. Ondoren, kasu praktikoak ezagutzeko aukera izango dute zumaiarrek. Naroa Elortzak eta Agurtzane Allurrek Goierriko Biziola elkartearen esperientzia azalduko dute; Josu Labaka Azpeitiko zinegotzia Azpeitin elikaduraren eta kulturaren inguruan martxan jarritako proiektuez eta esperientziaz ariko da; eta Gartzen Garaio Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kideak espazio fisiko baten bueltan martxan jarritakoa azalduko du. Jardunaldia ixteko, Zumaian egin daitekeenaren inguruan hausnartzeko tartea izango da.
ZKOOP fabrika eta bidelaguntzak
Jardunaldia eta gero, martxoa eta apirilean ZKOOP fabrika egingo dute, bost saioz osatutako formazio trinkoa; ekonomia sozialean interesa duten herritar eta eragile guztiei zuzendutako saioak izango dira, eta gonbidapen berezia egin diete “proiektu profesional bat edo ekimen sozioekonomiko eraldatzaile bat martxan jarri nahi dutenenei”. Gorka Julioren esanetan, “ideia bat duten taldeak zein norbanakoak” izango dira ongietorriak. Izan ere, egitasmoaren baitan proiektu kolektiboak hobestuko badira ere, indibidualki datozen pertsonen ideia edo proiektuak, proiektu kolektiboak bihurtzeko bidea zabaldu daiteke.
Formazio saioak euskaraz eskainiko dituzte, eta parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute zkoop@olatukoop.eus e-mailera. Zalantzak dituztenek zkoop@olatukoop.eus e-mailera idatzi edo 645 719 519 telefono zenbakira deitu dezakete.
> Izen-emateak: zkoop@olatukoop.eus
> Zalantzak argitzeko: zkoop@olatukoop.eus | 645 719 519
Behin formakuntzak amaituta, maiatzetik aurrera ekintzailetza ideiaren bat aurrera eraman nahi duten zumaiarrei behar duten bidelaguntza eskainiko die ZKOOPek, bai aholkularitza pertsonalizatuaren bidez eta baita elkarlan zentroan leku fisikoa eta baliabideak eskuragarri jarrita.
Elkarlan zentro eraldatzailea, Hogarrean
Prozesu guzti honek leku erreferentzial bat behar duela iritzia, Zumaiako Gizarte Zentroko (Hogarra) lehen solairuan elkarlanerako zentroa zabalduko dute.
Iñaki Ostolaza alkateak azaldu duenez, prozesuaren baitan proiektu bat martxan jartzen dutenek bertan lan egin ahal izango dute. Horretarako, hiru espazio moldatuko dituzte: geletako bat, lan egiteko egokituko dute; sarrerako gunea ere izango dute, office moduan erabiltzeko; hirugarren gunea erabilera anitzekoa izango da, bilerak eta formazioak egiteko, besteak beste.
Albiste erlazionatuak
ZKOOP
- Martxan dago Elkarlan Gunea, ekintzaileen eta proiektu kolektiboen topalekua 2023/11/08
- Ostegun honetan zabalduko dute Hogarreko elkarlan gunea 2023/10/31
- Herrialde Katalanetatik Zumaiara bisita, 'ekosistema kooperatiboa sortzeko hasita bidea' ezagutzeko 2023/03/20
- Eskura udal aldizkariaren ale berria webgunean ere bai 2022/08/10
Tokiko garapena
- Eguteraren inguruko informazio saio irekia, astearte honetan Aita Mari zineman 2024/03/11
- Ostegun honetan zabalduko dute Hogarreko elkarlan gunea 2023/10/31
- Merkataritza arloko diagnostikoa aurkezteko saioa izango da ekainaren 28an 2023/06/22
- Baratzeak erabiltzeko esleipendunen behin betiko zerrenda eta itxarote zerrenda argitaratu dira 2023/04/20
Parte hartzea
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute hilaren 29an 2024/10/23
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16
- 'Zumaian euskararekin zer?' prozesuaren barruan partaidetza saioei ekingo diete urrian 2024/10/03
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04