Estazio kaleko bide-zirkulazioa hobetzeko lanak egingo ditu Udalak datorren astean

2024/05/24

Alai auzunetik —Aitzuri frontoi aldameneko pasabidearen aldetik— Estazio kalerantz doan bidean bi noranzkoko errepidea margotuko da, eta Lagun Artea edo tren estazioaren aldetik datorren sarbidea itxi egingo da trafikoarentzat.

Zumaiako Udalak aldaketak egingo ditu Estazio kaleko bide-zirkulazioan, auzotarren eskaerei erantzunez eta haiekin adostutako eran. Eguraldia lagun bada, maiatzaren 30ean egingo dituzte lanak.

Bide-zirkulazioa optimizatzeko eta herritarren segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko ahaleginean, bi aldaketa nagusi egingo ditu:

  • Alde batetik, Alai auzunea eta Estazio kalea lotzen dituen errepidean hobekuntzak egingo dira: Alai auzunetik —Aitzuri frontoi aldameneko pasabidearen aldetik— Estazio kalerantz doan bidean bi noranzkoko errepidea margotuko da. Hobekuntza horiek aparkaleku batzuk kentzea ekarriko dute, zirkulazioa arinagoa eta seguruagoa izan dadin. Edonola ere, etxe pareetan dauden aparkalekuak bere horretan mantenduko dira.
  • Bestalde, bide hori ibilgailuentzat itxiko da Lagun Artea tabernaren aldetik, bariantetik edo tren estazio aldetik datozenentzat. Modu horretan, noranzko horretatik soilik oinezkoak eta bizikletak sartu ahal izango dira.

Zumaiako mugikortasunari buruzko ikuspegi orokor baten barruan kokatzen da bidea berrantolatzeko proiektu hau. Halaber, jakinarazi nahi du Estazioko urbanizazioaren egokitzapen lanekin jarraituko duela aurrerantzean ere. Esku-hartzeak pintura-lanak eta seinaleztapen horizontala eta bertikala egokitzeko lanak barne hartuko ditu, bidearen erabiltzaile guztientzako orientazio egokia ziurtatuz.

Albiste erlazionatuak