'Zaintzen duen herria irudikatzeko' prozesua martxan dago Zumaian

2022/09/21

Emakumeon* Etxeak, Malen Etxea elkarteak eta mugimendu feministak sustatu dute prozesua, eta azken hilabeteotan egoeraren azterketa egiteko eta hausnarketa sustatzeko elkarrizketak egin dituzte. Urriaren 22rako egun osoko jardunaldia antolatu dute.

ZaintzaZumaia.pngEmakumeon* Etxea, Malen Etxea emakume migranteen elkartea eta mugimendu feminista elkarlanean ari dira Zumaiarako zaintza eredu berri bat amatzeko. Malen Etxea elkarteko Silvia Carrizo eta Jessica Guzmanek, Aratz Zearreta Emakumeon* Etxeko dinamizatzaileak, eta Maddi Altuna mugimendu feministako kideak, eta Maider Alberdi berdintasun zinegotziak eman dituzte proiektuaren inguruko xehetasunak astearte honetan, Emakumeon* Etxean. 

Silvia Carrizok azaldu duenez, Zumaiako herritar eta eragile sozialen artean zaintzen duen herri ereduari buruzko eztabaida sustatu eta garatzea dute helburu. Eztabaida horretatik abiatuta, etorkizunean proposamen eta proiektu pilotu konkretuak martxan jartzeko oinarriak jarri nahi lituzkete. Zaintza lanen inguruan -osotasunean- jarriko dute arreta, baina nagusienen eta desgaitasunak dituztenen iraupen luzeko zaintzen antolaketan jarriko dute foku nagusia. Era berean, “sistema publiko-komunitarioaz ulertzen dugunaren inguruko haunsarketa eta definizioan sakondu nahiko genuke”, zehaztu du Carrizok. Azken finean, “zaintzen duen herri bat irudikatu” nahi dute, “Zumaiarako bide-orri bat marrazteko”.

Prozesuaren lehen fasean, herriko kolektibo eta langile desberdinen ekarpenak jaso dituzte. Entzute ariketa horretan jasotakoa txosten batean jasoko dute, eta urriaren 22ko jardunaldian aurkeztu eta landuko dituzte ateratako ondorio eta hausnarketak. Horrekin batera, zaintza lanen inguruko kontzientziazio ariketa egiteko asmoa agertu dute.

Proiektua garatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso dute, eta Zumaiako Udala proiektuaren zabalpenean laguntzaile ariko da. Maider Alberdi berdintasun zinegotziak esan duenez, zaintza sistema publiko-komunitarioaren ereduan sakontzeko beharra dago. "Eragile feministek halako lanketa abiatzea oso balioan jartzeko kontu bat da, eta bidelagun izango gaituzte", gehitu du.

'Bizitza duin eta bizigarriak' helmuga

Azken urteotan mugimendu feministak mahai-gaineratu duen bizitzak erdigunera lemaren atzean dagoen hausnarketari heldu nahi diotela azaldu du Maddi Altuna mugimendu feministako partaideak. Pandemia egoerak zaintzaren arloan dagoen krisia are agerikoagoa bihurtu duela ulertuta, “gatazka horri heltzeko momentu egokia” dela uste dute. 

"Zaintzaren gaiak guztiok zeharkatzen gaitu edo zeharkatuko gaitu bizitzako momenturen batean; guztiok gara -edo izango gara- zaintzaileak, eta guztiok beharko dugu zainduak izatea. Zaintzaren bi aspektu horiek kontutan hartuta, guztiontzat jasangarria izango den eredu bat asmatu eta praktikan jartzen hasi beharra daukagu, kapitalaren logika gainditu, eta, zaintzaileen zein zainduen bizitza duin eta bizigarriak bermatzea helburu izango duena", zehaztu du.

Prozesu kolektiboa

Prozesuaren baitan hiru lerro nagusi landu nahi dituzte: kolektibo desberdinetako kideen formakuntza eta hausnarketa, herrira eta herritarrei begirako sentsibilizazioa, eta herri mailako eztabaida sustatzea. Horrekin batera, prozesu guztiaren jarraipena eta sistematizazioa egingo dute, hurrengo urtetara begirako oinarrian eta pausoak zehazteko.

Aratz Zearreta Emakumeon* Etxeko dinamizatzaileak azaldu ditu orain artekoen nondik norakoak. Azken hiru-lau hilabeteotan taldekako elkarrizketak egin dituzte Zumaiako zenbait bizilagunekin: 65 urtetik gorako herritarrekin, zaintza arloko langileekin, gazte eremuan lanean ari direnekin, edota 45-65 urte bitarteko kolektiboarekin bildu dira, besteak beste. Gainera, Zumaiako zaintza-sistemaren funtzionamendua ezagutzea ahalbidetzen duten datuak eta informazioa batzeko lanetan aritu dira. Zentzu horretan, Zumaiako Udaleko gizarte zerbitzuetako arduradun tekniko eta politikoekin zein lehen mailako arretako langileekin ere bildu dira.

Lehen fase horretan jasotako ondorio guztiak txosten baten bilduko dituzte, eta urriaren 22ko jardunaldietan aurkeztuko dituzte ateratako ondorioak.

Urriaren 22an, egun osoko jardunaldia

Urriaren 22a formakuntzarako eta hausnarketarako baliatu nahi dute. Orain arte egindako jasoketari jarraipena emanez goizean zehar azken urtetan zaintzaren inguruan ikerketan eta lanean egon direnen esperientziak eta jakintzak jasotzeko aukera izango da.

Arratsaldean berriz, Zumaian egindako azterketa aurkeztu eta ariketa kolektibo bat egin nahi dute, ateratako ondorio horien gainean Zumaian zer nolako eredua sustatu nahi luketen hausnartzeko. Datozen asteotan emango dituzte jardunaldiaren inguruko xehetasun guztiak.

Albiste erlazionatuak