19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri'
Aurrekontu proposamen honek, besteak beste, Komentuaren ekipamendua osatzea, lorategia eraberritzea, Itzurunbideko igogailua eraikitzea, eta Moilaberriren eraberritzea aurreikusten ditu. Kudeaketa orekatua eta eraginkorra bermatzea du helburu, 'Zumaia inklusibo eta bizigarriagorako bidean pausoak emanez'.
Iñaki Ostoloza alkateak, Unai Larrañaga ogasun zinegotziak eta Argi Yeregi hirigintza zinegotziak 2025. urterako aurrekontu proposamena aurkeztu zuten atzo arratsaldean. 19,7 milioi eurokoa da proposamena, eta, alkatearen esanetan, orain arteko oinarrietan sakontzen jarraituko dute: gizarte zerbitzuak eta berdintasun arloa indartzen, eta herriko azpiegituretan hobekuntzak egiten, “herritarren egunerokoan eragingo duten proiektu eta zerbitzu estrategikoetan lanean”.
Proposamen hau egungo testuinguru ekonomiko konplexura egokituta dago, gastuen kontrol eta eraginkortasun handiagoa bermatuz. Azterketa eta ahalegin ekonomiko hori, ordea, oinarri sendoen gainean egin dutela adierazi dute: herritarren ongizatea eta baliabide publikoen kudeaketa arduratsua lehenesten dituzte. Zumaia inklusibo eta irisgarriago baterako bidean, EH Bilduren udal gobernua "udalerri osoa bizigarriagoa bihurtzeko apustuan irmo mantentzen da".
Inbertsio zikloari jarraipena: etorkizunari aurre hartzen dion Zumaia
Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan, azken urteotan, Zumaiako Udala "martxa bizian dabil, herria eta herritarrak etorkizunerako prestatuko dituzten aldaketa garrantzitsuak martxan jarriz". Epe ertain eta luzera begira, inbertsio eta obra estrategiko ugari ari dira gauzatzen, eta horrek Zumaia inklusiboago, irisgarriago eta bizigarriago bat eraikitzeko oinarriak sendotzen ditu.
Iñaki Ostolaza alkatearen hitzetan, “Udal gobernuaren helburua argia da: azpiegiturak hobetuz eta proiektu estrategikoak gauzatuz, Zumaiako herritarren bizi-kalitatean eragin zuzena izango duten eraldaketak bultzatzen jarraitzea. Aurrekontu honek orain arteko bidea indartzen du". Argi Yeregi hirigintza zinegotziaren esanetan, horiek guztiak "ez dira obra soilak". Izan ere, "espazio eta azpiegitura berriek ez dute herriaren itxura bakarrik aldatzen; herritarren eguneroko mugimenduak, ohiturak eta harremanak ere aldatzen dituzte. Espazio publikoak guztiontzat eskuragarriago eta erabilgarriago bihurtzen dira, elkargune berriak sortuz eta herriaren kohesioa indartuz". Udal gobernukideen esanetan eraldaketa horien helburua beti da herritarren bizitza hobetzea.
Bide horretan kokatzen dituzte 2025eko aurrekontuetan jasotako proiektu nagusiak:
Espazio eta eraikinak bermoldatzea:
- Komentuaren ekipamendua: 400.000 euro. Eraikinaren birgaitze lanak amaituta, areto nagusia ekipamendu teknologikoarekin ekipatuko da.
- Komentuko lorategia: 400.000 euro. Kultur Topagunea inguruatzen duen lorategia ere eraberrituko dute 2025ean zehar.
- Moilaberri eraikinaren eraberritzea: 850.000 euro. Eraikin historiko hau turismo bulego berria bihurtzeko lanak egingo dituzte. Turismo bulegoa Moilaberrira eramanda, Gaztelekua handitzeko aukerak aztertuko dituzte.
- Santiagoko hobekuntzak: 200.000 euro. Santiagoko arrapala azpiko hobekuntzak ere egingo dituzte, hondartzako baliabideak eta herritarrei zuzendutako zerbitzuak bertan kokatzeko.
2025ean zehar bestelako proiektuak ere egingo dituzte, momentuz aurrekontuetan txertatuta ez daudenak. Asmoa da apirilean proiektu horiei dagokien aurrekontua geraniketik gehitzea. Horien artean garrantzitsuenak dira Erkibeko lorategiaren eraberritzea eta skate parke berria.
Irisgarritasuna hobetzeko lanak:
- Itzurunbideko igogailua: Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotzeko igogailurako 675.000 euro inbertituko dira, herritarren mugikortasuna erraztuz.
-
Hobetze lanak bide publikoetan: kaleen egoera hobetzeko irisgarritasun lan txikiekin jarraituko du Udalak; mugikortasuna hobetzen jarraitzeko hobetze obrak ere egingo dituzte.
-
Estazioa berrurbanizatzeko lanak: Azken urteetan egindako lanei jarraipena emango diete, Estazio kaleko berrurbanizazioarekin jarraituz.
Gizarte zerbitzuen eta berdintasunaren aldeko bultzada
Espazio publikoen eta azpiegituren eraldaketak Zumaiako herritarrek eguneroko bizitzarako ezinbestekoak direla azpimarratuta, Udal Gobernuak badaki "hori ez dela nahikoa". “Herria ez da espaloiak konpontzen bakarrik hobetzen”. "Ikusten ez diren eremuetan ere eragin behar da, herritarren baldintza materialak hobetzeko; hala nola ekonomia, generoa edota zaintzarekin lotutako arloetan", esan du Iñaki Ostolaza alkateak.
Horiek horrela, aurtengo aurrekontuetan bide horretan sakontzeko hartutako neurrien berri eman dute:
- Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzea: Aurrekontua 500.000 eurotik 600.000 eurora igoko dute, zerbitzuaren erabilgarritasuna handitzeko eta kalitatea hobetzeko, eta bertan lan egiten duten langileen baldintzak hobetzeko.
- Esku-hartze psikosoziala: 241.000 euroko partida berean elkartu dira arlo horri dagozkion zerbitzu guztiak. Banan banan ematen ziren 5-6 zerbitzu bateratu dituzte, baliabideak optimizatu eta kalitatea hobetzeko, zein sinergiak bultzatzeko. Gainera, ordu gehiago eskaintzeko aukera aurreikusten da.
- Emakumeon* Etxeari baliabide gehiago, emakumeen ahaduntzean sakontzeko: Aurrekontua bikoiztuko da aurtengoan (45.000 eurotik 90.000 eurora), berdintasunaren aldeko ekimenak indartzeko eta emakumeen* partaidetza eta ahalduntzea bultzatzeko. Eredua arrakastatsua izan da.
- Zaintzaren inguruko lanketekin aurrera: Duela bi urte abiatutako lanketari segida emango diote hurrengo urtean ere. Zaintzaren inguruko hausnarketa sakon bat egiten ari da Udala herriko eragile askorekin, Prebentzio Mahaiaren barruan, eta, hurrengo urtean, zaintzarekin lotura duten herriko zenbait azpiegituraren inguruko laketari ekingo diote. Zaintza eta azpiegiturak batera aztertuko ditugu; eta horietan zerbitzu berriak txertatzeko aukera.
'Etorkizunari aurre hartzen dien aurrekontu sendoa'
Zumaiako Udalak aurrekontu “sendo” bat aurkeztu du 2025erako, kudeaketa publiko indartsu eta eraginkorra bermatuz. Aurrezki garbia 727.900 eurotik 875.000 eurora igotzea lortu dute, baina horretarako hainbat erabaki garrantzitsu hartu behar izan dituzte, kanpo zein barne faktoreak kontutan hartuta.
Unai Larrañaga ogasun zinegotziak aurrekontu proposamenaren gako ekonomiko nagusiak azaldu ditu:
- Gastuen igoerak eta kontratu handiak: Herriko kontratu nagusiak –kale garbiketa zerbitzua; etxez etxeko laguntza zerbitzua; kirol azpiegituretako zerbitzua; sorosle zerbitzua; eta, esku-hartze psikosozialekoa, besteak beste– berriro lizitatzeko prozesuan daude, eta horrek gastu arrunten igoera nabarmena ekarri du. Hitzarmen kolektibo berrien eta indarrean dagoen legeria betetzeko, kontratu horien kostua 400.000 eurotan igo behar izan da, langileen lan baldintzak eta segurtasuna bermatzeko. Hitzarmen eta legediak hala agintzen dute; "Udalarentzat lan egiten duten langileen lan baldintzak bermatu nahi ditugu, zuzenean zein zeharka bada ere", zehaztu du ogasun zinegotziak.
- Arau fiskalen eragina: Arau fiskalak berriro indarrean jarri dira –COVID-19aren pandemia tarteko, eta, udalei ekiteko gaitasuna edo malgutasuna uzteko helburuarekin, etenda egon dira orain arte–, eta horrek aurrekontu orekatuak aurkeztea derrigorrezkoa bihurtu du berriro. Gastuek ezin dituzte diru-sarrerak gainditu, eta horrek baliabideen erabilera eraginkorraren aldeko ahalegin berezia egin beharra ekarri du.
- Inflazioaren ondorioak: Pandemia ondorengo egoera ekonomiko konplexuak erronka handiak ekarri ditu: inflazio altua, zerbitzuen garestitzea eta obren gainkostuak (%40 artekoa). Hala ere, gastu igoera nabarmena izan arren, gastuei dagokien atala (2. kapitulua) iazkoa baino %1 txikiagoa da (100.000 euro txikiagoa), “oreka hori lortzeko barne-lanketa eta baliabideen optimizazio handia egin delako”.
- Foru Aldundiaren eragina: Gipuzkoako Foru Aldundiak udalerriei esleitzen dien FOFIN diru-partidan 300.000 euroko murrizketa izan da, Aldundiak mutualistei itzulketak egin behar izateagatik. Ez dira zenbaki definitiboak, baina zuhurtziaz jokatu dute. Gainera, kostako herrien sorosle zerbitzuaren ardura Aldundiaren esku uzteko eskaerak ez dira onartu, eta Udalak zerbitzu horren gastuak hartu behar izan ditu bere gain (260.000 eurotik 360.000 eurora igo da partida hau).
Ogasun zinegotziaren esantean aurrekontu hauek Zumaia egoera sendo batean uzten dute, “legealdiaren azken bi urteetan erronka berriei aurre egiteko prest”. Egoera ekonomiko egonkorrari eta kudeaketa arduratsuari esker, Zumaiak etorkizuneko erronkei aurre egiteko oinarri sendoak ezarri ditu.
Albiste erlazionatuak
Ogasuna
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Udalbatzak 2025erako aurrekontuak eztabaidatuko ditu osteguneko osoko bilkuran 2024/11/26
- Abenduaren 1etik 31ra bitartean eskatu beharko dira udal tasa eta zergetan aurreikusitako hobariak 2024/11/22
Hirigintza
Berdintasuna
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiako Udalaren adierazpena, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta 2024/11/25
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
Gizarte Zerbitzuak
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- Oroimena lantzeko tailerra, 'Tipi tapa' programa eta Itsasargia zerbitzua; Zumaiako adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko 2024/09/13
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04