[BIDEOA] Eskola kirola eraldatzen
Aurten, urte osorako emango dute izena haurrek, eta kirol modalitate konkretuak aukeratu beharrean, jarduera desberdinak egingo dituzte. Asteburu honetan abiatuko dituzte asteburuetako topaketak.
Ikasturte berriarekin batera eskola kirola aldaketaz beteta iritsi da. Hausnarketa luze bat eta gero, eta hainbat oinarri zehaztuta, 2021/2022 ikasturteko eskaintzan aldaketa batzuk txertatu ditu Eskola Kirolen batzordeak. Helburu nagusia da kirolaren bidez haurrak balio hezitzaileetan heztea.
Hala, aurten izen-ematea urte osokoa eta orokorra izango da, eta beraz, haurrek ez dituzte kirolak aukeratu beharko. Horren ordez, eskola kirolean izena emanda kirol asko probatzeko aukera izango dute. Bestalde, lehia bestelako moduan ulertzen eta praktikatzen hasteko, emaitzari garrantzia kenduko diote.
Aste barruan entrenamendu moduko saio orokorrak egingo dituzte -ez kirol konkretu bati lotutako entrenamenduak-, jolas eta ariketa fisiko desberdinen bidez. Asteburuetan, berriz, topaketak egingo dituzte eta kirol desberdinak probauko dituzte: mendizaletasuna, txirrindularitza, tenisa, piragua, pilota, jolas tradizionalak, igeriketa, patinak edota herri kirolak, besteak beste. Gainera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dekretuan zehazten denari jarraiki, kirol eskoletan izena emateko (futbol edo eskubaloi eskoletan, adibidez), haurrek nahitaez parte hartu beharko dute eskola kirolean. Modu honetan haurrak balio eta gaitasun ugaritan heztea da helburua.
Ikasturte honetan behintzat, pandemia egoerak behartuta, taldeak gela eta maila kontutan hartuta antolatuko dituzte. Zentzu horretan, eskola txikietako haurrak izan dira kaltetuenak, ezingo baitute Herri Eskolako haurrekin egin. Dena den, zailtasunak zailtasun, Oikian talde bat osatzea lortu dute eta han bertan egingo dute eskola kirola.
Eskola Kirolen batzordeak eskola kirola egiteko modu berria aztertuko dute uneoro, pixkanaka beharrezko aldaketak txertatzeko.
Hausnarketa prozesuaren emaitza
Urteak dira Eskola Kirolen batzordeak eskola kirola eraldatzeko beharra ikusten zuela. Bide hori egiten hasteko, zenbait erabaki hartzen hasi ziren, eta 2020an Gipuzkoako lehiaketara joateari uztea erabaki zuten, lehiari garrantzia kentzeko. 2020/2021 ikasturtean zehar Zumaiako Udala Herri Hezitzailean sarean sartu zen, eta beste herrietako esperientziak ezagututa, Zumaian ere hausnarketa sakon bati ekitea erabaki zuten.
Hala, Eskola Kirolen batzordeak eskola kirola berpertsatzeko prozesua abiatu zuen joan den martxoan. Zumaiako, Zestoako, Arroa Beheko, Aizarnako eta Aizarnazabalgo ikastetxeetako zuzendariek, guraso elkarteetako kideek, udal ordezkariek, eskola kiroleko koordinatzaile zein entrenatzaileek eta haurrek egin dute prozesua. Hala, pixkanaka, eskola kirola zein norabidetan jarri nahi den adostu dute eragile eta kolektibo guztien artean, galdetegien erantzunak abiapuntutzat hartuta.
Guztira 660 erantzun aztertu dituzte, eta zenbait ondoriotara iritsi dira: ikuspegi hezitzailea indartu behar zela, kirol modalitateak zabaldu nahi zirela, lehiari garrantzia kendu nahi zitzaiola eta monitoreen formazioa indartu nahi zela, besteak beste.
Era berean, hainbat helburu zehaztu dituzte. Haurraren garapen integrala bultzatu, baloreetan hezi (errespetua, elkarlana, ardura, ahalegina, konpromisoa, enpatia, laguntasuna, kooperazioa, gatazken konponketa eta eskuzabaltasuna), neska eta mutilen arteko parekidetasuna bultzatu, euskararen erabilera sustatu, gaitasun guztiak errespetatu, kirol ohitura osasungarriak barneratu, lehiakortasuna modu hezigarri batean kudeatu eta hezkuntza komunitatearen eragileen arteko komunikazioa indartu nahi dute Eskola Kirolen batzordea osatzen duten eragileek.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko oporretarako 2023/12/06
- Francoren 1936ko altxamendu faxistaren ondorioz hildako zumaiarrak omenduko dituzte abenduaren 16an 2023/12/06
- Banatu dituzte Julene Azpeitia ipuin lehiaketako 36. edizioko sariak 2023/12/01
- GAITU proiektua bultzatzeko deia egin du Zumaiako Udalak ere 2023/11/28
Hezkuntza
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko oporretarako 2023/12/06
- Haur, nerabe eta familiei zuzendutako udal baliabideen berri eman dute 2023/11/15
- Ludotekako izen-ematea zabalik, urriak 3 arte 2023/09/25
- Ludotekako ikasturte hasierako guraso bilera egingo da ostegunean 2023/09/18
Haurrak
Herri hezitzailea
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko oporretarako 2023/12/06
- Eskola-kiroleko denboraldi berria hastear da 2023/10/06
- Haur zein helduei zuzendutako antzerki sortarekin iritsi da udazkena Aita Mari aretora 2023/10/02
- Ludotekako izen-ematea zabalik, urriak 3 arte 2023/09/25
Kirolak
- Behobia-Donostia lasterketara joateko autobusa antolatu du Udalak 2023/11/03
- Zabalik dago Zumaiako goi-mailako kirolariei eta behar bereziak dituzten herritarrei zuzendutako dirulaguntza deialdia 2023/10/16
- Zumaiako Udalaren esker mezua Flysch Trail lasterketa posible egin duten guztiei 2023/10/10
- Eskola-kiroleko denboraldi berria hastear da 2023/10/06