[Bideoa] Oikiako eskola berria inauguratu dute

2020/01/27

Ibilbide luzearen ostean, Oikiako ikasle eta irakasleek eskola berrian hasi zuten urtea. Inaugurazio ekitaldian herritar eta ordezkari ugarik hartu zuten parte.

Larunbatean inauguratu zuten Oikiako eskola txiki berria. Hezkuntza komunitate osoak parte hartu zuen hezkuntzaren aldeko festan. Zumaiako Udaleko ordezkariak ere bertan izan ziren, tartean Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta Arritxu Iribar zinegotzia. Ekitaldian izan ziren Oier Korta, Iñaki Agirrezabalga eta Maria Eugenia Arrizabalaga ere, Zumaiako aurreko alkateak.

Itziar Garciarena Oikiako eskolako zuzendariak eskerrak eman zizkien “ibilaldi luze honetan, era batean edo bestean” lagun izan dituzten guztiei; “Eskerrik asko irakasleei eta ondoren proiektu horri jarraipena eman zioten gurasoei; Kolarre guraso elkarteari, beti laguntzeko prest daudenei; Zumaiako Udalari, brigadako kideei eta gainerako langileei, beti gure eskura behar diren baliabideak jartzeagatik, batez ere Josune Herrarte Hezkuntza eta Euskara teknikariari". Era berean, inaugurazio egunaren antolaketan egindako lana eskertu zuen Garciarenak.

Ikusi bideoa albistearen amaieran

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak Oikiako eskola berria egin ahal izateko izan diren zailtasunak aipatu zituen. Gainera, hezkuntzak herria bizirik mantentzean duen garrantzian egin zuen azpimarra: "Eskolak, hezkuntzak, egiten du herri bat. Eta gehienbat, kalitatezko hezkuntza publikoak ematen dio bizitza herriari, eta Oikiako eskola bizirik dagoen artean auzoa ere halaxe egongo da, eta Oikiak iraungo du”.

Solairu bakarreko eraikina du Oikiako Eskola Txikiak. 733 metro koadroko azalera du eta bost gelatan banatuta dago: 2 urtekoen gela, erabilera anitzeko gela, talde txikien gela eta beste bi gela. Gainera, liburutegia, jangela eta estalitako eremu bat ere baditu eskola berriak.

“Ibilbide luzea”

Urteak igaro dira Oikiako eskola berriaren ibilbidea abiatu zutela. Hainbat legealdiren ostean, izapide eta eragozpenak tarteko, Udalak 2015ean lortu zuen eraikinerako bideratutako lursaila bere izenean jartzea. 2017an lortu zuten eskola berria eraikitzeko Eusko Jaurlaritzaren inbertsioa. 2018an hasi zituzten obrak, eta urtebeteren ostean, Oikiak eskola berria du.

Hitza hartu zuten kide guztiek nabarmendu zituzten bidearen zailtasunak. Bide horretan, ezinbestekoa izan da Oikiako Eskola Txikiaren, Zumaiako Udalaren eta Guraso Elkartearen arteko elkarlana.

Feli Uriari omenaldia

Feli Uria urte luzez izan zen Oikiako eskolako irakasle eta zuzendaria. Hezkuntza komunitate osoak egindako lana aitortu nahi izan zion eskola berriaren inaugurazioan, “une zailenetan ere borrokatzeagatik”. Uriak “hezkuntzan eta herrigintzan” egindako lana nabarmendu zuen Unai Gijarrok, Kolarre guraso elkartearen izenean; "gurasoekin batera gure eskola defendatu zenuen, itxieraren mamua erabat uxatu arte. Garaiak aldatu egin dira, eta gaur hemen dugun eskola berria egindako lanaren emaitza da. Ezin ahaztu egun honetan zutaz Feli, besteak beste zuk egindako lanari esker hemen ikasiko baitute Oikiako haurrek. Eskerrik asko guztiagatik, Feli".