Boluntario gazteak behar ditu Udalak, haurrekin euskaraz aritzeko

2020/05/06
Egoera berezi honetan zenbait haurrek euskararekin ia harremanik ez dutela kontutan hartuta, haur eta gazteen arteko bideo-deiak sustatu nahi ditu Udalak. Horretarako, 18 eta 30 urte bitarteko boluntario gazteak behar dituzte, astean bi aldiz 6 eta 12 urte bitarteko haurrei euskara errefortzua eskaintzeko.

Zumaia herri euskalduna izanik ere, etxe askotan euskara ez da hizkuntza nagusia. Euskara Sailak adierazi duenez, "eguneroko bizimoduan eskolan, lagun artean eta aisialdiko jardueretan euskaraz bizitzeko aukera dute haur horiek, eta horrela, poliki-poliki, kasu askotan ia oharkabean, gure hizkuntzaren jabe egiten dira".

Bizi dugun egoera berezi honen aurrean, ordea, zenbait haur euskararekin ia inolako harremanik izan gabe daude martxoaren erdi aldetik. Egoera luzatu daitekeela aurreikusita eta eskolak oraingoz irekiko ez dituztela kontutan hartuta, Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak boluntarioen bidez gauzatuko litzatekeen ekimena jarri nahi du martxan, EBETE hizkuntza zerbitzuarekin elkarlanean.

Ekimen hau aurrera eramateko boluntario gazteak behar ditu Udalak, gutxi gorabehera 18 eta 30 urte artekoak. Boluntario bakoitzak hartu beharreko konpromisoa hauxe da: astean bi aldiz, 45 minutuko saio bat gidatzea hiru haurrekin (6-12 urte bitarteko haurrak izango dira eta adinaren arabera egingo dira taldeak).

Bost astetan zehar egingo dituzte saioak, eta 45 minutu horietan online elkarrizketa bat eduki beharko dute haurrekin, horiek euskara entzun eta hitz egiteko aukera izan dezaten.

Boluntarioak ez dira bakarrik egongo, ordea. EBETEren prestakuntza saio txiki bat eskainiko zaie boluntarioei, eta aurkezpenetarako gidak, elkarrizketetarako gaiak zein ahoz egiteko hizkuntza jolasak eta materiala emango dizkiete. Taldeen jarraipena egingo du EBETEk eta zalantzak argitu eta zailtasunei aurre egiten laguntzeko egongo da prozesu osoan.

Boluntario modura izena eman nahi duenak hemen egin beharko du, maiatzaren 14a baino lehen:

https://labur.eus/ZumaiaEuskaraz